Idoia ERASO

Euskal kulturaren loralditik geroari begira

Azken 25 urteotan euskal kulturaren egoera anitz aldatu da Ipar Euskal Herrian. Euskal Kultur Erakundearen 25. urteurrena bete berri, egungo errealitatea, kulturaren zentzua eta etorkizuneko erronkak aztertu ditu elkarteko zuzendari Pantxoa Etchegoinek.

Loraldi bat bada, dudarik gabe! Gauzak landuagoak dira, bagoaz aurrera bai kantitatean bai kalitatean. Eskerrak, horrek egiten baitu gure kulturaren geroa», nabarmendu du Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria den Pantxoa Etchegoinek.

Zuzentzen duen erakundeak zentzu horretan egiten duen lana horrela azaltzen du: «Guk euskal kultura egiten duten elkarteak laguntzen ditugu. Eragile handiak laguntzen ditugu, baita ttipi-ttipiak ere, zeren baitakigu diru gutxi emanik ere lagungarri izaten ahal dela elkarte ttipi horrendako, herri ttipi batean». Laguntza horrek ekonomikoki egindako ekarpenaz gain proiektuari «berme» bat ematen diola nabarmentzen du Etchegoinek, beste eragile batzuengana joateko sustengua bilatzeko. Zentzu horretan egiten duten aholkularitza lana aipatzen du.

Euskal Kultur Erakundeak funtzio ezberdinak betetzen ditu: «Euskal kultura publiko zabal bat aurrera eramateko egiten dugu lan». Adierazpen horri loturik dagoen ikuspegia azaltzen du Etchegoinek, urteetan zehar izandako kritiken oihartzunari erantzunez: «Euskal kultura dudarik gabe euskaran oinarritzen da. Adierazpen batzuk ez badira hizkuntzarekin lotuak ere, beti doaz euskararengana. Baina kontuan izan behar dugu jende anitzek atxikimendu bat ukan ahal duela euskal kulturarekin, beraz, behar da publiko horiengana ere joan, eta horiek ere heldu behar dute guregana».

Aldi berean, ekonomikoki edo gizarte mailan bezala kulturan ere badagoen «mundializazioa» ezin aipatu gabe utzi. «Euskal kultura ez da bakarrik bizi, harreman bat ere bada kultura. Bakoitzak bizi du berea. Bada zer sortzen duzun, baina baita zer partekatzen duzun ere, kultura partekatzeko egina baita». Kulturen arteko trukaketaren garrantzia argi du Etchegoinek, baita horretarako bidea zein den ere: «Besteengana joateko behar dugu guhaurrek aski azkarrak izan, eta behar dugu aski ontsa barneratua izan gure kultura. Eta ez dugu guk bakarrik ikasten besteez, besteek ere dute ikasten gutaz. Euskal Kultur Erakundeak laguntzen du beste publiko zabal batzuetara joateko, bai Euskal Herrian baina baita kanpoan ere».

Zentzu horretan euskal kultura ez dela geldirik egon behar uste du Etchegoinek, «bestela xahu gara». Bide horretan «egitea» garrantzitsuena dela nabarmentzen du: «esperimentatzea, gauzak entseatzea; horrela baita ikasten». Zuzentzen duen erakundeak gazteek ekartzen duten esperimentazio hori ere lagundu nahi duela dio Etchegoinek, nahiz eta aitortzen duen gazteekin egiten duten lanari dagokionez zer garatu badagoela: «Gazteekin badugu lana egiteko. Aldiz, beraien aldetik bada mugimendu handia, miresten ditut, bada sormena, bada irudimena. Eta horretan dugu biharko kulturaren gakoa».

Etorkizunari begira, gazteekin egin beharreko lanak gure hizkuntzarengan duen eraginaren garrantziaz ohartarazi nahi du Etchegoinek: «Nik uste dut badirela dinamika eder batzuk, garatu direnak. Baina ez da segurtatuta euskararen geroa, eta uste dut kulturaren bidez ekartzen ahal zaiola anitz euskarari». Eta, hain zuzen ere, zentzu horretan euskal kultura txikitatik ezagutzearen garrantzia nabarmentzen du: «Haur eta gazteei begira transmisioaren erronka dugu mahai gainean, horretan egin beharreko lana, gazteek euskara ikasi eta goza dezaten».

Erronka hurbilak

Epe laburrera begirako erronkei ere begiratzen die Etchegoinek: «Uda aitzin etapa inportantea izanen da, jakinen baitugu herriko etxeek onartuko duten Ipar Euskal Herrian elkargo handi bakar baten sortzea edo ez». 2015eko bukaeran udalekin egin zen lehen galdeketatik atera ziren emaitzei begiratuta, badirudi erakunde bakarra onartuko dela. Baina heldu den hilabeteetan erakundeak izanen dituen eskumenak eta ezaugarriak definitu beharko dira, eta horretan Euskal Kultur Erakundearen zuzendariak beraien iritzia plazaratu nahi izan du: «Guk argiki erraten dugu elkargoaren berezitasuna izan behar direla euskara eta euskal kultura. Gure erakundeak egin dituen 25 urteen urteurrena baliatu dugu txosten bat egiteko, eta aztertzeko zeintzuk izan diren garatutako eremu eta gaitasun ezberdinak. Hortik abiatuta, ikusi nahi dugu zein leku izan ahal duen euskal kulturak, politika eremuetan sartuta, eta erabaki zein izanen den hori garatzeko tresna».

