Iñaki ALTUNA
BAIONA
Elkarrizketa
DAVID PLA
KONPONBIDERAKO ETA-REN ORDEZKARITZAKO KIDEA

«ETAk guztietan erantzun positiboa eman du eta konpromisoak bete ditu»

Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kide den David Pla urte hauetako ibilbidearen gainean mintzatu da GARArekin. Kartzelatik erantzun die galderei, eta adierazi du «ETAk guzti-guztietan erantzun positiboa» eman duela eta «bere konpromiso guztiak bete» dituela, baita «beste guztiek urrats bakarra eman ez dutenean ere». Estatu espainolaren berezko demokratizazio batean ezin dela itxaropena jarri, eta herri prozesua egituratu beharra dagoela nabarmendu du.

Korapilatsua da kartzelan dagoen pertsona bati elkarrizketa egitea, are korapilatsuagoa pertsona horri gauza asko galdetu nahi zaizkionean. GARAk elkarrizketa eskatu zuenetik aste asko pasatu dira, baina horrek aukera eman dio galdetegia berritzeko eta erantzunei galdera berriak bueltatzeko. Lehen galdetegia elkarrizketa bilakatzeko. Asteak joan eta etorri, hauteskundeen atarira iritsi gara. Lehenago nahi genuen argitaratu. Beste arrazoi bat egon da, ordea, atzerapen horretarako: azken unera arte elkarrizketatuak ez digu baieztatu bere izenaren ondoan jarri behar genuena. Azken hogeita lau orduetan konfirmatu du: konponbiderako ETAk izendatutako ordezkaritzan segitzen du David Plak kartzelan izanagatik. Horrek elkarrizketari garrantzi berezia eman dio, ez baita gauza bera ordezkari izan edo ordezkari ohi izan.

Nola baloratzen dituzu Ortzaizen eta Baigorrin egindako atxiloketak?

Bi polizia operazioek prozesua luzera begira baldintzatzea dute helburu. Ortzaizeko atxiloketen harira, eta baita aurretik ere, Biarritzeko polizia operazioa izan zenean, estatuek ETAren armategia zigilatzea erasotu nahi zutela aldarrikatu zuten. Eta gure atxiloketekin, besteak beste, ETAk eragile ezberdinekin dituen harremanak zailtzea bilatzen zutela pentsa daiteke. Dena Frantzia eta Espainiako estatuek darabilten gerra estrategiaren baitan, urrats oro zapuzteko helburuarekin.

Espainiako Barne ministroak ETAren heriotza agiria zirela esan zuen...

Eta hilotza ezin lurperatu! Bai, halako lerroburu ponpoxo bat ere bilatzen zuten. Espainiako legegintzaldia amaitzear zela, Gobernuaren ildoaren ustezko arrakasta saldu nahi zuten. Baina ez da egia eta badakite. Errealitatea da lau urte eta aukera guztiak izan dituztela egiazko konponbide bat lortzeko eta ez dutela egin. Gainera, garaile eta garaituen eskema indartzeko iruzur egiten ari dira. Indar harremana neurtzeko modua eta konfrontazioaren ezaugarriak erabat aldatu diren arren, aldagai polizial eta militarretan jarri nahi dute arreta. Jakin badakitelako, ETAk borroka armatua utzi zuenetik erantzun armaturik ez dagoenez, kolpe bakoitzarekin halako garaipen irudia proiektatzen ahal dutela. Baina fokua altxatu eta egiazko aldagaietara eramanez gero, irudia oso ezberdina da: Espainiako proiektua gainbehera dago Euskal Herrian. Espainiako Gobernua bakerako oztopo gisa agertzen da euskal herritar gehienen begietara eta bere alderdiak gero eta babes gutxiago du Euskal Herrian. Eta ez aspaldi hilzorian uste zuten ezker abertzalea indarberriturik dago.

Zertan ari zineten Baigorriko etxe hartan?

