Oihane LARRETXEA
DONOSTIA
Elkarrizketa
PAUL BILBAO
KONTSEILUKO IDAZKARI NAGUSIA

«Eragileok bezala, oso serio hartu beharko lukete protokoloa erakundeek»

Han-hemenka ibili da azken urtean Paul Bilbao (Algorta, 1971) hizkuntza gutxituen egoerak –askotan makurrak– bertatik bertara ezagutu eta haien ekarpenak jasotzen. Prest dute Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa eta hunkituta dago komunitateek prozesuarekin berarekin azaldutako kemenagatik handiek txikiek irents ez ditzaten.

Europako hizkuntza gutxiagotu guztiek izango dute aldarrikapen taula amankomun bat, guztien artean prestatua gainera: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa da eta larunbatean aurkeztua izango da Donostiako Kursaalen. Orain arte ez zen lortu elkar ezagutzen ez zuten eragileak dokumentu beraren bueltan lanean jarri eta urtebetean denen artean adostea. Kontseiluak eta Donostia 2016k sustatua, 400 ekarpenetik gora jaso dituzte, eta aditu talde batek blindatze akademikoa bermatu dio dokumentuari.

Zer da hizkuntza gutxitu bat?

Gutxiagotze prozesu bat izan duen hizkuntza. Maiz erabiltzen da «gutxiengoa», baina hori elementu matematiko bat da. Populazio batean %50 baino gutxiagoa zarenean gutxiengoa zara, baina guk ez dugu inoiz erabiltzen, nahiz eta hizkuntza horietako gehienak gutxiengoak diren. Zergatik? Batzuk ez direlako gutxiengoak, katalana kasu. «Gutxitua» esaten dugunean esaten ari gara zerbait gertatu dela hala bilakatzeko.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztuko duzue larunbatean.

1996an onartu zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala hartu dugu oinarritzat. Hor zehaztutako eskubideak hartu eta horiek bermatzeko zein neurri hartu behar diren zehaztu dugu, orotara 185 neurri. Berezia zera da, gizarte eragileok zehaztu eta definitu dugula, eta horixe da dokumentuaren sostengu nagusia: gizarte eragileak gara, gure hizkuntzen normalizazioan inolako mendekotasun politikorik gabe lan egin dugu, bagara nor esateko zein neurri hartu beharko liratekeen hizkuntza eskubideak bermatzeko.

 

Diagnostikoa egina dago, goazen beraz neurrietara. Zer da proposatuko dena?

Hau ibilbide orri bat da. Deklarazioak berak atalak ditu, baita protokoloak ere: hezkuntza, sozioekonomia, kultura, hedabideak, osasungintza… atal horietan azpiatalak sortu ditugu neurri zehatzekin. Adibidez, hedabideei dagokienez, informazioa hizkuntza gutxituan jasotzeko eskubidea, edo kate publikoetan hauen presentzia bermatzea, baina ez nahikoa. Protokoloak dio edozein hedabidek zuzeneko edo zeharkako laguntzak baditu kuotak ezarri behar direla. Hala, pixkanaka neurri zehatzekin osatu dugu dokumentua.

Baina lanean jarri ginenean bagenekien guztientzat baliagarriak ziren neurriak zehaztea oso zaila zela egoerak oso ezberdinak direlako. Parte-hartzearekin gainditu dugu oztopoa, eta hori da balio erantsia ematen diona: Europako hizkuntza komunitate gutxitu ia guztietako eragileek egin dute beren ekarpena. Horregatik izan da prozesua bera oso garrantzitsua.

Protokoloak, testuaz gain, kaiera bat du. Zertan datza?

Hizkuntza komunitate bakoitzak osatuko duen atal praktikoa da. Hizkuntzak ezin dira alderatu, inguru batean urratzen direnak beste batean errespetatu egiten direlako. Neurri bakoitzak horregatik bere adierazlea izango du, eta komunitate bakoitzari bost urteko prospekzioa eta hamar urteko muga egitea eskatu diogu. «Zuen ustez zein neurritan jarri behar da indarra? zeinek du lehentasuna? Zein da bigarren mailako?» Bakoitzak galdera askori erantzun beharko dio. Bakoitzak azpimarrak bere premietan jarriko ditu, hau da, kaierak aukera emango du hizkuntza komunitate bakoitzak erabakitzeko nola erabili protokoloa.

Gizarte eragileak erabat busti zarete. Zein neurritan daude deituak erakundeak?

Oso modu zuzenean, neurri horiek betetzeko eskumena beraiek dute. Alegia, guk orain badugu tresna bat aldarrikatzeko, proposatzeko eta elkarlanerako erakundeekin. Noski, kaierean neurri bakoitzaren alboan agertzen da zein erakunderi egiten zaion interpelazioa. Gure ustez, erakundeentzat ekarpen itzela da hizkuntzen berreskurapenaren alde lan egiten dugun gizarte eragileok prestatu dugulako, eta aski ondo ezagutzen dugu hizkuntzen egoera: opari gisa eta oso serio hartu beharko lukete erakundeek protokoloa. Eragileok hartu dugun bezainbeste. Ekarpen integralak dira asko, material guztia bilduko bagenu erabil genezake hizkuntza politika oso bat definitzeko. Baina oso ondo bereizi behar da hauek hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak direla, ez hizkuntza normalizatzeko. Batzuetan berdinak dira, baina lehenengoa ezinbestekoa da bigarrena bete dadin.

