Ariane KAMIO
DURANGO

Aita hil edo nork bere parte bat hil; erreleboa, baldin bada, trantsizionala da

Euskal kulturan transmisiorik ez dago. Ez larritu. Ez du horrek esan nahi belaunaldi zaharretatik etorritako erreleboak etenik izan duenik. Baina lekukoa, atletismoko lasterketetan bezala, ez dute bere horretan jaso Joseba B. Lenoir, Danele Sarriugarte, Miren Amuriza eta Hedoi Etxartek. Ikasi dute beraien aurrekoetatik eta erreferentziak izan dituzte, baina lekukotza trantsizionala da gertatzen ari dena eta sortzaile berriek beren leku propioan jardun nahi dute.

Biharkoak gaur berriro Durangoko Gogoetaren Plazan. Atzokoan, kulturgintzaren transmisioa, lekukoa, ondorengoei ondarearen uztea, haria ez etetea, gurpilak biraka jarraitzea. Sortzaile gazteek eman zituzten beren iritzi eta gogoetak Durangon zabaldutako plazan. Literaturatik –eta musikatik– Hedoi Etxarte eta Danele Sarriugarte, bertsogintzatik Miren Amuriza eta musikaren alorretik Joseba B. Lenoir. Euskal kulturaren sormenean aparrean dagoen belaunaldi berriaren irudien artean leudeke laurak. Eta mahairik gabeko mahai-ingurua abiatu aurretik, edonork aurreikus lezake laurek erantzungo zutela izan dutela norbaiten transmisioa, jaso dutela norbaiten eskutik ematen den lekuko hori eta defendatuko zutela hariaren etenik ez dela egon eta ondoren datorren hizketaldi osoa. Baina zehazki, ez zen halakorik defendatu. Denek dituzte erreferentziak, Miren Amurizarena izan daiteke argiena, eta erreleboa agian hartu bai, baina ez dute osorik beren etxeetako bitrinetan gorde. Lekukotzak eraldaketa ere ekarri du.

Joseba B. Lenoirrek bere amagandik izan zuen musikarekiko lehenengo kontaktua, ama bera musika irakasle baitu. Gazte garaietan, izan zuen ere Berako musikari lehengotarrekin harremanik, baina erreleboa ez du hain garbi ikusten errelebo bezala, «baizik eta elkarbanatzeak daude, trukatze bat. Ez dut inoren erreleboa hartu, ez dut inor erreleborik gabe utzi nahi. Nire kasuan bizirik dago oraindik».

Miren Amuriza plazan. Abade izandako aitaren ondoan. Espektakuloa bertsozaleen begien aurrean. Jaso zuen berak aitagandik bertsozaletasuna, baina baita amagandik ere kantuzaletasuna, txikitan etxean, kotxean, ohean elkarri kantuan emandako orduei eskerrak. «Baina plazan izan dut tradizio hori apurtzeko gogoa ere, nire aurreko belaunaldiengandik eta nire pareko belaunaldiengandik. Nik ere ez dut uste inoren erreleboa hartu dudanik. Nik gehiago sentitzen dut bertso mundura iritsi nintzenean hainbat esku luzatu zizkidatela eta batzuek hor segitzen dute. Nire ikasleei ere nire eskua luzatzen diet, etor daitezela, baina guk ere hor jarraitzen dugu», esan zuen bertsolariak.

Literaturan, Danele Sarriugartek antzeko zerbait. Etxeko erreferentziez harago, ikastolatik jaso zuen kulturzaletasunaren grina, baina sormena, sormenerako konbikzioa, berak propioki garatu zuen. «Ez dut sentitzen erreleborik jaso dudanik. Beharrezkoa da zure burua ikustea gai eta gogoa daukazula horrelako zerbait egiteko. Atera behar da nor bere gogoetatik».

Hezkuntza komunitatearen beharraz Hedoi Etxartek, bere gaztaroan ikastolaren bueltan, D ereduaren inguruan mugitzen zen kulturzaletasun hartatik jaso baitzituen transmisioaren ernamuin litezkeenak.

Aita hil nahi dute?

Diskurtso zintzoak hasiera batekoak, baina lau gonbidatuak, norbera bere eremuan, bere lan moldean, hausturari, eteteari edo berritzeari loturik egon izan dira. Ez dira molde klasikoetan egositako sorkuntzak edo ekarpenak izan haienak. Eta motz geratzea litzateke bide berriak urratu dituztela soilik esatea, deserosotasunen aurka eta beraien toki propioa izatearen alde egin baitute. «Erreleboa nork ematen du? Saizarbitoriak liburu bat atera du orain, esan nahi dut, aurrekoek jarraitzen dute. Nire kasuan egon da haustura nahiko handi bat. Gizartearekiko haustura kontziente bat, baina gero literaturan ere gizartearen eragina hor dagoelako. Gerora ezagutu nuen euskal kultura pixka bat. Sartu baino lehenago gizarteko aje batzuen kontra baneukan horrelako kontrako zera bat», ohartarazi zuen idazle elgoibartarrak.

Bete gabe zegoen espazio betetzaile gisa ikusten ditu belaunaldi berrien sorkuntzak Hedoi Etxartek, eta bromatan bota zuen: «Txantxetan behin irrati tertulia batean komentatu genuen nola euskal literaturan ez dutela seme-alabek aita hil nahi, baizik eta aitak hil nahi dituela seme-alabak».

Amurizak plazako hasierako urteetara jo zuen. Aitaren alboan irudika zezakeen bere burua, Xabier Amuriza handiaren aldean bere txikitasunean bertsolaritzaren tradizioaren jarraibide zitekeen orduko ikusleen begien aurrean. «Aitak hiltzea baino gehiago da nork bere parte bat hiltzea. Nik hil dut konplementoaren diskurtsoa beste bat berria, neurea egiteko. Bertsolaritzan erreleboaren kontua oso demokratikoa da, erreleboa ematen duena ez delako bertsotan dabilena, baizik eta publikoa, bestela ez ginateke mugituko gauden lekutik».

Sortzaile –eta ekintzaile– berriak izaki, beren lekua definitzeaz, goizegi zaie oraindik zehaztasunetan sartzearen ariketa. Joseba B. Lenoirrek ez dauka batere argi non dagoen, nora doan, edo hobeto esanda, nora irits daitekeen. «Musikari bezala nahiko nuke izatea izenak eta generoak gainditzen dituen leku bat eta ekarpen berri batzuk ekarriko dizkionak euskal kantugintzari. Baina egia erran, ez dut batere argi non nagoen».

Sarriugartek eta Amurizak sentsazio berbera elkarbanatu zuten. Hasi berritan, espero ez zutena baino ikusgarritasun handiago bat izatea, hots, taula gainean jartzeko jantzirik ere ez duen sortzaile gisa leihoetara jaurtitako objektu gisa ikustea beren burua. «Askotan egiten diot galdera neure buruari eta da zergatik deitu didate niri? Neska naizelako? Ideologia jakin bat dudalako? Bizkaitarra naizelako? Nire aitaren alaba naizelako? Hutsetik agertzen zara plazaren erdian eta ez daukazu ez jantzirik ez ezer hor mugitzeko», esan zuen Amurizak. “Erraiak”-en egileak, aldiz, hausnarketara jo eta berak nahi dituen lanetara soilik mugatzeko hautuaren berri eman zuen. Norbere lekua topatzearen alde, errelebo hertsiari hainbestekotasunik eman gabe.