Aietetik lau urte pasatu eta gero, gogoeta sakona egin behar zela uste zuen ETAk, aurrera begirako estrategia eta urratsak finkatzeko. Horretarako, besteak beste, pertsona eta eragile ezberdinen iritzi eta proposamenak entzun nahi genituen. Eta horretan ari ginen atxilotu gintuztenean.

Zuk aipatu bezala, Aieteko Konferentziatik eta ETAk borroka armatua utzi zuenetik lau urte pasatu dira. Hitz gutxitan, zer balorazio egingo zenuke orduz geroztik gertatutakoaz?

Sentsazio gazi-gozoa da. Askapen prozesuaren ikuspegitik aurrerapen nabarmenak eman dira eta aukeraz beteriko agertoki politikoa eraiki dugu. Baina ez gaude, inondik inora, egon nahi genuen tokian. Estatuek, eta baita autonomismoak ere, ziklo politiko berria bere osotasunean zabaltzea galarazi nahi dute, askapen prozesuak aurrera egin ez dezan. Horretarako konponbide prozesuaren blokeoa eta, bereziki, euskal preso politikoan egoera erabiltzen ari dira. Eta testuinguru zail horretan, aurrera egiteko gabezia asko ditugula erakusten ari gara.

Zenbait eragilerekin egin dituzue bilerak. Xehetasunak: norekin, non, noiz...?

ETAren ordezkari gisa prozesuari loturik harreman dinamika handia izan dugu, aurrez aurre eta baita idatziz ere. Aieteko Konferentziara arte, prozesua irekitzeko helburuarekin, bitartekari talde batekin bizpahiru bilkura egin genituen. Talde horrek, ETArekin ez ezik, Espainiako Gobernuarekin ere egiten zuen harremana. Hor adostu ziren Espainiako Gobernuaren eta ETAren konpromisoak jasotzen zituen bide-orria eta Aieteko Konferentzia bera ere. Aieteko Konferentzia egin eta gero, ETAren ordezkaritza negoziazio gunea izan behar zuen herrialdera joan zen eta bertan egon ginen 16 hilabeteetan bilkura ugari egin ziren. Horietako gehienak hartutako konpromisoei eta prozesuaren garapenari loturiko lan-bilkurak izan ziren: Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin, bitartekari taldearekin eta Aieteko Konferentziaren sustatzaileekin. Horiez gain, iritziak trukatu eta ekarpenak jasotzeko asmoz, diplomazia munduan edota Nazio Batuen Erakundearentzat lanean ibilitako hainbat pertsonarekin bildu ginen, baita Hegoafrikako eta Irlandako askapen prozesuetan aritutako militanteekin ere. Eta, jakina, ETAren ordezkaritza bere lurraldean hartu zuen herrialdeko Gobernuarekin. Orotara, nazionalitate ezberdineko dozena bat pertsonarekin izan ginen.

Negoziazio gunea izan behar zuena desegin zenean, halako bilkurak erabat murriztu ziren, aipatu taldeak jazarrita egongo zirela iritzita. Bi salbuespen izan ziren. Lehena, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin, ETAren armategien zigilatze prozesuaren nondik norakoak adosteko. Bigarrena, atxilotu gintuztenean burutzen ari ginen bilkura-zikloa.

Eta zabaldu denaren eta jende askok uste duenaren kontra, Brian Currin eta Nazioarteko Harreman Taldearekin ez gara inoiz bildu, beraien lana alderdien arteko elkarrizketara zuzendua dagoelako.

Zer diozu nazioarteko taldeen paperaz; esate baterako, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeaz?

NEB oso paper garrantzitsua jokatzen ari da, are gehiago estatuek hartu duten jarrera kontuan hartuta. Sinesgarritasuna eman dio prozesuari. Bere interbentzioa, adibidez, erabakigarria izan zen prozesuaren hasieran, Espainiako Gobernuak ETAren jarreraren inguruan zalantza sortu nahi izan zuenean. Eta urrats handia egin zuen prozesuaren blokeoaren aurrean ETArekin armategien zigilatzeari ekitea adostu zuenean. Baldintza zailetan aritu dira, halere. Estatuen erasoak pairatu dituzte. Eta baita, ETAren aurka hitz egin zezan, beste batzuen presioa ere. Baina profesionaltasunez jokatu dute, adostutako funtzio eta zereginari eutsita. Eta hori funtsezkoa izan da elkarlanarekin aurrera jarraitzeko.

