2017/05/20

MARTXEL MARISKAL
IDAZLEA

Poesiatik idatzi eta esan ditu bereak Martxel Mariskalek «Azken zakatzak» (Susa) lanean. Bere-bereak dira lerro artean irakurgai diren gogoetak, oinaze, itsaso, edertasun, bilaketa pertsonaletik kanporako bidean jarri dituen pentsamenduekin osatu baititu arnasa luzean gozatzekoak diren egitura sotilok.

«Oinazean dagoen gizakiak ezin du une txiki batez ere existentziarengandik urrundu»
Ariane KAMIO|Donostia
0520_kul_mariskal1

Martxel Mariskalek (Hondarribia, 1964) oinazea lagun du. Hamahiru urte luzetan izan du bidaide gripe baten ondorioz nerbio sisteman sortutako infekzio batek eragiten dion mina. Eta helduleku ere bihurtu du “Azken zakatzak” lanik berrienean. Poesia, lehenengoz. Aurretik “Me llamo Ezequiel, y así será siempre” (Hiru) liburua argitaratutakoa da, eta musika taldeen letragiletzan ere egin du bidea, Lisabö-rekin, adibidez. Orain, espazio propiotik eraman du sorkuntza, geruza baztertutik, itsaso bat, mundu bat irudikatzeraino.

Oinazeak elkarrizketan presente egon izan nahi du. Hartara, solasaldi triangularra da hau, Internet sareko nonbait egindako geldialdia, mezu trukaketan: Mariskal, bere mina eta hirurok. Halabeharrez.

Ordenagailu aurrean zaude elkarrizketa hau egiten. Nola sentitzen zara?

Ordenagailua beti da neketsua niretzat: azpiko zurrunbiloa, pantailaren argi artifiziala... Gailu elektronikoak, digitalak eta antzekoak nahiko erasokorrak, nolabait esatearren, dira niretzat. Gaur gainera ez naiz batere ondo esnatu.

Zenbateraino baldintzatzen du zure egunerokoa oinazeak?

Erabat baldintzatzen du. Badira jada hamahiru urte luze oinazea dela nire egunerokotasunaren agintaria. Aginte eta makila horren kontra aritu gara urte horietan guztietan eta halaxe darraigu. Perspektibaz begiratuta, urrats esanguratsuak eman ditugu, baina oinaze kronikoa denez berorrekin bizitzen jakin behar. Hau da nire borroka, baina pertsona orok bere borroka propioa duela pentsatzen dut, beraz, ezin arranguran erori. Beti aurrera. Gainera, esan bezala, urte gogorragoak ezagutu ditut.

Zenbateraino da bertute oinazea poemak idazterako orduan?

Oinazea inoiz ez da bertute, zorigaiztoko deabru krudela baino. Halere, badu baliozko zerbait, denbora gelditu egiten du, edo norberaren ohiko bizimoduaren erritmoa eta arritmia. Alde batetik, oinazeak sufrimendua dakar, hala da, eta sufrimendua deusaren ezintasuna da, beste hitzetan, oinazean dagoen gizakiak ezin du une txiki batez ere existentziarengandik urrundu. Baina, tira, diodan bezala, denbora gelditu egiten da ere, denak egun luze bat dirudi, eta gizartearen dinamiketatik derrigorrez aldentzerakoan, bada bake bat ere, bada arnasa bat ere, bada patxada bat eta honek begirada berri bat, edo berritua, pizten edota areagotzen du. Behaketa den begirada horrek badu bere eragina bai idazterako orduan, bai harremanen tamaina neurtzeko, zaintzeko, ulertzeko orduan.

Bake hori, arnasa hori, nabarmena da zure poemetan. Erritmo pausatua dute, lasaiak dira, luzeak eta agian beste espazio batean sortuak.

Beste “espazio” bat... hori dudarik gabe. Pertsona beste “dimentsio” batean aurkitzen denean bere egiteek badute beste erritmo bat, kasu honetan oso geldoa dena. Halere, egunerokoan nirekin daramadan arnasa hori hautsi ere egiten da nolabait poemetan. Hitz-jarioa halako abian hasten zait kasik bere kabuz paperean, segur aski egunean zehar oso hitz gutxi egitera behartuta nagoelako. Nolanahi ere, poema batean, noski, hitz kopurua ez da kontu garrantzitsua, zuk diozun azpitik doan erritmo pausatua baino. Horrexegatik poema hauek horixe eskatzen dute irakurtzerakoan: geldotasuna, mantsotasuna, adierazlearen eta adieraziaren arteko lotura poliki dastatzea, sortzen diren irudietan murgiltzea. Erritmo horretan, “dimentsio” pausatu horretan sartzen dakiten irakurleak behar ditugu egun.

Hori da hain zuzen liburu honekin egiten duzun aldarrikapenetako bat, denboraren kontzientzia izatea.

