Sakonean
Triatloia gazteentzat

Triatloia eta umeak. Bi hitz itxura batean kontrajarriak, ez baititugu imajinatzen adin txikikoak kirol hirukoitz gogor hori praktikatzen. Baina pixka bat sakonduz gero, ikusten da triatloiaren klixea –Iron Man, alegia– ez datorrela bat errealitatearekin, eta umeentzako gozamen hutsa izan litekeela korrika egitea, igeri egitea eta bizikletan ibiltzea, beti ere poliki poliki hasiz gero eta irakaske egokiak bidelagun izanda. Nik Tri proiektua bertatik bertara ezagutu du NAIZek Donostian, eta ziurta dezakegu algara batean eman dutela goiza neska mutiko triatloilari hauek.

Gotzon ARANBURU|DONOSTIA|2017/04/14 09:20
Triatloia
Nik Tri eskolaren saioa, Kontxako hondartzan. (Gotzon ARANBURU)

Lurpeko mundu bat dago Kontxako Pasealekuaren azpian. Hegalak klubaren instalazioak lurpean daude, eta eskailera batetik igota azaldu dira egun argitara Nik Tri eskolaren saioan parte hartuko duten zortzi umeak eta bi monitoreak, Maddi Etxeberria eta Ibon Aranguren, kirola egiteko jantzita. Ez igeri egiteko eta ez bizikletan ibiltzeko, korrika egiteko baizik, nahiz eta eskuetan bakoitzak bere kaskoak dakarren. 9-14 urte artekoak dira neska-mutiko hauek, hau da, Nik Tri proiektuko gazteenen taldekoak.

Hasteko, luzaketak, Ibonen aginduetara, badiako «marko konparaezinari» begira. Dena euskaraz ari da monitorea, baita hika ere tarteka. Izan ere, hauxe da Nik Tri egitasmoaren ezaugarrietako bat, euskara dela hemen «laneko» hizkuntza. Kirola elkartasunean, lagun giroan eta euskaraz egitea, hauexek lirateke Arazi Ideiak Borobiltzen zarauztarrak eta Fitgune gasteiztarrak martxan jarritako proiektuaren ezaugarriak. Jakina, nork bere burua hobetzeko grina izatea ere beharrezkoa da, kirolaz ari gara eta azken batean. Ahalegina eta diziplina eskatzen du horrek, baina ez pentsa manu militari ezartzen direnik; alderantziz, txantxak dira nagusi gaztetxoen eta irakasleen artean.

«9 eta 14 urte arteko neska mutikoen bizitzan kirola sartzea da helburua, baina ez lehia. Zer kirol? Bada triatloia. Igandeetan egiten ditugu saioak, bi ordu irauten dutenak, eta jakina, denbora horretan ezin ditugu lasterketa, igeriketa eta bizikleta konbinatu. Beraz, saio bakoitzean modalitate bat praktikatzen dugu» diosku Maddi Etxeberriak. Gaurkoan korrikaren txanda da, eta hor abiatu dira monitoreak eta ikasleak Londres Hotelaren paretik Haizearen Orrazirantz, lasterka, dagoeneko ugariak diren turisten artean bidea irekiz. Berehala dira berriro abiapuntuan.

Trantsizioa, garrantzitsua

Orain trantsizioak praktikatzeko tenorea da. Izan ere, triatloian oso garrantzitsua da modalitate batetik besterako trantsizioa ondo egitea, eta ez bakarrik azkar egitea. Gaurko zortzikoteari hori ulertarazi nahi diote Maddik eta Ibonek, alegia, korrika egin eta gero bizikletarako kaskoa ondo lotu behar dela buruan, operazio horretan segundo batzuk irabazteagatik ezin dela norberaren segurtasuna jokoan jarri. Neska-mutikoak binaka abiatzen dira korrika, elkarren artean berrogei bat metroko tartea utzita, eta erdiko puntura iritsitakoan kaskoa janzten dute, berriro abiapuntura itzultzeko lasterka. Askotan zuzendu beharreko operazioa da trantsizioa, umeek presaka egiten baitute, eta monitoreek, zorrotz, ez diete abiatzen uzten kaskoa ondo jarrita daukatela egiaztatu arte.