Oro har, nazioarteko eragileek ekarpen handia egin dute, baina estatuen itxikeriak eta hainbat eragileren jarrerak haien lana mugatu dute.

Zer pasatu zen Norvegian?

Ezer baino lehen, argitu nahi dut Norvegiari buruz hitz egiten dela baina ETAk ez duela inoiz bere ordezkaritza Norvegian egon denik esan. Europako herrialde batean izan ginen, zehaztu gabea, bertako Gobernuaren oniritziarekin eta babesarekin. Hara iritsi ginen Espainiako Gobernuak eta ETAk nazioarteko talde batekin hartutako konpromisoen ondorioz. Adostuta zegoen bertan ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean gatazkaren ondorioak gainditzeko elkarrizketak hasiko zirela. Baina Espainiako Gobernuak ez zuen bere hitza bete, ez horretan ez gainerako konpromisoetan. Adostuta zegoen, esaterako, ETAk bere adierazpena egin ondotik, gaixorik zeuden presoak askatu eta gainerako guztiak Euskal Herrira ekarriko zituela.

Baina gero gobernu aldaketa egon zen...

Hala da. Jarraian Espainiako hauteskundeak izan ziren eta gobernua aldatu zen. PPko Gobernuari egoeraren berri eman zitzaion, bai aurreko Gobernuak hartutako konpromisoei buruz, bai ETAren ordezkaritzaren egoerari buruz. Bizpahiru hilabete beranduago bere posizioa finkatu zuen: ez zuela ETArekin hitz egingo baina ETAren ordezkaritza bertan egotea ontzat ematen zuela. Bitxia zen, gu bertan ginelako elkarrizketak abiatzeko. Jakina, nazioartekoekin ere lana egiten genuen, prozesua bere osotasunean sustatzeko, baina ez zen hori bertan egoteko arrazoia. Gainera, handik gutxira Espainiako inteligentzia zerbitzuak gure atxiloketa behartzeko presionatzen hasi ziren. Berehala moztu zen, baina bertako Gobernuarengan kezka handia eragin zuen, Espainiaren jokabidea zela-eta, egoera zaila sortzen ahal zitzaiolako.

Eta Gobernu frantsesa? Aieteko Adierazpenean aipatua da.

Frantzian ere hauteskundeak izan ziren eta gobernua aldatu zen. Prozesuan murgilduta ginen guztiok funtsezkotzat jotzen genuen Frantziaren parte-hartzea. Blokeoa hausteko aukera zen. Horregatik proposamen sendo eta ausarta egin genuen, Frantziako Gobernuak berak aitortu zuenez. Baina ez zegoen prest Espainiako Gobernuaren oniritzirik gabe inolako mugimendurik egiteko.

Nola amaitu zen elkarrizketarako behar zuen gune hori?

Elkarrizketarako aukera itxita eta aurretik jasandako presioak ikusita, ETAren ordezkaritzaren irteera erabaki zen. Eta hor beste bitxikeria bat gertatu zen: 2012ko abenduan, Espainiako Gobernuak bitartekari bat bidali zuen gurekin biltzera, bide «egonkor, iraunkor eta diskretu» bat irekitzeko aginduarekin. Berarekin bildu ginen eta, gure posizioa azaltzearekin batera, Espainiako Gobernuak bidea zertarako nahi zuen argitu behar zuela azaldu genion, ez baitzekarren bestelako mezurik.

Madrilera joan zen eta Espainiako Gobernuak ez zuen berarekin elkartu nahi izan! Harrigarria izan zen. Pentsa daiteke norbaitek moztu zuela, baina, berak esan zigunez, Rajoy jakinaren gainean zegoen.