Kulturaren arloa elkargoaren eskumenen artean izango balitz, Euskal Kultur Erakundearen tokia zein izanen litzatekeen inork ez dakiela azaldu du Etchegoinek. Heldu den hilabeteetan hartu beharko den erabaki hori hartzeko unea heltzen denerako, hori bai, eskaera bat du: «Historiari begiratzea ezinbestekoa da, berriz ere akats berak ez errepikatzeko. Behar da onesta izan, 25 urteren buruan badituzu gauza indartsuak eta ahulagoak». Hori horrela, azken horiei dagokionez, gazteekin egin beharreko lanaz gain, ikus-entzunezko arteak eta transmisioa ere aipatu ditu Etchegoinek. Baliabide eskasia ere izan du hizpide: «Euskal kultur politika bultzatzeko baliabideak behar dira. Gu eragileak gara, baina erabakitzaileak ere badira, hau da, dirua ematen dutenak».

Alde onak aipatzeko, erakundea sortu zen garaiko errealitatea ekarri du gogora: «Euskal kultura aipatzen zenuelarik anitz pentsatzen zen egitura handiez, Scene National, Ballet Biarritz, Kontserbatorioa... Egun, aldiz, paisaia kulturalean Euskal Kultur Erakundeak bere tokia badu, eta egitura handi horiekin ere lan egiten dugu publiko ezberdinak hunkitzeko, euskaldunak ez direnak ere erakartzeko». Ondarea, hezkuntza artistikoa, digitalizazioa eta mugaz gaindiko harremanak ere 2004tik anitz garatu dira, ekimen berezi batzuk antolatu baitira horretarako.

Euskal kultura profesional zein amateurraren aniztasuna eta Euskal Kultur Erakundeak eragileekin duen harreman ona harrotasuna dira elkarteko zuzendariarentzat: «Egun baditugu 160 elkarte kide, eta hurbiltasuna atxiki dugu horiekin». Eragile ezberdinek bultzatuta 80 bat proiektu ezberdin babesten dituzte, eta horiei beraiek zuzenean sortzen dituztenak gehitu behar zaizkie.

Euskal Kultur Erakundearen partaide sarearen garrantzia ere agerian utzi du Etchegoinek: «Badakigu ez dugula guk bakarrik dena egiten ahal, eta bereziki gaur, non baliabide publikoak txikitzen ari diren. Beraz, behar dugu pentsatu lan egiteko beste moldeen inguruan, bereziki partaidetza horiek garatzeko. Elkarlanean emaitzak are ederragoak dira, elkartzen badituzu bi edo hiru jakinduria automatikoki gauzak ederragoak baitira». 161 partaide ezberdinekin eginen dute lan aurten, ondare mailan, museoekin, jaialdiekin, Getxoko Udala edo Koldo Mitxelena kulturgunea bezalakoekin eragileekin...

Profesionalizazioa

Euskal Kultur Erakundea sortu zenean era amateurrean ari ziren artista eta elkarte anitz baziren, egun badira profesionalizatu edo erdi-profesionalizatu direnak. Horretan «garapen handia» izan dela azpimarratu du Etchegoinek. Hori bai, “amateur” hitzak kultura ogibide ez izatea bakarrik esan nahi duela nabarmentzen du: «horrek ez dio ezer kentzen kalitateari». Antzerkigintzan urteetan izandako esperientzia jarri du adibide: «Anitz gauza egin dira diru gutxirekin, eta ederrak izan dira».

Euskal Kultur Erakundeak egin duen 25 urteko ibilbidean elkarteek eta artistek haien lana ahalik eta gehien hobetzeko egin duten esfortzua agerian ezarri nahi izan du Etchegoinek. Azaldu duenez, garaian, egun bezala, izan antzerki, dantza edo bestelako arte adierazpenak taularatzeko momentuan kalitate bila profesionalengana jo izana aurrerapauso garrantzitsua izan da.

Elkarteen eta artisten laguntza gauzatzeko erakundeak berak egindako ibilbideari ere begiratu behar zaio. Izan ere, denborak aurrera egin ahala bere lana zehazten eta eremu jakin batzuetara mugatzen joan da. Hastapenean toponimiaz ere arduratzen zen, edo itzulpen teknikoez... 2004-2005 inguruan, aldiz, «bihurgune» bat izan zen Euskararen Erakunde Publikoaren sorrerarekin, hizkuntzari dagozkion lanak instituzio berriaren esku utzi eta kulturgintzan zentratu ahal izan baitzen Euskal Kultur Erakundea. 2000tik aurrera beste «bihurgune» bat eman zen, urte anitzeko programak garatzen hasiz: Kantuketan, Eleketa, Batekmila, Hogei’ta... «Euskal Kultur Erakundeak gaitasun batzuk lortu ditu, ondare edo ikusgarrigintzan adibidez, ekintzaile bihurtu da».