Oier Irazusta donostiarra da etorkizuneko triatloilari hauetako bat. Mutil prestua hauxe, bai kirolerako eta bai kazetariarekin hitz egiteko. Aita du triatloilaria eta berak ere horixe izan nahi ba: «Umeentzako triatloi ekimenak bilatzen aritu ginen eta hauxe aurkitu genuen onena. Badaramatzat hiruzpalau urte lasterketa guztietara joaten, eta udalekuetan ere ematen dut izena. Horrela ibiltzen gara». Modalitate gustukoenaz galdetuta, ez du zalantzarik; bizikleta. Igeriketan ez dela ondo moldatzen dio, eta korrika eta bizikleta intentsoak direlako gustatzen zaizkiola, baina txirrindularitza ez zaiola lasterketa bezain nekosoa gertatzen.

Goiza pasa ahala eguraldiak hobera egin du Donostian, eta Nik Tri taldeak hondartzara jaistea erabaki du, lanean segitzeko. Aurreneko ariketa pasealeku azpiko galerian egin dute. Lurrean eseri dira neska-mutikoak, elkarri bizkarra emanda eta eskuak buruan. Monitoreak agindutakoan, ziztu bizian altxatu eta saltoka saioa egiten dute. Ondoren hondarretara joan dira, uraren ertzeraino, eta hor ere korrika ibili dira, Kontxaren mutur batetik besteraino. Elkarren gainera jauzi egin eta beso eta hanka pilaketa osatu da, denak barrez eta Maddi selfie-ak ateratzen mugikorrarekin.

Erdi bana daude neskak eta mutilak gaurkoan. Kattalin Garro aurretik beste kirol batean aritutakoa da, saskibaloian hain zuzen ere, eta hura utzi zuenean alternatiba bila hasi zen gurasoekin. Orioko Txurrukan egindako udaleku baten topatu zuten Nik Tri duela bi urte, eta ordudanik ez dauka saltzeko. «Talde polita osatu dugu, jende jatorra gara eta ondo pasatzen dugu» esan digu. Modalitate batekin geratzekotan, Kattalinek igeriketa aukeratu du.

Ez da inongo baldintzarik eskatzen Nik Triken izena emateko, nola ez den adina. Maddik ondo daki triatloiaren irudia kirol gogorrarena dela, gorputzari tratu latza ematen diotela kirolari hauek, baina garbi utzi nahi du Nik Tri gaztetxoentzako ekimena dela eta helburua lagun giroan kirola egitea dela, triatloia «ikasiz». Denbora dezente darama dagoeneko irakasle eta izan du aukera ikusteko kirol hau probatzen duten gaztetxoek disfrutatu egin dutela, bai triatloiarekin eta bai taldean sortzen den giroarekin. Are gehiago, ohikoa da igandeetako ikastaroan parte hartzen dutenak udalekuetara ere apuntatzea, ondo pasatzen duten seinale.

Ikastaroak eta udalekuak

Igandeetako saioez gain, Pazko astean egunero hiru orduko ikastaroak ematen ditu Nik Trik, Donostian, egunero modalitateak txandakatuz. Udalekuak ere eskaintzen dituzte; aipatutako Txurrukakoa (16 urte artekoek eman dezakete izena kasu honetan) edo Nafarroako Arotz Eneakoa, esate baterako. Astebeteko egonaldiak dira, lo bertan eginez. Arabara eta Bizkaira ere jauzi egiteko asmoa badute etorkizun hurbilean. Kasu guztietan (igandeetako saioak, Pazko astea eta udalekuak) ikastaroak triatloi txiki bat jokatuta bukatzen dituzte, ikasi dutena praktikan jarri dezaten neska-mutikoek.