Gauza da ez zuela gehiagorako eman eta ETAren ordezkaritza bertatik atera zela. Batzuek esan dute ETAren ordezkaritza kanporatua izan zela, hango Gobernuarekin eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin desadostasunak zituelako. Ez da egia. Elkarrizketa mahairik eratu gabe, bertan hainbeste denbora egon izanak ETAk erakutsi zituen seriotasun eta konpromisoaren benetako neurria ematen du.

Denbora pasatu ahala, Aieteko argazkia mugitu da. Ipar Euskal Herria indartu, adibidez. Nafarroan aldaketa nabarmena egon da. EAEn, aldiz, geldialdi luzea dago. Nola baloratzen duzu euskal eragileen jokabidea?

Ipar Euskal Herrian gertatutakoa azpimarratu behar da. Indar guztietan elkarrizketarako eta akordiorako jarrerak nagusitu dira, norberak bere ibilbide eta proiektu politiko zehatza izanda ere. Aukera historikoak merezi duela zintzoki sinistu dutelakoan nago. Eta, zalantzarik gabe, Euskal Herri osorako prozesuak behar duen eredua erakutsi dute.

Gainerako herrialdeetan eragileen jarrera etsigarria izan da. Espainiaren menpeko alderdiek blokeora jo zuten hasiera-hasieratik. Erakutsi dute bakea ez, inposizioari hala edo nola eustea bilatzen zutela. Ez dute bakea nahi, ez dute konponbidea nahi. Eta oso adierazgarria da lehen ETAren aurka «demokraten batasunera» deitzen zuten berberek egun «demokraten batasunera» deitzea Kataluniako independentzia prozesuaren aurrean. UPN eta PPren aldetik ez zen gauza handirik espero, agian prozesuak bidea egin ahala elkarrizketa gehitzeko saioa egin ahal zitekeela-edo. Eta PSOEk erakutsi du, beste behin ere, iruzurraren alderdia dela. Gaur gauza bat esan eta biharamunean alderantzizkoa egin.

Edonola ere, EAEn dagoen geldiunea ezin da ulertu PNVk eta Jaurlaritzak izan duten jarrera kontuan hartu gabe. Hasieran esaten zuen nazioartekoen presentzia ondo zegoela baina eztabaida Euskal Herrian zegoela. Euskal Herrian Foro Sozialak egiten hasi zirenean, akordiorako eremu zilegia Gasteizko Legebiltzarra eta Bakerako Ponentzia zirela zioten. Eta dena txikitu eta gero, Bake Ponentzia abiatzeari uko egin diote, PP eta PSOEren betoa aitzakia hartuta. Eta, gainera, dena ezker abertzalearen errua dela ozen zabalduta. PNVk ere blokeoa errotzera jo du.

Zure iritziz, zergatik jokatu du horrela EAJk? Pentsa daiteke prozesuak aurrera eginez gero Urkulluk urteetarako lidergoa bereganatu ahal zuela.

Hasieran uste genuen PNVren arazoa prozesu ereduan zegoela. Nazioarteko presentziarekin, Foro Sozialekin edo ezker abertzalearen aldebakarreko ekimenekin deseroso egon ahal zela, nahi zuen protagonismoa ez zuelako lortzen. Horregatik dena Gasteizera mugatzeko joera. Ahalegin zintzoa egin genuen bere beharrak ulertzeko eta gure ekimenen berri eman genien. Horrekin batera ETAk Urkulluri idatzi zion, bere ordura arteko jarrerarekin kritiko, baina, prozesuaren alde eginez gero, paper garrantzitsua bat jokatzen ahal zuela uste genuela argi utzita, gure iritzia galdetu baitziguten. Eta Jaurlaritzak ETAk eta ezker abertzaleak emandako informazioa baliatu zuen ETAren eta ezker abertzalearen ekimenak kamusteko. Ez da soilik protagonismo edo parte-hartze arazo bat. PNVren eta Jaurlaritzaren helburu nagusia ez da arrazoizko konponbide bat, ezker abertzalea higatzea baizik. Ezkerreko independentismoa luzaro baldintzatuta gera dadila, alegia. Dena horren arabera neurtzen du. Bere mezuaren ardatzak ikustea besterik ez dago. Gero eta lerrokatuago dago Espainiako Gobernuarekin eta gero eta urrunago prozesua sustatu dutenengandik.

