NAIZ
DONOSTIA

Euskarazko lehen kalkulagailu zientifikoa aurkeztu dute

Lakuak eta Casio enpresak euskarazko lehenengo kalkulagailua aurkeztu dute. Multinazional japoniarrak ekimen berritzaileen garapenean emandako «urrats garrantzitsu bat» da, kasu honetan, Euskal Herrian, teknologien bidez eleaniztasuna sustatzen jarraitzeko xedea duena, gaur egun, bizitza akademikoan zehar, irakasleentzat nahiz ikasleentzat ezinbestekoa den tresna baten bidez.

Euskarazko lehen kalkulagailu zientifikoaren aurkezpena, Donostian. (IREKIA)
Euskarazko lehen kalkulagailu zientifikoaren aurkezpena, Donostian. (IREKIA)

Kalkulagailua aurkezteko ekitaldian parte hartu dute Lakuako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aldetik, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Begoña Garamendi Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariak, eta, Casio enpresaren aldetik, Koichi Danjo eta François Vilaprinyo Casioko zuzendaritza nagusiaren ordezkariek eta enpresa horretako hezkuntza koordinatzailea den Daniel Vilak.

Modu honetan, aurrerantzean aukera izango da ClassWiz kalkulagailua euskaraz ere erabiltzeko. Irakaslekin batera garatu den kalkulagailua Espainiako eta Portugaleko gobernuek ezarritako eskola curriculumetara egokituta dago eta bereizmen handiko pantaila du hizkuntza aukeratu ahal izateko.

ClassWiz familiak hainbat modelo ditu, eta egungo kalkulagailu zientifikoen bilakaera zuzenaren emaitza da. FX-82ESPlus delakoari dagokionez, orain ClassWiz 82SPX IBERIA bihurtu da.

ClassWiz serieko kalkulagailuekin ikasleek kalkulu orri baten oinarrizko funtzioekin praktikatu ahalko dute ikasgelan, ordenagailu baten beharrik gabe. Horien artean dira, besteak beste, batuketak egitea, biderketak, batezbesteko balioak eta maximoa eta minimoa zehaztea, baita Riemannen integralaren batuketak eta errepikapenak eta abar kalkulatzea ere.

ClassWiz serieko gailuek grafikoak ikusteko aukera ere ematen dute, Interneterako sarbidea duen smartphone edo tableta baten bidez. Dagokion botoia sakatuta, ClassWiz-ek QR kode bat sortzen du smartphonearekin edo tabletarekin irakurtzeko. Edukia automatikoki bidaliko da Casioren webgune batera eta grafikoak, taulak eta diagramak ikusteko aukera izango da.

«IKTak ez dira arrotzak euskararentzat»

Patxi Baztarrikaren hitzetan, «IKTak [Informazio eta Komunikazio Teknologiak] ez dira arrotzak euskararentzat, ezta euskara IKTentzat ere», eta euskara bizi den eremuetako bat IKTena dela azpimarratu du. «Euskararen habitataren osagaia dira IKTak», gaineratu du.

Ildo honetan, Interneten erabiltzen diren munduko hizkuntzen %5en artean euskara dagoela eta Twitterreko 33 hizkuntzetako bat dela nabarmendu du. Gainera, Wikipediako 292 hizkuntzetako bat dela eta 245.841 artikulu daudelala euskaraz jakinarazi du, hau da, «Europako Batasuneko hainbat hizkuntza ofizialetan baino artikulu gehiago», 31.a baita euskara, Wikipediako hizkuntzen artean.

«Eta orain, baita Casiorren ClasWiz kalkulagailuak ere badaki euskaraz. Euskarazko lehen kalkulagailu zientifikoa da, eta euskaraz dakar, baita ere, jarraibideen eskuliburua», azaldu du.

Teknologia

Bestalde, Casioko ordezkariek adierazi dute, alderdi teknikoari erreparatuta, ClassWiz seriea aurreko eskolako kalkulagailuen gainetik dagoela. FX-ESPlus seriearekin alderatuta, prozesadorea lau aldiz azkarragoa da, eta barne memoriak edukiera bikoitza du. Kalkulatzeko gaitasun handiari esker, ClassWiz modeloek matematiken munduan are gehiago sakontzeko aukera eskaintzen dute, lau ezezaguneko ekuazio sistemak askatzeko edo estatistika datu gehiagorekin lan egiteko gaitasuna baitute.

Nabarmendu duten aldeetako bat da ESPlus seriearekin gertatu bezala, irakasleek software emuladorea eskura izan ahalko dutela beren lanean laguntzeko; hala, kalkulagailu birtuala PCan edo arbel digital interaktiboetan ikusi ahalko dute eta bertan eragiketak egin.Era berean, erabilgarria izango da dokumentuak eta bestelako hezkuntza-materialak sortzeko.

Ekimen hau osatzeko, Casiok webgunea ere euskaratu du: http://wes.casio.com