GARA
BILBO

Lomce legeari aurre egiten jarraituko dute hezkuntza plataformek

Hezkuntza Plataformen Topaguneak bilkura egin zuen larunbatean Durangon, aurten hezkuntzan emandako pausoei buruzko balorazioa egiteko. Positibotzat jo zuten Lomce legearen aurrean hartutako jarrera eta ildo horretan lanean jarraituko dutela erabaki zuten.

Hezkuntza Plataformen Topagunea (HPT) osatzen duten ikastetxe, auzo eta herri desberdinetako hezkuntza bilguneek asanblada egin zuten pasa den larunbatean Durangon azken urtean hezkuntzaren arloan eman dituzten pausoak baloratzeko asmoz. Bertan Ikasle Abertzaleak, Sortzen, Ikastolak, LAB eta ELAko ordezkariak ere izan ziren.

Hala, ateratako ondorioen artean Lomce legeari egindako plantoa eta honek izandako herri babesa azpimarratu zuten. Bide horretan jarraitzeko konpromisoa hartu zuten. «Aurten Lomce Hego Euskal Herriko ikastetxeetan bete-betean sartuta dago, bai Cristina Uriarteren sailean, Heziberri 2020ren bitartez, zein Jose Luis Mendozaren balizko aplikazioaren jarraipenaren bidez», aipatu zuten ohar batean.

Gehiago egin behar da

Lomce legearen kontrako plantoa pauso positibotzat hartzen badute ere, uste dute gehiago ahalegindu behar direla. Hori dela-eta, inposizioei aurre egiteko modurik onena euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzea dela ondorioztatu zuten: «Maila lokalean, herritik herrira, hezkuntza proiektuak garatzeko eta saretzeko asmoa du HPTk. Etorkizuneko Hezkuntza Sistema Propioa herrietatik eraikitzeko modurik onena gaurdanik gure hezkuntza eredua eraikitzea da, beraz, hezkuntza proiektu desberdinak ezagutarazi, martxan jarri eta saretzeari ekingo dio HPTk».

Urrats hori egiteko intentzioarekin, mobilizazio eta ekimen desberdinak jarriko dituzte martxan urriaren erdialdetik aurrera. Hezkuntza komunitatea elkarlanean jarri nahi dute kalera irten eta Lomce legea ukatzetik hezkuntza propio bat aldarrikatzeko pausoa emateko. Ekimen horiek antolatzeko herrialdez herrialde asanbladak egingo dituzte.

Behin hori azalduta, mobilizatzeko beharra azpimarratu zuten eta adierazi zuten elkarlanerako guneen bila urratsak egiten jarraituko dutela.

Hezkuntza Sistema Propioaren eraikuntza maila lokaletik has daitekeela erakusteko, lehenengo mobilizazioa jada iragarria dute. Honakoa urriaren 24an izango da, Bilbon. Izan ere, egun horretan Alternatiben Herria ekimena ospatuko dute eta HPTko kideak horren parte aktibo izango dira. Herri desberdinetako hezkuntza proiektu alternatiboak eramango dituzte jendaurrean aurkezteko.