Haritz LARRAÑAGA
HERRI URRATS

SENPEREKO AINTZIRAK GAINEZKA EGIN ZUEN JENDE UHOLDE BATEK BULTZATUTA

EUSKARA BULTZATU, IKASTOLAK LAGUNDU ETA BESTAZ GOZATU NAHI DUENAK ATZO BEZALA EGUZKIA LAGUN DUENEAN, JAIA GAILENDU ETA GAINERAKOA BIGARREN MAILAN GERATZEN DA. HALAKOETAN, GUZTIA ONGI ATERA DADIN LAN EGITEN DUTEN 2.000 LAGUNTZAILEAK ERE IKUSEZIN BILAKATZEN DIRA PERTSONAZ OSATUTAKO ITSASO ZABALEAN.

Urtetik urtera izaten diren berrikuntza eta moldaketez harago, Herri Urratsek euskararen eta ikastolen alde Euskal Herrian egiten den festa garrantzitsuenetakoa izaten jarraitzen du. Antolakuntzan zein maila teknikoan ahalegin handiak egiten dituzte, Senperera gerturatzen direnei gauzak erraztu eta behar dutena eskaintzeko. Horrela, aurtengoan esaterako, esku-orrien bidez eman ohi den informazioa zabaltzeko webgune fisiko bat eratu zuten proba aitzindari moduan.

Goizean goizetik jo eta su lanean ari ziren atzo ere ehunka laguntzaile. Lakuaren inguruan edo kanpoaldeko errepideetan, jaka berdeekin, laguntzaileak prest ziren, jende uholdeari aurre egiteko. Aldi berean, irekiera ofiziala egiten den eraikinaren kanpoaldean alderdi, sindikatu eta euskara munduko ordezkari andana biltzen hasi zen.

Irekiera ofizial jendetsua

Hizlariek zein entzuleek, lekua hartzera abiatzen ziren bitartean, disimulu handiz, goizeko lehen orduetan gehien kontsumitzen den droga arrastoak uzten zituzten bidean, hots, plastikozko kafe ontziak han eta hemen, zoko batean zein bestean. Aretoa aurpegi ezagunez leporaino bete zen, bederatzi hizlari eta mikrofono bakar bat, zutik eta tinko, 50 bat lagunez osatutako entzuleriari begira.

Ordu eta erdi iraun zuen aurtengo edizioaren irekiera ofizialak. Paxkal Indok esan zituen lehen hitzak: «Gaur frantsesez esango ditudan hitz bakarrak esatera noa», abisatu zuen Seaskako lehendakariak, jarraian, itzulpena behar zutenek «kaskoak hartu eta bigarren kanala ezarriz» guztia ulertzeko moduan izango zirela gaineratzeko.

Txantxak eta umore ona izan ziren ordu eta erdi luze iraun zuen irekiera ekitaldian, baina hizlariek beren artean gurutzatutako mezu zuzen eta gogorrak ere izan ziren. Senpereko auzapezak hitz egin zuen lehenik, labur, oso labur, ongietorria emateko. Hari Andres Urrutiak jarraitu zion; «labur lehiaketan» irabazteko asmorik ez bazuen ere luze joko ez zuela esan eta hitza bete zuen Euskaltzaindiko kideak.

Hortik aurrerakoak luzeagoak eta serioagoak izan ziren. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak «arnasa-berritzailea» den Herri Urratsera ongi etorria eman zion Jean-Rene Etchegarayri, ikastolen aldeko bestan lehen aldiz Euskal Elkargoko lehendakari gisa parte hartzen zuela eta.

Silvane Alaux diputatua eta Jean Jacques Lasserre, Pirinio Atlantikoetako senatari eta presidentea, frantsesez aritu ziren. Bingen Zupiria Kultura sailburuak, Eusko Jaurlaritzako ordezkari gisa, «Urkullu lehendakariaren agurra eta besarkada» ekarri zituen. Artean, jada kanpoaldean zarata handitzen ari zen; joaldunen, dultzaineroen eta inguruak jendez betetzen hasiak zirela aditzera ematen zuten hotsak gero eta ozenagoak ziren.

Euskal Elkargoko lehendakariak hitza hartu behar zuenerako entzuleen bisaiek nekea erakusten zuten. Etchegarayk euskaraz eta frantsesez eskaini zuen diskurtsoan, aurrez beste hizlariek egin moduan, datorren ikasturterako Seaskak Baionan ireki nahi duen Bernat Etxepare lizeo berria izan zuen hizpide, iaz bezala, aurten Senperen bildutako diru guztia proiektu horretara bideratuko baita.

Mugarik gabeko festa

Harrera ekitaldia amaitu zenerako Senpereko aintziraren ingurubirak Herri Urrats arrakastatsu baten tankera zuen. Gune bakoitza festa betean zen, Xiberoan haur eta gurasoak puzgarrietan saltoka, Araban mutxikoak dantza betean, Gipuzkoa gunera gerturatuak musikaz blai ziren eta Lapurdiko eremuan sagardotegi giroa zen nagusi.

Tirolinan behera lakua airean zeharkatzen zuten haurrek itzulia egiten ari ziren oinezkoak agurtzen zituzten Bizkaia gunean, eta Nafarroan, oholtza handian ziren kontzertuetan, nerabeak Baxe Nafarroa gunean izan ohi diren postuetako batean erositako ikurrina eta «Gora Euskadi» txapelekin garrasi egiten zieten etxeko logeletan itsatsita dituzten posterretako abeslariei. Edonola ere, herrialde batetik bestera joateko ez zen muga edo ordainlekurik, giza kate mardul bat baizik.

Aintzira inguruko larre eta zelaiak autoz bete ziren. Itzala, on preziatu bilakatu zen, ez baitzen erraza sagardo botila eta lukainka ogitartekoaz gozatzeko gerizpea aurkitzea. Besterik ezean, jendeak eguzkipean leku hartzen zuen. Han zen, esaterako, ezaxola, kuadrilla bat otordu giroan, Gurutze Gorriaren postuaren ondoan, jakin gabe leku berean arma eta lehergailu sorta bat agertu zela apirilaren 8an.

Aurrerago, pastoral baten aitzinean, euskaldun bat bere Marseillako lagunari antzerki haren nondik norakoak azaltzen. Trikitilariak, txistulariak, txarangak eta mota guztietako perkusionistak nonahi, dantzari kuadrillak, txosnetako ilarak, lagun multzoak bazterretan eserita, eta mugimendu etengabea, ikastolen elkarteak, jarritako helburuak betetzeko behar adina diru bildu, eta euskarak bizirik jarrai dezan.