GARA
ELIZONDO

Elizondon dago Nafarroako txapela, nork jantziko zain

Otsailaren 7an Iruñean hasitako Nafarroako Bertsolari Txapelketak gaur izango du azken saioa Elizondon. Zortzi bertsolari oholtza gainean nor baino nor, txapela eskuratzeko lehian.

Otsailaren 7an abiatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa, orain arteko parte hartzaileena. 33 bertsolari izan dira lehian orotara; abenduan lehen aldiz aurrekanporaketa fasea egin behar izan zuten. Otsailaren 7tik martxoaren 15era bitarte bost final laurden eta hiru finalaurreko jokatu dira. Azkenean, baina, zortzi bertsolarik bakarrik eskuratu ahal izan dute gaur Elizondon (17.00) jokatuko den finalerako txartela. Horratx zerrenda: Julio Soto, Xabier Terreros, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Oskar Estanga eta Julen Zelaieta.

2015eko finalista guztiak aurretik finalean egondako bertsolariak dira eta txapeldun izandako bi bertsolari daude tartean; Julio Soto (2010ean eta 2011n txapeldun) eta Julen Zelaieta (2008). Horrela, Zelaietak bederatzigarren finala izango du aurtengoa, Xabier Terrerosek laugarrena, Julio Sotok zazpigarrena, Eneko Lazkozek laugarrena, Oskar Estangak seigarrena, eta Ander Fuentesek, Eneko Fernandezek eta Aimar Karrikak bigarren finala jokatuko dute gaurkoa.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken bi edizioetako finalak Iruñean jokatu baziren ere, aurten Elizondora itzuliko da. Egun, txapelketako final bat Nafarroako hiriburuan egiteko babes nahikorik ez duela adierazi du elkarteak eta bereziki egoera ekonomikoak bultzatuta gauzatu da aldaketa. «Azken urteetan bertsolaritzaren transmisioan eta indartzean lan handia egin da Baztanen eta final gogoangarriak jokatu dira Elizondon. 2015eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalarekin, beraz, beste urrats bat egin nahi da bertsolaritzaren sustapenean», nabarmendu dute.

Finalerako sarrera hemezortzi eurokoa da; hamabi eurokoa, Bertsozale Elkarteko bazkide eta 16 urtetik beherakoentzat. Sarrerak aldez aurretik Bertsosarrerak.eus web orrialdean edo salmenta puntuetan lor daitezke Elizondon (Fantxike eta Intza), Iruñean (Karrikiri), Lesakan (okindegia), Leitzan (Maimur), Lekunberrin (Lanbroa) eta Etxarri Aranatzen (Xapatero). Lehiatila 15.00etan zabalduko da.