Bai. Gaixorik dagoen gizarte batean bizi gara. Beti denboraren faltan gabiltza. Errealitate hau oso sintomatikoa da –oso arriskutsua ere bai, noski– eta ondorioak egunez egun ikusten ditugu tamalez. Gaia sakona da oso eta zaila egiten zait hitz gutxitan laburbiltzea. Esan dezagun bederen oso azalean bizi garela, sakontasunak asperdura pizten duela, jendeak ez duela denborarik begien aurrean merkatuak jartzen dion pantaila eta talka horretatik harago joateko. Egoera hau pentsamendu kritikoaren kontra doa zuzen-zuzenean, ondorioz, axolagabekerian bizitzeko joera gailentzen ari zaigu, eta honekin datoz, besteak beste, moralaren berdintasuna, pentsamendu ofizialaren omnipresentzia, dena merkatua denez, epeltasun arriskutsu bezain kutsagarria. Esan bezala, gaia sakona da, zaila egiten zait hitz gutxitan laburbiltzea.

Denboraren kontzientziarik gabe ez dago behatzeko gaitasunik, eta sormen prozesuek eta giza harremanek unearen eta bestearen eta inguratzen gaituenaren kontzientzia behar du ezinbestean. Hala ezean, axalean bizitzen jarraituko dugu, ziztu bizian, bai, baina norabide garbirik gabe.

Bide horretan doa edertasunaren bilaketa.

Edertasuna ez da denda batean edota on-line erosten den zerbait, edertasuna ez da behin eta berriro gauza “handiei” begira egotea, edertasuna zerbait bada esperientzia bat da, hau da, prozesu bat. Baina prozesuak bizitzeko lehen aipatu dugun denbora ez ezik, jarrera kontzientea behar du gizakiak, eta prioritateak kontzienteki zehaztu. Edertasunaren bilaketa norberaren esentziaren eta izatearen bilaketa da eta egiazko elkarrizketen eta harremanen bilaketa. Normalean gauza txikietan aurkitzen da edertasuna, baina gizarte “garatu” honetan gauza “handiei” begira bizi gara aho zabalik; itsutu egiten gaituzte eta badirudi gustukoa dugula itsutze hori. Edertasunaren bila joatea, jarrera kontziente hori mantentzea, edertasun txiki-galantenean murgiltzen jakitea, ikastea, partekatzea, nolabait, egungo sistemaren kontra joatea da ere. Borroka bikainagorik ba al dago? Iraultza gizatiarragorik existitzen al da? Edertasunaren alde bete-betean joko bagenu, konturatuko ginateke sormen-lana, poesia, artea giza harremanen oinarria dela, hortxe baitago gure arima, eta arimarik gabe ez dago inolako edertasunik, ikaragarrizko merkadoteknia nazkantea eta suntsigarria baizik.

Edertasuna itsasoan ere aurkitu duzu zuk.

Bai noski. Etxekoak itsastarrak izan gara belaunaldiz belaunaldi. Aita, aitona, anaiak, ni neu, denok neurri batean edo bestean marinelak izandakoak, beraz, gure familiak oso ongi daki zer den itsasoa. Aitona, aita, anai zaharrena, Pasai Donibaneko lehengusuak, Orioko senideak, arreba gazteena ere, ilobak, guztiak arraunlariak baita ere. Itsasoa, beraz, beti gurekin bai otorduetan bai pentsamenduan, eta batez ere gure zainetan. Itsasoaren alderdi ilun eta zakarrenak ikusi eta bizi izan ditugu zoritxarrez, baina era berean etsai eta maitale dugun itsasotik ezin aldendu. Bestalde, edo aipatutako errealitate horrekin batera, metafora ederra izan da beti itsasoa, ez niretzat bakarrik, literaturaren historian maiz ikusi dugu presentzia boteretsu hau. Azken batean naturaz ari gara, eta gizakiaren barne muina guztiz lotuta dago naturarekin. Zoritxarrez, naturarengandik urruntzen joan gara, oso modernoak, oso urbanitak eta oso zibilizatuak garelako, agian hortik datoz ere egungo gizarte hipermodernoaren hainbat eta hainbat gabezia eta gaitz. Natura gara, ez dezagun ahaztu. Uste dut euskaldunok badugula herri bezala miresmen eta kontzientzia berezia naturarekiko, itsasoa dela, mendia dela, gure identitatearen zati garrantzitsua bezala ikusten dut naturarekin izan ohi dugun harremana; ez dezagun galdu.

Eskola ere izan duzu itsasoa.

Pertsona intelektuala baino emozionala naizela esango nuke, baina badut, izan dut, prestakuntza akademiko nahiko luzea. Hainbat unibertsitatetan ibilia naiz bai AEBetan bai hemen, baina nire garapenean itsasoa izan da eskola nagusia. Intelektualen edota sasiintelektualen munduan, sasiartisten munduan bezala, sarritan apaltasun falta ikaragarria aurkitzen dugu, itsasoak aski ondo erakutsi zizkidan 15 urte besterik ez nuela –eta aita patroi nuela– benetako gizakia izatea zertan datzan, eta ikasbide horretan ttipi-ttapa jarraitu nahi dut. Eskifaia baten partaide izatea, gauak eta egunak bata bestearen atzetik ontzi berean aritzea bada bai nolanahiko eskola.