Protokoloaren aurkezpen soziala larunbatean izango da. Eta gero, zer?

Protokoloak jarraipen batzorde bat izango du. Talde antolatzailea osatzen duten sei erakundeei proposatu genien lantalde horren kide izateko, eta denek baiezkoa eman digute. Jakina, Donostia 2016 desagertu egingo da, baina dokumentua jaio baino ez da egin. Kontseilua izango da idazkaritza teknikoaren arduradun, eta honezkero badugu definituta zer egingo dugun: atxikitzaile-sinatzaile bihurtu diren ehundik gora eragileek hurrengo urtetik aurrera beren kaierak prestatuko dituzte. Kudeaketa lanetan arituko gara gu, depositu gisa kaier guztiak bilduko ditugu, informazioa eta ekarpenak gurutzatu eta komunitateei ahalbidetzeko baliagarri zaiena elkar trukatzea.

Bestetik, nazioarteko erakundeei helaraziko zaie dokumentua igandean bertan. Zentzu honetan urteetako plangintza ere diseinatuko dugu erakunde horietako bakoitzaren baitan lantzeko. Jakin badakigu dokumentu honek ezin duela bihurtu nazioarteko itun, eskubide kolektiboak tartean daudenean estatu askok betoa jartzen dutelako, baina erreferentea izatea nahi dugu. Gutxienez honek duen babesa azpimarratuz heldu nahi dugu, alegia, hau ez dela euskaldun zoro batzuen kontua, hemen atzean ehun eragiletik gora eta hogei hizkuntza komunitate baino gehiago gaudela, eta hiztunak ordezkatzen ditugu, eta errespetu osoz, baina kutsatu gabekoak, ez gara ez alderdi politikoak ez beste interesik dutenak.

Hizkuntzen memoria historikoa jaso du protokoloak. Zer esan nahi du?

Berez ez da hizkuntza eskubidea, aldarrikapen kutsua du gehiago, karga sinbolikoa du, baina garrantzitsua da aipatzea administrazio publikoek baliabideak eskaintzea ezagutu dadin hizkuntzen galeraren zergatia, hizkuntza komunitateak baduelako eskubidea jakiteko zer gertatu den bere hizkuntzarekin. Horrekin lotzen da gehiago, eta dokumentua prestatzen aritu garela asko eztabaidatu eta aztertu den auzia izan da.

Euskararen kasuan argi gelditzen da kanpoko esku-hartzeen ondorioz izan dela, baina herri gogoa beti indartsua izan da, eta horri esker ez da itzali. Ariketa hori oso garrantzitsua da etorkizunari begira berriro gerta ez dadin, beste gaiekin egiten den bezala. Asko harritu egiten dira hizkuntza halako parametroetan kokatzean, baina hori ere egin behar da.

 

El Foro Europeo de la diversidad lingüística comienza mañana

El Protocolo de Garantías de los Derechos Lingüisticos se presentará este sábado a partir de las 11.30 en el Kursaal de Donostia, ciudad que desde mañana acoge el Foro Europeo de la Diversidad Lingüística. La cita reunirá a agentes, entidades y especialistas que trabajan en la defensa y la promoción de las lenguas minoritarias europeas desde la sociedad civil, el mundo de la investigación y la cultura, y múltiples organismos como la Unesco, entre otros.

El eje clave del foro es «la construcción europea y contribuir un nuevo modelo sostenible de convivencia y relación entre diferentes», tal y como se recoge en la Misión de Donostia 2016.

La inauguración será a las 9.30, y la primera en tomar la palabra será Suzanne Romaine, profesora en la Universidad de Oxford, y reconocida mundialmente por sus trabajos en lingüística histórica y sociolingüística. Además, es pionera en ligar diversidad lingüística con sostenibilidad, tema sobre el que hablará.

En esta primera jornada, ya por la tarde, tendrán una presencia especial los debates relacionados con la educación plurilingüe, con análisis sobre las prácticas habituales y los buenos hábitos en educación. También pondrán el foco sobre los jóvenes para lograr convertirlos en «hablantes activos» de lenguas minoritarias. Compartirán experiencias representantes de varias universidades: Ginebra, Lleida, EHU/UPV, Bangor (Gales) o Finlandia, entre otros.

El viernes será el día de la Carta Europea de las lenguas Minoritarias y Regionales. Se debatirá y analizará la actual, y a partir del mediodía cuatro expertos compartirán micrófonos para desgranar el camino hacia una política lingüística europea.

La segunda parte de la jornada arrancará con el euskera y su proceso de revitalización. Se hablará sobre los logros, pero también sobre los retos del futuro, y será esta ponencia la que preceda a la esperada presentación, por parte de la Unesco, del nuevo Atlas de las Lenguas del Mundo. Frank La Rue desvelará entonces cuál es la situación actual, y en qué medida y en qué sentido ha cambiado el Viejo Continente. O.L.