GARA
LEIOA

Ibon Ajuriagojeaskoa nagusitu zen Leioan

Finalaurrekoetarako txartela lortu du Ibon Ajuriagojeaskoak atzo Leioan jokatutako saioan nagusitu ostean. Abenduaren 3an Larrabetzun kantatuko du. Finalaurrekoei ekin aurreko azken kanporaketa Zaldibarren jokatuko da datorren larunbatean. Finalaurrekoak azaroaren 19an hasiko dira eta finala abenduaren 17an izango da, Bilbon.

Bertsozalez beteta ageri zen Leioako Kultur Aretoa. Bertan atzo arratsaldean egindako saioan Ibon Ajuriagojeaskoa gailendu zen, eta horri eskerrak finalaurrekoetarako txartela poltsikoratu du bertsolariak.

Denera 483 puntu eskuratu zituen irabazleak. Bigarren Ander Elortegi sailkatu zen, 467 punturekin. Hirugarren, Txaber Altube, 461 puntu lortuta. Ondoren sailkatu ziren Joseba Artza (460), Mikel Goiriena (454) eta Joseba Barandiaran (447).

Gai-jartzaile lanetan, berriz, Idoia Anzorandia aritu zen atzoko saioan.

Finalaurrekoei ekin aurreko azken kanporaketa datorren asteburuan jokatuko da Zaldibarren, Olazar frontoian. Arratsaldeko 17.30etik aurrera Beñat Romero, Beñat Vidal, Eneko Arrate, Igor Menika, Nerea Ibarzabal eta Peio Ormazabal igoko dira agertoki gainera. Finalaurrekoen fasea azaroaren 19an abiatuko da Markina-Xemeinen. Denera 18 bertsolari iritsiko dira eta 2014an finalista izandako bost bertsolari gehituko zaizkie: Etxahun Lekue, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Gallatebeitia.

Finala abenduaren 17an jokatuko dute Bilboko Miribillan.