Gainera, estatuen erasoetatik abantaila politikoa ateratzen du. Hasteko, hauteskundeetan Urkulluren lehiakide nagusia izan ahal den Arnaldo Otegi oraindik espetxean dago. Eta berdina esan daiteke atxiloketez, epaiketez eta ezker abertzalean ezinegon handia sortzen duen euskal preso politikoen egoeraz. Estatuen erasoetatik PNVk eta Urkulluk onurak ateratzen dituzte, haiei aurre egin beharrean.

Egia da Urkullu, nolabait, bakearen lehendakari izan ahal zela. Baina horretarako gogoa eta gaitasuna behar dira, eta orain arte ez du ez bata eta ez bestea ere izan. Handira jokatu beharrean txikira jokatzen ari dira. Desegitera sortzera baino. Itxura egitera proposamen eraikitzaileak aurkeztera baino.

ETAk ere ez duela egin beharrekoa egiten entzun dugu.

Halako baieztapenek batzuen inboluzioa agerian uzten dute. Ez datuek ez prozesua gertutik jarraitu duten guztiek ez baitute halakorik esaten. Prozesu honen mugarriak izan direnak ikustea besterik ez dago: Bruselako Adierazpena, Gernikako Akordioa, adostutako bide-orria, Aieteko Konferentzia, Foro Sozialaren ondorioak... ETAk guzti-guztietan erantzun positiboa eman du eta bere konpromiso guztiak bete ditu, baita beste guztiek urrats bakarra eman ez dutenean ere.

Gauza gehiago egin daitezke, denon aldetik, baina gainditu beharreko oztopoak ez daude ETAren jarreran.

Gatazkaren ondorioak konpondu eta gatazkaren korapilo politikoa askatzeko egoera sortzea zenuten egitasmo. Eskema hori ez da bete...

Ez, ez da bete. Nire ustez hiru aldagaik eragin dute. Batetik, ezker abertzalea ez da iristen prozesu honetara estatuekin negoziazio aldi bat irekitzeko aukerak daudela eta horretarako indar posizio batean dagoela ondorioztatuta. Iristen da askapen prozesuan aurrera egiteko estrategia aldatzea ezinbesteko dela iritzita. Eta ahalegintzen da berez erabaki estrategikoa dena konponbide prozesua irekitzeko palanka bilakatzen. Bestetik, Espainiako Estatuari kontrakoa gertatzen zaio. Ezker abertzalearen estrategiari neurria hartua zion eta ez zuen prozesu baten beharrik. Bazekien, gainera, estrategikoki ahula zela. Alegia, krisi sakon batean murgildurik, Euskal Herrian prozesu politikoa abiatuz gero eskaintza politikorik ez zuela.

Eta horri gehitu zitzaion estrategia aldaketaren fruituak oso azkar jasotzen hasi zela ezker abertzalea: sinesgarritasuna irabazi zuen, ezkerreko indar suberanisten aliantza egin zen, oso mobilizazio jendetsuak egin ziren eta, batez ere, 2011ko udal eta foru hauteskundeetan Bilduk arrakasta handia lortu zuen. Horrek alarma guztiak piztu zituen bai Estatuan baita Sabin Etxean ere.

Horregatik beraientzat konponbide prozesuak gehiago zuen arriskutik bakea lortzeko aukera historikotik baino. Konponbide prozesua arrakastaz burutuz gero, ezker independentista are gehiago indartuko zela ondorioztatu zuten, noiz eta eztabaida politikoa parez pare zabalduko litzatekeenean.

