Ramon SOLA
EUSKO GUDAROSTEA HIL ZUTENEKO 80. URTEURRENA

SASETAREN IKURRINA ALTXATU DA BERRIZ HONDARRIBIAN

BERE BORROKA BESTE BATZUEK JARRAITUKO ZUTELA IRAGARRI ZUEN GUDARIEN BURUAK HIL AURRETIK, ETA EZ ZUEN HUTSIK EGIN; BAINA ZERTAN DA GAUR KANDIDO SASETAREN ONDAREA? ATZOKO 80. URTEURRENEAN BEHINTZAT GUZTIEN GOGOAN IZAN ZEN, ETA ORDUAN BEZALA HAREN ERREFERENTZIA MITIKOAREN INGURUAN BATU ZIREN INDARRAK ETA AMETSAK.

«Aske izateko erabakitasuna erakustea guri bakarrik dagokigu. Eta azkenean galdu egingo bagenu, hurrengo belaunaldiak ikurrina berriz altxa eta askatasunaren alde abiatu dugun batailan jardungo du». Horrela mintzo zen Kandido Saseta duela 80 urte baino zertxobait gehiago, Euskal Herritik kanpo, Asturiaserako gudu-zelaian, bizia galduko zuela dagoeneko jakingo balu bezala. Garaiturik baina ez ezabaturik, Euskal Herri aske baten ametsa atzo loratu zen berriz Hondarribiko kanposantuan, gudarien komandante nagusiaren gorpuzkiak gordetzen dituen lur puska xumean hain zuzen ere.

Urteurren borobil honen aitzakian, belaunaldi eta ideologia ezberdinetako abertzaleak erakarri zituen berriro Sasetaren itzal luzeak, orduko 1936-37an ekintzaileak, jeltzaleak, komunistak, anarkistak.... guztiak bere agindupean bildu zituen bezalaxe. Eguerdian era apalago eta hurbilagoan izan zen, Hondarribiko Sasetaren Aldeko Taldeak deiturik, eta arratsaldean jende gehiago eta ardura handiagokoarekin, ospakizun ofizialean. Bietan giro goxoa sortu zuen egunak, 2008an ez bezala. Orduan, Sasetaren gorpua aurkitu berria zelarik, egun ere Gipuzkoako ahaldun nagusi den Markel Olanoren hitzak txistuka hartu zituzten omenaldira hurbildutako batzuek, Saseta bezalako heroiak eta geroko «terroristak» bereizi zituenean. Atzo, 1936ko belaunaldi hura gorestera mugatu zen Markel Olano, «faxismoari aurre egin ziola» gogoratuz. Buruarekin baiezko keinua marraztu zuen airean Gerardo Bujandak, Sasetaren burkideak: 98 urte ditu egun eta oso gogoan du Oiartzungo lubakietan bete zituela 17.

Belaunaldi eta pentsaera ezberdinetakoak dira ere Xabier Arzalluz eta Arnaldo Otegi, baina EH Bilduko liderra izan zen EAJko agintari historikoa agurtzera hurbildu zen lehena, kanposantuko atea zeharkatu bezain laster.

Historia? Hori ere ez?

Sasetaren heriotza eragin zuen gerra hura amaitu zen, baina gatazkak beste bide batzuetatik jarraitu du gero, gaurdaino, batzuetan odol jarioz eta orain politikaren agertokian. Hortaz, galdera zilegi da: Historia hutsa al da Kandido Saseta? Bere herriaren askatasunaren aldeko grina bizirik dela nabarmendu zen eguerdian zein arratsaldean eta batean zein bestean ‘‘Eusko Gudariak’’ abestu zen.

Aurrekoaren galdera osagarri bat ere egin daiteke: Historian al da Kandido Saseta? Telesforo Monzonen duela lau hamarkadako kantuak gudarien komandantea eta Eustakio Mendizabal «Txikia» uztartu zituen, azken hau, ETAko militantea, «Sasetaren hurrena» zela esanez eta bien izenak etorkizuneko ikastoletako testuliburuetan agertuko zirela iragarriz. Ez da horrela izan, ez eta lehenengoaren kasuan ere, eta horri heldu zion goizeko ekitaldian Jose Ramon Enparanek, Hondarribiko Sasetaren Aldeko Taldearen izenean: «Sasetaren bizitza eta baloreak unibertsitatean eta ikastetxean irakasgai izan beharko lirateke», planteatu zuen. Arratsaldean gauza bera entzun zen Arantxa Saseta ilobak bidalitako mezuan: «Bere memoria eta giza baloreak arlo akademikotik jorratzea eta irakastea eskertuko genuke. Oroitarazteko pertsona bat izateaz gain, gure herriaren Historiarako pertsona izan beharko litzateke Kandido Saseta komandantea».

