NAIZ
DONOSTIA

Hilaren 26rako manifestazioa deitu du GuraSOSek, «osasuna eta adostasuna» aldarrikatzeko

Hondakinen aferari irtenbidea emateko bide-orria aurkeztu du GuraSOS plataformak, arduradun politiko, aditu eta herritarren parte-hartzea aurreikusten duena. Gai hau «liskarraren eremutik» ateratzeko beharra nabarmendu eta arazoari «irtenbide partekatua» eman behar zaiola aldarrikatu dute. Bide-orri hori babesteko manifestazioa egingo dute hilaren 26an, Donostian, «Gipuzkoa +: Eman bidea osasuna eta adostasunari» lelopean.

Bide-orria aurkezteaz gain, hilaren 26ko manifestaziorako deia egin du GuraSOS ekimenak. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Bide-orria aurkezteaz gain, hilaren 26ko manifestaziorako deia egin du GuraSOS ekimenak. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Hondakinen kudeaketaren aferaren irtenbidea «ezin da arlo politikora mugatu» eta «partekatua» izan behar da, GuraSOS ekimenak nabarmendu duenez. Zentzu horretan, hondakinen arazoa «liskarraren eremutik» atera eta bideratzeko proposamena planteatu du plataformak, arduradun politiko, aditu eta herritarren parte-hartzea aurreikusten duena.

Zortzi puntuk osatzen dute bide-orri hori, hala nola, hondakinden kudeaketarako azpiegituren lizitazio eta kontratazio prozesuak «geldiaraztea»; osasun publikoan eta hondakinen kudeaketan aditu eta teknikari direnekin Aldundian mahai teknikoa osatzea; partaidetza bidezko hausnarketa prozesua; edo osasun publikoari eta ingurumenari berme gehien eskaintzen dizkion irtenbidearen bila aritue ta era berean gizarte kohesioaren aldetik maila gorenak lor ditzakeena.

Plataformaren ustez, «ez da inposiziorako garaia» eta azpimarratu dute Gipuzkoarentzako zein osasunerako «onena» nahi dutela.

Manifestazioa, hilaren 26an

Ildo horretan, azaroaren 26rako deitu duen manifestazioan parte hartzeko gonbitea egin du GuraSOSek. «Gipuzkoa +: Eman bidea osasuna eta adostasunari» lelopean egingo da mobilizazioa, arratsaldeko 17.00etan Donostiako Amara parketik atera eta Alderdi Ederren bukatuko dena.

«Mobilizazio honen helburua GuraSOSen bide-orria babestu, erraustegiaren lizitazioa gelditzeko eskatu eta gai honen inguruan adostasuna lortzeko oraindik garaiz gaudela aldarrikatzea da», nabarmendu dute.

Gorka Otxoa aktoreak bat egin du deialdiarekin