NAIZ
GASTEIZ

Gasteizko Porno Eskola itxi egin dute, talde erlijioso batek salaketa jartzearekin mehatxatu ostean

Hilabete inguru iraun du Gasteizko Porno Eskola proiektuak, guraso talde erlijioso batek salaketa jartzeko mehatxua egin ostean ixteko erabakia hartu dute-eta. Pornografiari buruzko gida praktiko batzuen bitartez, heziketa sexualean sakontzea zuten helburu.

«Zoritxarrez, erlijioak egun duen indarra oso handia da oraindik. Haserre gaude, irabazi dutelako, baina irabazi dute, nahiz eta guk jakin arrazoia gurea dela», adierazi dute Porno Eskolako arduradunek Hala Bedik argitaratutako oharrean.

Guraso talde erlijioso batek mehatxatu ditu: «Oso harro amaitu dugu gure ibilbidea. Are gehiago, gure helburua, hein handi batean, lortu dugu: hezkuntza sexuala lehen lerroan jartzea». Hala ere, eskolek hezkuntza sexualaren inguruko interes eza kritikatu dute.

Gasteizen urriaren amaieran martxan jarri zuten egitasmo berria hau. Heziketa sexualean sakontzea helburu, pornografiari buruzko gida didaktikoak argitaratu dituzte. Nerabeek interneten aurki dezaketen informazioa kritikoki eta etikoki erabili dezaten, Porno Eskolak heziketa sexualaren gaineko hezkuntza eskaini nahi die gazteei.

Gaur egun nerabeek sexualitatearekin eta sexuarekin duten lehenengo harremana pornoarekin egiten dutela deritzote Porno Eskolako sustatzaileek. Internetek material hori eskuratzeko eskaintzen dien erraztasunak baina, alde positiboa eta zein negatiboak ditu eta horregatik, garrantzitsua deritzote eduki horien artean eduki pedagogikoak bereizten jakitea.

Agurrean, eskerrak eman nahi izan dizkiote proiektua bultzatu duen pertsona orori.