Inurritegiko martxatik jasotakoa
Transmisioa. Euskalgintza modernoaren gai handienetakoa gutxienez azken bost hamarraldietan. Galderak mahai gainean dira. Ondo egin al da bidea? Hala jarraitu behar da? Edo haustea hobe? Zer transmititu? Erantzunen bilaketak lan eskerga beharko du.

«Orain berrogeita hamar bat urte inurritegi bat martxan jarri zen», Jon Sarasuaren lehenengo gogoeta. 20-25 urte lehenago, norbaitek ura bota zuen inurritegi gainera eta lan mekanismoak abian jarri zituen. Ikastolen sorrera, euskara batuaren afera... Martxa horren adarretako bat izango da transmisioa piztea. Gerra aurreko txinpartak bizirik geratu ziren eta horrek jarraipena izan zuen gerora. Ikastola batzuetan sortutako bertso eskolak, Xabier Amuriza... Bertsolaritzaren garai modernoa. «Ibilbide horren zordun gara», bota du Sarasuak bigarrena Udako Ikastaroetan.
Kultur fluxu erraldoien eramaile bagarela defendatu du, gizaki garen heinean, baina protagonismorako joera areagotu dela ohartaraziz, «kultura nartzisista», «supermodernitatearen ‘ni’-a». Hartara, euskal hiztun komunitatea zein puntutan dagoen aztertzearen alde da eta bertsolaritza bera testuinguru zabalago batean kokatzea begi onez ikusi du.
Ahalegin antolatua
«Bertso mundukoak 30-40 bat urteko transmisio ahalegin kontziente eta adimentsu baten ondorio gara. Beharbada azken hamarraldi honetan transmisio are adimentsuago baten eragile izaten ari zarete/gara», egin du laugarrena. Hiru adarretan banatu du gero hogeita hamar urtetako «ahalegin antolatua»: transmisioa, sustapena eta jakintza. «Bertsozale Elkartea sortu zutenen intuizio nagusia».
Transmisioa hezkuntza arautuan eta ez arautuan izan bada ere, hortik harago doan zerbait dela iritzi dio. «Ondo egin dugu? Egin dugu ahal izan duguna eta gustura egoteko moduan bagaude». Baina, hobetze aldera, galdera gehiago mahai gainera. Bertso eskolei zuzenduta. Bat. «Bertso eskolek akademiatik dutena bihur dezakegu pixka bat tailerrago?». Eta bi. «Tailer horietan bat-bateko kantua baino zabalagoa den kultur fluxua transmititu daiteke?».
Botako du beste bat. «Komunitateak bere jenio artistiko plural txikia jarri behar badu libertimenduaren eta ospakizunaren zerbitzuan, hori egiteak eskatzen dituen soka guztiak nola landu?». Musikaz ari da, bertsoa musika den heinean; arte eszenikoez ari da, bertsoa «antzerki» den neurrian; inprobisazioaz, ospakizun komunitarioen birpentsatzeaz... Eta soka horien guztien mutur bana aske utzi eta elkar lotzeaz, eta hori guztia bertso eskoletara eramateaz. «Bertso mugimendu bezala zer ikas dezakegu kulturgintza zabalagoaren bideetatik?».
Bizipen pertsonaletik; «duela 50 urteko inurritegi hartako semea naiz, onerako eta txarrerako». Afizioen errepasoa egin du; euskal dantzak, pilota, kantutegia, bertsolaritza. «Transmisio lodi baten emaitza gara. Txirritak idatzitako asko ere buruz dakigu». Nola gerta? Familia, eskola arautua, eskola ez arautua eta gizarte jarduna transmisore.
«Euskaldunek irabazi behar genuen itsasoa, baina ematen du itsaso hori uste genuena baino ozeano handiagoetan nahasia dagoela». Eta ur horietan dabilen euskal kulturaren «flotillan», «akorazatu bakarra dirudi bertsogintzak», nahiz eta ahulguneak ere egon badirela ohartarazi duen. Etorkizunari begira jarrita aipatu du azkena. «Transmisioa, egun, azeleratuta doa, interjenerazionala da eta hor sor daitezke etenak eta aldaketak». Bertsogintzaren geroa parametro desberdinetan neur badaiteke ere, «barne indarraren eta belaunaldi berrien araberakoa izango da».

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV
