NAIZ
DONOSTIA

Ireki, langileriak preso eta iheslarien etxeratzearen alde egiteko ekimena abiatu dute

Ireki ekimena aurkeztu dute larunbat honetan Euskal Herrian zeharreko hamarnaka langilek, euren esparruan euskal preso eta iheslarien etxeratzea bultzatu asmoz. Bide horretan, «inoiz Euskal Herrian egin den sinadura bilketa handiena» abiatuko dute, ekainaren 17a bitarte 150.000 biltzea xede duena.

Ireki ekimena bultzatu duten kideak, sinadura bilketa aurkezten. (Ireki)
Ireki ekimena bultzatu duten kideak, sinadura bilketa aurkezten. (Ireki)

Euskal Herriko txoko guztietako langileek bat egin dute larunbat goiz honetan Donostian, kezka partekatu batek eraginda: azken urteotan langile mugimenduan preso eta iheslarien afera «nahiko ahazturik» egon dela.

Iragan urtarrilaren 9an Baiona eta Bilbon ospatu manifestazioen ostean hasi ziren gogoetan gaur hedabideen aurrean agertu diren langileak, eta geroztik lan mundutik preso eta iheslarien etxeratze dinamikan ekarpenen bat egiteko ideia mamitzen ibili dira.

Bi arrazoi aipatu dituzte, batez ere, langile mundutik preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko dinamika bat abiatzeko: «logikoa» deitzen diotena eta gatazka armatuaren konponbidearekin zerikusia duena eta «langile arrazoia» bestetik, aldaketak eragite bidean langileriaren bultzada erabakigarria dela jakitun.

Ireki ekimenak, beraz, esparru honetan langileen atxikimendua lortu eta indarrak biltzeko hautua egingo du. Horretarako, «inoiz Euskal Herrian egin den sinadura bilketa handiena» abiatuko dute, 150.000 erdiestea xede. Indarrak lantokietan jarriko badituzte ere, ireki@ireki.eus helbidea aktibatu dute eurekin harremanetan jarri nahi duen ororentzat.

Behin sinadurak lortuta, hauek preso eta iheslarien arloan lanean diharduten eragileen esku utziko dituzte, baita euskal sindikatuen esku ere.

Otsaila aldera, beste agerraldi baten bidez, ordura arte lortutako sinaduren berri emango dute eta ekimenaren amaiera, berriz, ekainaren 17an kokatu dute. Orduan emango dituzte lortutako sinaduren behin betiko emaitzak.