Borroka luzea darama Sasetaren Aldeko Taldeak, hamarkada ugaritan erdi ahazturik zen gudarien buruarekiko oroimenak merezi duen tokia har dezan: «Kanposantuko horma batean Sasetaren omenezko plaka jarri genuen 2004. urtean, baina tamalez gaur hori da Euskal Herri osoan bera oroitzen duen bakarra. Ea 80. urteurren honek bere memoria berrartu, zabaldu eta ezartzeko balio duen».

Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk berak onartu zuen, atzo, talde honek egindako lana. Eta Arantxa Sasetaren senar Antxon Zarragak, mezua irakurri ondoren, aipamen bat erantsi nahi izan zuen, Lakuako eta Gipuzkoako Aldundiaren ordezkarien aurrean: esker ona azaldu zion aurrez aipaturiko Jose Ramon Enparan «ezker abertzaleko kideari», Arecesen gorpuzkiak ateratzeko egindako lan itzelagatik. «Beranduago joan izan bagina, ez genituzkeen inoiz aurkituko», ekarri zuen gogora. Ordurako, agian, ez baitziren bizirik egongo Ramon Valdes eta Aurelio Suarez aitona asturiarrak: hamabi urte zituzten Saseta eta haren burkideetako batzuk lurperatzea tokatu zitzaienean.

Gerra garaiko hil arterainoko borroka etengabeaz gain, bada zer irakatsi Sasetaren bizitzaren inguruan. Egungo talaiatik ikusita, sinestezin diruditen herria maitatzeko moduak ageri zaizkigu: esate baterako, 1936aren aurretik Ceutan Intendentziako kapitain zebilela, bere dendako atean paratua zuen idatzia: «Emen sartzen dana, Euzkadin da. Euzkalduna bazera, mintzatu euzkeraz. Eta abertzalea bazera, deadar zazu nerekin: Gora Euzkadi askatuta!». Eduardo Renobales historialariak idatzi zuenez, salbuespen izugarria izan zen Saseta bera: «Armadaren profesional batek behingoz bat egin zuen erresistentzian zebiltzan herritarrekin, jazarpen faxistaren aurka herri eskubideen bandera altxatu zuen, eta lehenengo lerroan egin zuen».

Bujandaren emozioa

Hortxe akabatu zuten frankistek tiro batez, Areces izeneko Asturiasko herrixkan, beste ehun bat gudarirekin batera, gerora ‘‘El Pradón de los Vascos‘‘ (‘‘Euskaldunen Belardia’’) deitua izan den tokian. Euzko Gudarostearen ardura nagusia izan arren, 32 urte baino ez zituen Kandido Sasetak. Gaur dakigunaren arabera, Oviedo Errepublikarako berreskuratzeko ahalegin hori egiteaz ez zegoen batere konbentziturik, baina Jose Antonio Agirre lehendakariaren agindua zintzo eta ausart bete zuen. Enparanek atzo kanposantuaren atarian aipatu zituen baloreekin segituz, elkartasuna eta leialtasuna bistan uzten ditu pasarteak.

Arecesen eroritako gudari gehienen gorpuak oraindik han nonbait lurperaturik daude, berreskuratu nahi eta ezinik. Baina bizi-bizirik, Bujandaren begietan. Busti egin zitzaizkion, une batez, batailoi horren ikurrari musu eman zionean.

INTERVENCIONES

«Aguirre, Leizaola, Saseta... Es nuestra generación de oro e hizo un sacrificio increíble frente al fascismo»

MARKEL OLANO

Diputado general de Gipuzkoa

«Su vida y sus valores tendrían que enseñarse en las ikastolas y en las universidades»

JOSÉ RAMON ENPARAN

Sasetaren Aldeko Taldea

«Más allá de una persona para el recuerdo, debería ser una persona para la Historia de nuestro pueblo»

ARANTXA SASETA

Sobrina de Kandido Saseta

«Saseta es sinónimo de democracia, libertad, solidaridad, abertzalismo... sinónimo de Euskal Herria»

TXOMIN SAGARZAZU

Alcalde de Hondarribia