Iraia OIARZABAL
donostia
Elkarrizketa
IñAKI DORRONSORO
EUSKO IKASKUNTZAKO LEHENDAKARIA

«Euskal Herriko konstituzioa garatzeko prest egongo ginateke»

2012an izendatu zuten Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakari eta erakundea berregituratzeko hausnarketa prozesuan murgilduta egon da urte hauetan. Euskal Herriaren erronkei erantzuteko barne eraldaketa diseinatu dute.

Gizartearekin konektatu eta honekin batera Euskal Herriak XXI. mendean dituen erronkei buruz hausnartu eta erantzunak bilatzea da Eusko Ikaskuntza berrituaren xede nagusia. Une zailak igarotzetik dator mendea betetzera doan erakundea, baina ilusioz eta anbizioz hartzen du bide berria, bere lehendakari Iñaki Dorronsorok azaldu digunez.

Berregituratze prozesu batetik zatozte. Zerk eraman zintuzteten horretara eta zeintzuk izan dira ondorio nagusiak?

2012an hautatu ninduten lehendakari, eta krisi ekonomiko oso gogor batean aurkitu nuen erakundea. 2013an, gure diru sarrerak 2010ekoen herena ziren. 53 langile zeuden Eusko Ikaskuntzan eta bere fundazioetan, eta hasteko, kaleratzeak egin behar izan genituen. Beste erremediorik ez zegoen. Askotan gertatzen da diru asko edukitzeak, edo nahikoa diru edukitzeak, barne definizioko kontraesanak eta ahuleziak tapatu egiten dituela. Dirua kolpean jaisten denean hori askoz ere nabarmenago azaleratzen da.

Lehendakari izendatu aurretik hasia nintzen jendearekin hitz egiten, eta lehenengo sentsazio bat jaso nuen: instituzio barruan iluntasun dezente zegoela erabakiak hartzerakoan eta ildoak markatzerakoan. Eusko Ikaskuntzak hausnarketa bat behar zuen, gardena eta parte-hartzailea. Prozesu bat abiatu genuen eta lehenengo autodiagnostiko bat egin genuen. Gure akademia eredua XVII. mendeko eskemetan oinarrituta dago, 1918an zentzua izango zuen, baina gaurko egunean? Eredu berri bat proposatu genuen hurrengo galderari erantzun nahian: Eusko Ikaskuntzak XXI. mendean nola posizionatu behar du Euskal Herrian dagoen baso horretan eta zertan izan behar du diferente?

Funtzioa hasierako berdina da: Euskal Herriko garaian garaiko erronkak eta gabeziak aztertu, eztabaidatu eta dibulgatzea. Baita horiei erantzuna eman eta proposamenak egitea ere. Hasieran hori guztia gizartearekin partekatzea ez zen hain nabarmena, gehiago zegoen perspektiba akademikotik enfokatuta. Gizarte zibileko joera hori eman nahi izan diogu orain. Eta zertan diferenteak? Kontzeptualki diferentzia inportanteena egiten ditugun lanak enfoke multidiziplinar batetik egiteko beharra azaleratzea izan da. Oraintsu irakurri dut albiste bat Finlandiako hezkuntza sisteman egin behar duten aldaketa bati buruz. Adin batetik aurrera lehengo ikasgaiak bertan behera utzi behar dituzte eta hezkuntza pluridiziplinarra jarri behar dute martxan. Adibide bat: ikasleek II. Mundu Gerra ikasiko dute ikuspuntu ezberdinetatik: geografiatik, ekonomiatik, kulturatik, politikatik, psikologiatik… Hemen historikoki sailen arabera funtzionatu dugu eta bakoitzak bere interesak zituen.

Hau da, Euskal Herriak dituen erronkei diziplina ezberdinetatik erantzutea da xedea?

Lehenengo guk aztertu beharreko auziak zeintzuk diren identifikatu behar dugu. Gai horiek batzar batean egindako planteamendu zabal batean identifikatu genituen, eta horri erantzunez garatu dugu 2016-2019 eperako plan estrategiko bat. Lehen aldia zen Eusko Ikaskuntzan bazkidegoari modu parte-hartzaile batean galdera hori mahai gainean jarri zitzaiona.

Gure filosofia da gizarte zibilak erabaki behar duela Eusko Ikaskuntzak zer ikertu. Eta ikerketa horien emaitzak berriro ere gizarteratzea.

Zeintzuk dira estrategia horren puntu nagusiak?

Bost lan eremu ditugu: egitura soziopolitikoa, eredu sozioekonomikoak, errealitate soziokulturala, euskararen etorkizuna eta horiek barnebilduz etorkizuna irudikatzeko ariketa. Lan eremu guztietako lehentasuna izango da lurralde guztietan ekimenak egitea, belaunaldien arteko loturak egiteko adin ezberdinetako jendea tartean sartzea eta genero ikuspuntutik ere emakume eta gizonen arteko oreka lortzea.

Egituraketa soziopolitikoari dagokiona da talderik sendoena. Jende asko eta intentsitate handiarekin ari da lanean. Egiteko asko daude esku artean. Horietako bi, liburu berde bat osatzea eta egituraketa soziopolitiko horretan dauden kontzeptuekin hiztegi bat egitea. Ideien borroka horretan kontzeptu piloa dago eta horien guztien definizioak mahai gainean jarri behar dira. Liburu berdeak Euskal Herriaren artikulazio juridiko-politikorako proposamenak bilduko lituzke.