Inolako itxaropenik egon al daiteke Espainiako hauteskundeen ondotik konponbide aldebikorik-edo saiatzeko?

Ez du ematen. Halere, aukera landu beharko litzateke, gure estrategiaren zutabea bilakatu gabe, betiere.

Elkarrizketa hau egin den moduagatik denbora joan da eta azkenean Espainiako hauteskundeen atarira iritsi gara. Zer espero daiteke, termino politikoetan, hauteskunde horietatik, legealdi berritik, Gobernu berri batetik...? Adibidez, Konstituzioaren erreformaren gainean eta beste zenbait kontuz aritu dira.

Estatu espainiarrak berezko demokratizazio bat izan dezakeela eta hortik Euskal Herriaren aitortza etor daitekeela pentsatzeak ez du gaur-gaurkoz sinesgarritasunik. Aldebikotasuna eskatzeagatik benetako akordioak irits daitezkeela usteak ere ez du zentzu handirik. Funtsezkoa, nire ustez, herri prozesua egituratzea da, Euskal Herrian aurrera egiteko indar harremana sortzeko.

Egitura politiko-instituzional agortu bat eta aldaketak ekartzeko aukera zeudela esanez ekin zion ezker abertzaleak estrategia aldaketari. Nik uste dut orduko baieztapena indartu egin dela azken urte hauetan, eta, gainera, bai indar politikoen artean bai jendartean gero eta barneratuagoa dagoela. Euskal Herria ez da kabitzen egungo egituretan eta ez diote eskaintza demokratikorik egiten. Ondorioz, bidea hemen hasi behar da hemen amaitzeko.

Hauteskunde garaia da. ETAk aspaldi ez du, garai batean egiten zuen moduan, hautagaitza jakin bati boza emateko deirik egiten...

2011. urtean, Bilduk aurkeztea lortu zuenean, erabaki zuen ETAk esplizituki bozik ez eskatzea. Egia esan, boz deia egiteko agiria idatzia zegoen, baina azken unean atzera egitea erabaki zuen, ETAren hitzak jazarpen judizialerako eta politikorako erabil zitezkeelako. Beste edozein eremutan bezalaxe, ETA ez dago aurrerabideak oztopatzeko.

Edonola ere, nik uste dut nahiko begien bistakoa dela hauxe: Francori aurre eginez, frankismoaren erreformaren operazioa egonkortzea galaraziz, KAS Alternatiba eta Alternatiba Demokratikoa plazaratuz, Lizarra-Garaziko Akordioarekin amets eginez, Anoetako proposamenarekin konponbidea saiatuz eta “Zutik Euskal Herria”rekin ziklo berri bat irekiz, akatsak akats eta kontraesanak kontraesan, kate oso bat osatu duten ezkerreko independentistek badute –ahalik eta bidaide gehienekin batera eta haiekin, jatorri ezberdinekoak izanda ere, errespetu osoz arituz– indarrak non metatu, baita askapen prozesurako garrantzitsua bezain gorabeheratsua izango den hauteskunde eremuan ere. ETAk ez du ezer esan beharrik.

 

«Burujabetzaren aldeko indar metaketa oraindik garatzeke dago»

ETAren ekimenen ondorioetako bat burujabetzaren aldeko indarrak metatzea izan zen…

Bai, eta aurrerapen handiak egin dira, batez ere indar politikoen eremuan, ibilbide politiko ezberdinetako indarrak EH Bildu eta EH Bai erreferentzia pean elkartu zirenean. Babes zabala eskuratu dute, gainera. Halere, burujabetzaren aldeko indar metaketa oraindik garatzeke dago, aliantzak eremu sozial eta sindikalera eramanda. Testuinguru egokia sortu dugu eta orain asmatu beharra dago.

Ezker abertzaleak eztabaida berri bat ireki du. Nola ikusten duzu?

