2017/03/19

Asier Otamendi finalaurrekoan irabazle; finalerako seikotea prest

Aramaion jokatutako Arabako Bertsolari Txapelketaren bigarren itzuliko seigarren eta azken finalaurrekoa irabazi du Asier Otamendik. Horrenbestez, sailkapena itxita, finalerako seikotea erabakita dago.

GARA|ARAMAIO
0319_p046_kulbertsolaria

Atzo Aramaion jokatutako Arabako txapelketaren seigarren eta azken finalaurrekoa aise irabazi zuen Asier Otamendik. Arabako bertso eskolen sarea irudikatzen zuen amaraunaren pankarta atzean zutela, oholtza gainean jardun ziren sei bertsolarien artean bera izan zen puntu gehien batu zituena; hurrenez hurren, Oihane Perea, Serapio Lopez, Andere Arriolabengoa, Zigor Enbeita eta Izar Mendiguren atzean utzita.

Hamalau bertso puntuagarri kantatu zituzten, horien artean bost bakarkako lanean, kartzela formatuan. Jarritako ariketa guztiak egin ondoren, 266,6 punturekin Otamendik eskuratu zuen puntuaziorik onena.

Gasteizko finala erabakita

Aramaioko saioa azken finalaurrekoa izanda, itxita geratu da txapelketako sailkapena. Puntuazioaren arabera honako hauek izan dira lehen sailkatuak eta, beraz, finala jokatuko duen seikotea; Gasteiztik datozen Otamendi eta Iñaki Viñaspre, Manez Agirre eta Xabi Igoa aramaioarrak, eta Zalduondo eta Baranbiotik datozen Oihane Perea eta Serapio Lopez.

Kontuak horrela, Arabako bertsolari txapelketako finala eta bertsozaleen hitzordu perla apirilaren 1ean Gasteizko Printzipal antzokian jokatuko da.


 

 

Salimos a la calle a realizar un experimento...
 
¿Y SI NO SE CUENTA?
Kontatzen ez dena ez da