Maider IANTZI
LEITZA

Nafarrak, aurreneko aldiz estatusaz erabakitzeko ilusioz

Historian lehenbizikoz galdetuko diote hainbat nafarri estatus politikoaz. Kontsulten olatua iristear da herrialde zaharrera ere eta Sakana, Bortziriak, Imotz-Basaburua eta Mendialdea bustiko ditu igandean. Orotara 24 udalerritako 27.000 lagun daude bozkatzera deituta. Mendialdekoen hitzak jaso ditugu, jendeak bizi duen pozaren erakusgarri.

Dagoeneko 142 udalerritan egin dituzte estatus politikoari buruzko galdeketak. Arrankudiaga-Zollorekin batera Etxarri Aranatz izan zen 2014an lehen pausoa eman zuena, eta olatua Nafarroara dator bueltan. Igandean lau eskualde, 24 udalerri eta 27.000 lagun daude bozkatzera deituta.

Horietako bat da Mendialdea. Alaitz Eskudero Goizuetako lantaldeko kidea da eta Unai Zabaleta Leitzako taldekoa. Era berean, eskualdeko elkartean antolatzaile dabiltza bi gazteak. Honek lau bailara (Araitz, Urumea, Larraun eta Leitzaran), zortzi udalerri eta 28 herri biltzen ditu. 6.630 lagunek dute iritzia emateko aukera. Hauek ez dira giro berean bizi, izaera desberdinak dituzte. Ez dira eskualde natural bat, baina erabakitzeko elkartu dira eta eskuz esku lanean aritu dira sare konplexu bat osatuz. «Erronka ikaragarria» izan da, baina bete dute eta galdera berei erantzunen diete kontsultan.

«Populazio aldetik ez da eskualde oso handia, baina eremu aldetik izugarria da. Herri ttiki asko dago eta gure apustua izan da denetara iristea eta biztanle guztiei erabakitzeko eskubidea ematea», nabarmendu du Zabaletak. Biztanleria zaharreko herri ugari dagoela gaineratu du Eskuderok.

«Hauxe da aukera»

2016an Lekunberri, Larraun, Araitz eta Betelu bildu ziren kriseiluen gauean, Malloetako tontorrak argituz. «Galdeketa egitera goaz. Heldu zarete gurekin?». Enbido hori bota zieten inguruko herriei. Hor hasi zen dena. Denek elkarrekin hordago bat egin dute eta momentu honetara iritsi dira.

Jendea ilusioz dago eta herri bakoitzean daude boluntarioak. «Eragileekin harremanetan jarriz gauza pila lortu dugu: igandean bozkalekuetako mahaietan egoteko hiru txanda egin ditugu; bada talde bat pesta bat antolatu duena... Jendea laguntzeko prest egon da eta oso dinamika polita izan da». Ezin dituztenez igandean herri ttiki guztietan bozkalekuak jarri, zenbait lekutan paratuko dituzte eta horietara joateko antolatuko dira. Gainera, aitzinetik bozkatzeko aukera ireki dute herri bakoitzean.

Teknologia eta informatika baliatu dituzte, «galdeketa oso serioa baita. Denak txukun eta ordenean joan behar du», agertu du leitzarrak. «Dena oso ongi aterako da», erantsi du animatuta kideak. «Jendea ari da bozkatzen aurrebozketetan, gainera irribarretsu, eta hori gozamena da». Nafarroan ez da sekula galdetu estatus politikoaz. «Hauxe da aukera eta jendea aprobetxatzen ari da». Orain arte ez da halako ariketa demokratikorik izan eta, hortaz, zerotik hasi dira. «Herritarrei, merezi dutelako eta dugulako, erabakitzeko eskubide hori eman nahi diegu, behingoz norberak erabaki dezan lasai ederrean zer nahi duen, baiezko batekin, ezezko batekin...», segitu du lagunak.

Artista aunitz dituzte eskualdean (pilotariak, bertsolariak, abeslariak...) eta babes handia eman diete: iritzia emanez, bideoklipa grabatuz, bideoetan azalduz... «Horrela ere islatzen da ezberdinen arteko elkargune bat dela hau, denok dugula kabida eta sinplea bezain beharrezkoa dela». Atzerrian bizi diren Mendialdeko biztanle aunitzek ere bidali dute beren mezua. «Askotan atzerrian zaudenean konturatzen zara hemen herri bat badela eta euren mezuak jasotzea asko gustatu zaio jendeari. 20tik gora izan dira», kontatu du Alaitzek. Bidean hagitz gauza politak atera dira eta gozatu dute. Erabakitzeko eskubidearen gaia kalera atera da eta pil-pilean dago.

Agintariei mezua

«Orain igandera begira gaude, baina egun hori pasatuko da eta honek jarraituko du. Erabakitze eskubidearen alde lanean segitu beharko dugu agintariek aukera hori ematen ez diguten bitartean. Hori beste kontu bat da: herritarrak ari gara lanketa hau guztia egiten. Herritik eta herriarentzat. Eta gustura. Eta beharrezkoa da. Baina, bestetik, atentzioa deitzeko modu bat ere bada, mezu bat bidaltzeko agintari eta politikariei: aizue, zuek egiteko gai ez zaretena herritarrak egiten ari gara baliabide askoz ere gutxiagorekin. Beraz, argi dago borondate kontua dela», aldarrikatu du Unaik.

Irakurleei ere galdera bat egin nahi die: «Historikoa izanen den egun honetako protagonista izateari utzi behar diozue?».

 

«Jada masa sozial bat osatu dugu aurrera jarraitzeko. Baldintzak sortzen ari gara»

Mikel Illarregi 57 urteko leitzarra da. Bertako alkate izan zen HBren garaian, baina herritar gisa mintzatu zaigu «pauso inportante» honetaz. «Jendea animatuta ikusten dut eta poza hartzen dut. Nafarroako ezaugarri bat auzolana izan da eta ohartzen naiz herritarrak prest daudela ekarpena egiteko». Ez dute lortu UPN sartzea, baina bai konbentzimendu ezberdineko lagunak. «Hori oso baikorra eta baliagarria da». Asmo bat beteko dute igandean. «Noraino iritsiko garen? Zenbaketa bat egonen da, baina irakurketak ez du kuantitatiboa izan behar, kualitatiboa baizik. Herritarrak gai izan gara dinamizatzeko askorentzat ezkutuan eta debekuan egon den jarduera bat, erabakitzearena. Badakit ez dela loteslea, baina ausartu gara jendeak plazara atera eta bozka dezan, kontrako baldintza guztiekin. Ohiko administraziotik kanpo lan eginez. Eta lortzen ari gara, jendeak bat egin du. Hemen pauso bat bukatzen da baina beste handi bat hasi behar dugu, nolako herria nahi dugun definitzeko».

Kontatu du jendearekin eta eragileekin (jubilatuak, suhiltzaileak, gazte asanblada, mugimendu feminista...) elkartu eta hauek «ze ongi!» erran dietela. «Sentsazio hori sortzea oso baikorra da». Jendearengana hurbildu du esperientzia honek Mikel. «Begiratu behar dugu bidean zer egin dugun, jendea nola hurbildu den, eta horrek ze aukera ematen dituen hurrengo urratsa egiteko. Inportantea da ikuspegi historikoa, eta geroari ere so egin behar zaio. Jada masa sozial bat osatu dugu aurrera jarraitzeko. Ilusioa bada eta baldintzak sortzen ari gara. Hori da kutsatu behar dena eta kutsatzen duguna», aldarrikatu du. M. I