Hil ala bizikoa. “Zutik Euskal Herria”rekin ziklo aldaketa egiteko oinarria jarri zen. Askapen prozesuak behar zuen estrategia aldaketa burutu genuen, eta, estrategiaren aldaketarekin batera, agertoki politiko berri bat sortu genuen. Horrela, ordura arteko egoerari astinaldi ederra eman genion. Baina begi bistakoa da hasierako grina hura apaltzen joan dela, ziklo berria bere osotasunean zabaltzeko nahi baino zailtasun gehiago izaten ari garela eta, denborarekin, etsipen eta nora eza sentimendu bat sortzen ari dela.

Beraz, orain arteko ibilbidearen irakurketa egitea lehen zeregina ere badela pentsa daiteke: noraino barneratu eta garatu den estrategia berria, zertan asmatu den eta zertan egin den kale, zer oztopo aurkitu ditugun eta zer aukera ireki diren, ezker abertzaleko oinarri sozial hori dena nola bizi izan duen... Azterketa eta eguneratze ariketa hau –suposa daiteke zuzendu beharrekoa zuzentzeko ere erabiliko dela– oso garrantzitsua dela edonork ikus dezake. Eztabaidaren muina, halere, hartu beharreko erabaki estrategikoetan dagoela uste dut. Izan ere, abiarazitako fase berria erabakitzeko eskubidea eskuratzeko fasetzat ezaugarritu genuen. Baina gure buruari galdetu beharko genioke ea errealitateak ez ote duen erakutsi Euskal Estatua sortzeko fasea ireki behar dela jada. Edo, nahi bada, egungo testuinguruan biak –proposamen taktikoak eta prozesuaren irismen estrategikoa– lotuta daudela, Kataluniako prozesuan ikusi denez. Eta horretarako diseinu politikoa egitean datzala “Zutik Euskal Herria”ren ondotik eragin behar den bigarren astinaldia.

Eta horri loturik funtsezkoa ikusten dut askapen mugimenduaren izpiritua berreskuratzea, kontratu berritzea-edo.

Prozesuaren irismen estrategikoaz hitz egin duzu. Zein dira, zure iritziz, independentziaren alde egiteko gako nagusiak?

Lehena, zalantzarik gabe, horretara goazela barneratzea, bigarren fronte independentista zabaltzea, alegia. Eta dagoen energia eta sormen gaitasun guztia jarri beharko da aurrera egin nahi badugu. Gero, eskaintza politiko erakargarri bat egin beharko litzateke, ahalik eta sektore zabalenen atxikimendua izan dezan. Prozesu herritarra izan behar du, eragile eta norbanakoei irekia eta alderdien oinarriak biltzeko modukoa. Aliantza zabal bat. Prozesu demokratiko, eratzaile eta eraldatzaile gisa ezaugarritua, sentimendu identitariotik harago joango dena eta aldaketa nahi duen ororen erreferentzia nagusia izango dena. Esparruak irabazten joan behar da, erabakiak hartu eta gauzatu. Eta desobedientzia borroka tresna garrantzitsua izan behar da.

Nola balora daiteke ATA bezalako fenomeno baten sorrera? Hutsune bat bete dezake, amnistiaren aldarrikapenaren inguruan, edo ezker abertzalearen estrategia zalantzan jartzen du?

ETAk bere garaian gai hau aztertu zuen eta datuak bazituen pertsona batzuek ATA ezker abertzalearen estrategia zalantzan jartzeko eta, areago, ezker abertzalea zatitzeko lehen urrats gisara abiatu zutela ondorioztatzeko. Eta azken hilabeteotan Parisen salatu diren moduko jokabideen berri izan du behin baino gehiago. Orain ATAk dio dena manipulazio handi bat dela. Baina onartzen du EPPK zatitzeko aukera aurreikusi zutela eta onartzeko eta babesteko prest daudela. Eta horrela jakinarazi diote hainbat presori: zauria eragiten ari direla jakinda, benda ere badutela. Eta seguru asko ATAn antolatuak dauden edo nolabaiteko babesa eman dioten pertsona gehienek ez dute horrekin bat egiten, eta beste arrazoi batzuengatik hurbildu dira mugimendu horretara. Horregatik garrantzitsua da eztabaida kokatzea.

