G. M. ZUBIARRAIN

KOLEGIOEN ERREFORMA EUSKAL ADARRA ITXI DEZAKEEN GILTZARRAPOA OTE DA?

Udako oporren atarian ateratako dekretua izanik, oharkabe antzean igaro zen Bigarren Hezkuntzaren (11-14 urte), hau da, kolegioen, erreforma. Geroztik, ordea, zeresana ematen ari da, batez ere euskal adarrak zein leku izango duen oso lauso baitio legeak.

Sartu baino larriago atera ziren joan den aste hasieran Baionan Hezkuntza Ministerioko goi kargu batekin izandako bilkuratik sare publikoan ari diren euskarazko irakasleak. Egunkari honek jakin ahal izan duenez, Euskararen Erakunde Publikoaren bitartekaritzaz zehaztutako harreman horretan «baliabideak galduko» dituztela berretsi die irakasle ordezkariei Paueko ikuskatzaileak, Barriere jaunak. Kolegioetan Euskara ikasgaiak (hautazko bat, eskaintzen duten ikastetxeetan) astean bi ordu izango dituela argi esan die ikuskatzaileak. Egun hiru ditu.

Hiru Saretan biltzen diren Seaskak, Euskal Haziak (eskola kristau elebidunak) eta Biga Baik (sare publikoko irakaskuntza elebiduneko guraso elkarte bat) bidali diote dagoeneko Bordeleko Errektoretzari bilkura eskaera ofiziala, duela bi aste prentsaurrekoan, kolegioen erreformaz beraien iritzia lau haizetara zabaldu zutenean, iragarritakoa. Erantzunaren zain daude.

Flarep federazioari ireki zaizkio, aldiz, ate ofizialak. Tokiko hizkuntzak sare publikoan zabaltzearen aldeko elkartea urriaren 20an bildu zen, seihilekoan bigarrenez, Hezkunde Nazionaleko ordezkaritzarekin. Tartean, Thierry Delobel IkasBiko presidentea. Balorazio agirian diote Ministerioko arduradunek «jaso dutela» frantsesa ez beste hizkuntzek kolegioen erreforman izango duten tokia «argitzeko beharra» eta berau zehazteko «argibide zehatzak» bidaliko zaizkiela ikastetxeetako zuzendariei, ikuskatzaileei eta Errektoretzari. Arduradun horiekin laster egin asmo duten bilkura baliatuko dute horretarako. Argibide orria bi aldeen artean eztabaidatzeko eta adosteko konpromisoa ere erdietsi dutela badiote ohar berean.

Euskara atzerriko hizkuntza

Alarma txirrinari eragiten lehenak sare publikoan Euskara irakasten dutenak izan ziren. Urriaren 7an deitu zituzten komunikabideak, erreformarekin Euskarak «diziplina» sailkapena galdu eta ikasgai osagarrien zakura, “Atzerriko kulturak eta hizkuntzak eta hizkuntza gutxituak” goiburu ezin argigarriagoa duen hautura, pasatuko delako asaldatuta. Erreformak indarrean jarriko dituen zortzi Gaiarteko Irakaskuntza Praktiko bat da hori, 5. mailatik aurrera eskainiko dena. Horrek Euskara ikasgairik gabe utziko lituzke kolegioko lehen mailako ikasleak, 6.ekoak. «Jarraikortasuna hautsi» eta ekarriko dituen ondorioez «beldur» zirela zioten. Bordeleko Errektoretzak, aldiz, urak baretu nahian Mediabaski adierazi zion Euskara «izan daitekeela iniziatze edo jarraipen hizkuntza 6.ean, irakaskuntza pertsonalerako orduak erabilita».

Kezka bera agertu du Hiru Saretak. «Izugarrizko kolpea» litzateke euskararentzat Seaska, Ikasbi eta Euskal Hazia biltzen dituen plataformaren iritziz. Erreformak 26 ordura mugatzen du ikasleen asteko lan-ordutegia eta langa horrekin «ezinezko» ikusten dute, haien ezinegona nola edo hala lasaitu nahian, Errektoretzatik haizatutako proposamena. Beste ordu eta ikasgai horiek «beren funtzioa» dutela dio argi Hiru Saretak eta ez daitezkeela euskara orduez «ordezka». Erreformaren pedagogia zentzua begi onez dakusate oro har.

Beste eragozpen bat bada gainera Hiru Saretakoeentzat. Antolaketa berriarekin, Euskara hautatzen dutenak erabat sakabanatuta geratuko dira gainerako ikasgaietan. Kexu dira «ezinezko bilakaraziko» duelako horrek euskal adarraren garapena. Egun, Historia/Geografia eta Matematika dira euskaraz irakasten diren gaiak sare publikoan. Hori, noski, hautu hori egiten duten ikastegietan.

murgiltze eredua bazter

Nola geratuko da ikastolen eredua, irakaskuntza euskaraz eskaintzen duen sistema bakarra, lege berriaren begitan? Lau ordu ditu euskarak bertan, legez aitortuak. Ordu kopuru bera mantentzeko proposamena egin dio Seaskari Hezkunde Nazionalak, horretarako sostengu orduak erabiliz. Ez du begi onez ikusten proposamena Jean Mixel Etxegaraik, Seaskako Zuzendari Pedagogikoak. «Onura gabe» utziko dituela dio horrek ikasleak. «Diskriminazioa» eta frantsesezko sail elebakarraren aitzinean «erakargarritasun galera» ekarriko lituzke Etxegarairen iritziz.

Ez dute ahoan hotzik izan Hiru Saretakoek arriskua baloratzeko: «Errekara bidaliko du azken hamar urteotan egindakoa». Lehendik ere nahikoa lan bada Lehen Hezkuntzan euskarak lortu duen hedapena bigarren ziklora zabaltzen, eta orain hau... Hori da, esaldi batean borobilduz, jaso dugun sentipena.

 

2016-17an izango da LEGEa Indarrean, «hobeto ikasi, arrakasta izateko»

Hala dio Hezkuntza Ministerioak erreforma saltzeko abian duen kanpainak. Talde txikiagoetan aritzea lehenetsi nahi dutela diote. Horretarako, ikasgai «klasikoen», hots, Matematika, Frantsesa eta abarren, pisua murriztuko dute, eta ordez beste irakaskuntza molde batzuk sartu: gaiarteko ikasgai praktikoak eta laguntza orduak. Klaseak 55 minutukoak izan beharrean 45ekoak izan daitezke, eta horrela toki egin metodologia berriei. Noski, ikas programen goitik beherako eraberritzea eskatzen du horrek.

Ikastetxe bakoitzak, halaber, ahalmen gehiago izango du bere ordutegiak eta edukiak antolatzeko.G. M. Z.