PuntuEUS fundazioak euskarazko url laburtzailea eta domeinuen kontsultarako tresna garatu ditu

Interneterako bi zerbitzu berri garatu ditu PuntuEUS fundazioak. Alde batetik, labur.eus, euskarazko url laburtzailea, eta bestetik, whois.eus, domeinuen kontsultarako tresna. Era berean, bihar, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, eskaintza berezia egingo du, domeinua 9,95 euroan eskuratzeko aukera eskainiz.

NAIZ|2016/12/02 10:16|0 iruzkin
Loreaarakistain_josuwalino_iratxeesnaola
puntuEUS fundazioko lan taldea: Lorea Arakistain Aizpiri, Josu Waliño Pizarro eta Iratxe Esnaola Arribillaga. (puntuEUS)

Bihar, abenduak 3, ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna eta PuntuEUS fundazioak bi urte beteko ditu. Honekin batera, bi zerbitzu berri iragarri ditu. Biak ala biak kode irekian garatu dira, nahi duen orok eskuragarri izan dezan.

Labur.eus zerbitzua estekak laburtzeko euskarazko zerbitzua izango da. «Url luzeak helbide motz eta erraz bihurtzea» du helburu, ohar baten bidez azaldu dutenez. «Tresna honi esker helbide zail eta luzeak gogorarazteko erraz bihurtzen ditu. Gainera, erabiltzaileak sortutako url laburren historia kontsultatzeko aukera eskaintzen du».

Bestetik, whois.eus-ek webgune edo domeinuei buruzko informazioa eskuratzeko aukera emanen du. «Webgunea aitzindaria da kontsulten bidez eskuratutako informazioa modu egituratu batean bistaratzen», gehitu dute.

.EUS domeinua jaio zenetik, 6.100 enpresa, erakunde eta norbanakok erregistratu dituzte haien webguneak domeinu honekin. Eta biharko egunari begira, eskaintza berezia iragarri dute, domeinua 9,95 eurotan eskuratzeko aukera eskainiz.