Ezker abertzaleak hutsuneak ditu eta zer esanik ez euskal preso politikoak askatzeko dinamikak. Eta ezinegona dago ezker abertzalean horren guztiaren ondorioz. Baina konponbidea ez dator ATAk proposatzen duenaren ildotik. Eztabaida ez da amnistia bai edo amnistia ez. Ezker abertzaleak ez du amnistia baztertu, ez bere esanahi politikoan ez formula juridiko gisa. Baina, era berean, euskal preso eta iheslari politikoak etxera ekartzea lehentasun politikoa da. Eta horretarako akordioak bilatu behar dira eta indarrak metatu, ahal diren guztiak.

Kartzela ezagutu duzu berriro. Zer ondorio atera dituzu hilabete hauetan?

Bi hilabete eta erdi baino ez ditut egin eta, egia esan, burua gehiago izan dut kanpoan utzitako ardura eta zereginetan espetxean baino. Hortaz, ondorio handirik ezin atera. Bestela ez dut aldaketa nabarmenik sumatu, ez espetxean ez kideek emandako babesean, eta agian hori da azpimarratzekoa. Batetik, egoera politikoa errotik aldatu izanagatik, euskal preso politikoen egoerak bere horretan diharduela: oraindik espetxean bahituak, sakabanatuak eta oinarrizko eskubideak ukatuak. Eta bestetik, proiektu politiko eta kolektibo baten parte izatea espetxeari aurre egiteko funtsezkoa dela.

Nola uste duzu egin beharko zaiola aurre presoen eta iheslari politikoen gaiari?

Nahiago dut Euskal Preso Politikoen eta Euskal Iheslari Politikoen kolektiboetako ordezkariek hitz egitea horretaz. Haiena da ardura eta zilegitasuna. Ez dira inoren morroi.

 

«ETAren armen auzia bideratzeko urratsak jadanik ematen ari dira»

Zertan da, horren berri baduzu, zigilatze prozesua?

Prozesua garatzen ari da. Espainiako eta Frantziako estatuen jarreraren ondorioz, nahiko genukeena baino motelago eta zailtasun gehiagorekin burutzen ari da. Baina dagoeneko arma eta leherkari kopuru esanguratsu bat zigilatuta dago.

Bestalde, baiezta dezaket polizia operazioek ez dutela prozesua gelditu eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin harremanean eta elkarlanean jarraituko duela ETAk.

Armagabetze prozesuetan sartzeko aukerarik izango ote da epe labur batean?

Nik uste dut ETAren armen auzia bideratzeko urratsak jadanik ematen ari direla, eta ez oztopo gutxirekin. Egoera oso bitxia eta kontraesankorra ematen ari da: armak erabilera operatibotik kanpo uzteko prozesua baliatzen ari dira ETAri erasotzeko. Eta ETAk ez du armategiak zigilatzeko beharrik, ezta armagabetzeko ere. Armak dauden tokian gera daitezke. ETAk prozesuaren mesedetan egiten du, prozesuaren mesedetan aterabidea eman nahi dio armen auziari ere. Berariaz egiten du, ez gogo txarrez. Horregatik gogoeta egin beharko genuke guztiok eta ea interesik ba ote dagoen aztertu. Uste dut ariketa hori egin behar dela beste urratsez hitz egin aurretik.

ETAren disoluzioa baino ez dela onargarria dio Espainiako Gobernuak. Zer diozu zuk?

Espainiako Gobernuarentzat onargarri den gauza bakarra inposizioari men egitea dela. Espainiako Gobernuak konponbideari egiazki ekin nahi baldin badio, ETAren ordezkaritza negoziazio mahaiaren inguruan eserita aurkituko du. Baina bere esanetara makurraraztea bilatzen badu, ez du solaskide egokia aukeratu, historiak erakusten duenez.