Lantalde horretan, adibidez, egon daiteke baita ere planteamendu bat Euskal Herriko konstituzioa garatzeko. Eusko Ikaskuntzak 1922-23an proposatu zuen “Estatuto del Estado vasco-navarro” delakoa.

Azken horri helduz, hortaz, prest egongo zinatekete Euskal Herri independente baterako konstituzioa garatzeko?

Toki hori okupatu nahi dugu. Nik uste dut Eusko Ikaskuntza izango litzatekeela momentu honetan, hori mahai gainean jarriko balitz, egokienetako bat lan hori egiteko. Bere garaian eskatu gabe egin zuen.

Eredu sozioekonomikoak eta soziokulturalak ere landuko dituzue.

Kultura eta identitateen eremuan aztertzen ari diren galdera nagusiak dira globalizaziotik, teknologiatik eta immigraziotik datorkigun inpaktuak euskal kulturan nola eragiten duten.

Sozioekonomiari dagokionez, egin dugun definizioaren baitan zentzu eraldatzaile bat dago. Kritikoa izatea. Eusko Ikaskuntzaren funtzioa ez da dagoena aztertzea, baizik eta azterketa perspektiba kritiko batetik egitea. Euskal Herriko gizartearen eraldaketarako instituzio bat izan nahi dugu. Azkeneko krisi ekonomikoak eragin dituen txikizioek markatzen dute hausnarketa hori: ehun industriala jo du, langabezia igo da, pobrezia eta desberdintasuna gero eta handiagoak dira... Kuestionatu egin behar dugu, eta lehenengo fasea horretan eman dugu.

Bigarren fasearen galdera nagusia izango da Euskal Herriko eredu sozioekonomikoak ze berezitasun eta ze indargune izan dituen.

Izan ere, hausnarketa eta ikerketa sustatzea izan duzue xede. Zein egoeratan ikusten duzu Euskal Herria arlo horretan?

Hezkuntza sistema eta kultura soziala oso utilitaristak bihurtuta daude. Lotsa pixka bat ematen dit horrela esateak, baina karrera zientifikoak dira etorkizun gehien dutenak gaurkoz, humanitateekin lotutako karrerek etorkizun oso txarra dute. Eta hori desgrazia bat da. Horri soluzioa emateko pluridiziplinartasunetik joan beharko genuke. Azkenean, egiten dugun guztia norberaren onurarako komeni denaren arabera egiten dugu. Ez dugu lan bat lortzeaz harago gehiegi pentsatzen eta hori hezkuntza sisteman errotuta daukagu. Zientzia bera eta ikerketa bera gero eta instrumentalizatuago daude gure enpresetan ditugun beharretara. Zientzia, bere filosofian, da mundua konprenitu eta teoria berriak garatzeko tresna. Galdera berriak planteatzeari utzi diogu nolabait.

Berregituratze prozesuan sartuta zaudetela, zein da gaur egun Euskal Herriko instituzioekin duzuen harremana?

Momentu honetan perspektiba horretatik egoera ezin hobea dugu. Nafarroan egondako aldaketa erradikala izan da, diru laguntzak berreskuratu ditugu eta babes handia daukagu. Iparraldeko erakunde berriarekin sekulako espektatibekin gaude. Hor interlokuzio bat izango dugu Euskal Herriko instituzioen artekoa.

Akademikoki, beste erakunde batzuekin ze harreman duzue?

Momentu honetan proiektu hauetan unibertsitateko jende asko dago, baina plano partikularrean. Eusko Ikaskuntza Sariaren epaimahaia Euskal Herriko zazpi unibertsitateek osatzen dute. Oraindik mantentzen dugu unibertsitateen arteko lotura hori. Baina badaukat mezu bat, EHUko errektore berriari helarazi diodana: Eusko Ikaskuntzak ez du unibertsitatearen tokia bete behar ezagutza sortze aktibitateetan. Egin behar duena da EHUn sortzen den ezagutza ahalik eta gehien lehen aipatutako gaien inguruan txertatzea eta gizarteratzea. Horretan lankidetzan aritzeko prest agertu naiz.

2018an 100 urte beteko dituzue. Zeintzuk esango zenuke direla Eusko Ikaskuntzaren arazo eta lorpen nagusiak?

Ekarpen oso konkretuak egin ditu, memoria historikoan hor daudenak, batik bat gerra zibilaren aurretik. Esaterako, lehen aipatutako “Propuesta del Estatuto vasco-navarro”. “Universidad vasco-navarra” sortzeko proposamena ere egin zuen, baina gerra garaian moztu zuten. Euskaltzaindia sortzea ere oso garrantzitsua izan zen, euskararekin lotutako lehenbiziko ikastolaren kontzepzioarekin batera. Zailtasunak historian zehar klima politikoarekin lotutakoak izan ditu. Krisi ekonomikoak ere izan ditu aurretik. Eta gero barne zailtasunak, Eusko Ikaskuntzaren kontzepzioaren inguruan eta barruko interes ezberdinei lotutakoak. Jarraipenaren inertzia gailendu da askotan eta galdera askori ez zaio erantzunik eman urte askoan.

2019ra plan estrategikoa gauzatuta iristeko esperantzarekin zoazte orduan?

Anbizioarekin. Edozein proiektutan ilusiorik ez badago oso konplikatua da mugitzea. Askotan esaten dut utopiak, oso prentsa txarra badu ere, beharrezkoak direla.