Egungo gizartean ez daukagu inolako erritu edo esperientziarik heldutasunerantz joateko, ondorioz umetasuna edo umekeria luzatu eta luzatu egiten da; ez da oso erraza benetako pertsona helduak aurkitzea egungo helduen artean. Hor publizitateak, mass mediak, diskurtso publikoak, erosotasunak, ongizateak badute zeresana, ardura zuzena. Eta eskolak, instituzio gisa bizi duen ospe galtzeak ere bai. Hau ere gai sakona.

Poesia duzu oinaze horien sendabide. Eta musika?

Ez dakit poesia sendabidea den, baina bai bizitzen dut beharrezko espresio eta lanketa bezala. Musika ere poesia da, poesia etereoa, guztiz magikoa. Nire egoera dela-eta ezin ditut musika mota asko entzun egun, etxean gehien bat soinu-bandak eta musika instrumentala, lasaia, entzuten dut. Musika eta hitza elkartzen direnean beste poesia eta magia mota bat dugu ere, horrexegatik gaztetxoa nintzenetik hain gustukoak izan ditut beti musika eta hitza maisuki uztartzen dituzten artistak.

Zeu zara maisu horietako bat, hainbat talderen letrak egiten aritu izan baitzara. Ez kendu meriturik zeure buruari…

Ez, ez, mesedez. Ni beti ikasten, ikasteko gogoz, eta ahal dudan neurrian eskaini eta partekatzeko irrikitan. Maisuak beste batzuk dira, eta sekulako plazera da beraien lanak dastatu ahal izatea. Niri dagokidanez, egin ditut kontent egoteko moduko lantxoak, baina ni ikaslea naiz, ez maisua, eta hau ez da posea, ez da xumearena egitea. Baina, mila esker.

Zer eskertzen duzu jasotzea idazle gisa? Zein duzu errekonozimendurik handiena?

Edonork bere eguneroko bizitzan denbora hartu izana idatzitakoa irakurtzeko. Keinu, ahalegin horri eman behar zaio lehenik eta behin berorrekin dakarren balioa. Harago joanez gero, irakurleari pertsona bezala baliagarri gertatu zaiola, benetan iritsi izan zaiola entzutea ezin pozgarriagoa da niretzat, hortxe sortzen baita sentsibilitateen arteko topaketa berezi bat, eta oso berezia den pertsonen arteko identifikatze eta elkar ulertze bat ere bai.

Oinazetik ihes egin ahal izango bazenu…

Lagunekin afaltzera joango nintzateke, akelarre batean parte hartuko nuke, lagunekin elkartu eta musika jo eta jo eta joko nuke lehertu arte, dantza egingo nuke, eroaren gisara oihukatuko nuke, goiz-goiz esnatuko nintzateke, bizpahiru eleberri idatziko nituzke bata bestearen atzetik, familia guztia bildu eta bidaia eder bat egingo nuke, atzerriko lagunak bisitatuko nituzke, motorra erosi eta kostaldetik ibiliko nintzateke goizaldeetan eta ilunabarretan, Lisabörekin oholtzara igo eta arrapaladan nire hitzak botako nituzke eta beraien musika katarsikoan fisikoki erabat murgildu, eta barre egingo nuke etengabe honek buruko mina areagotzeko beldurrik gabe. Ikaragarria izango litzateke. Lagunekin eta familiarekin berez naizen bezala, muga fisikorik gabe, besarkada erraldoi batean murgilduko nintzateke. Eta itsasoratu ere bai lagunen baten ontzian.

Eroso sentitu zara sasiesperimentu honetan?

Bai, eroso, baina une honetan porru eginda nago. Ez nengoen oso ongi hasi garenean eta oinazea gorantz joan da etengabe. Horrelakoetan oinazearekin batera mareatuta ere geratzen naiz, beraz, orain jan, botika nazkanteak hartu, eta etzan. Baina ez gaizki sentitu, hauxe da nire errealitatea eta benetan diotsut eskertzen dudala poema liburuari jarritako arretagatik.

Eroso sentitu naiz, eta kitto (nahiz eta nire ordenagailua izorratuta dagoenez ilobarenarekin ari naizen eta arazotxoak izan ditudan. Tira, dena kontrolpean).

Egungo gizartean ez daukagu inolako erritu edo esperientziarik heldutasunerantz joateko. Ondorioz, umetasuna edo umekeria luzatu eta luzatu egiten da; ez da oso erraza benetako pertsona helduak aurkitzea egungo helduen artean.

...KONTZIENTZIA


«Edertasunaren bila joatea jarrera kontziente hori mantentzea da, sistemaren kontra. Ba al dago borroka bikainagorik?»

DENBORA...


«Denboraren kontzientziarik gabe ez dago behatzeko gaitasunik eta sormen prozesuek hori behar dute»