GARA
DONOSTIA

«Ez makurtu preso eta iheslari guztiak ekarri arte», elkartasun mezua Hernanin

Orain arte Kalera Martxan parte hartu duen Karel Sterckx flandriarrari omenaldia egin zioten atzo Hernanitik azken-aurreko etapa hastean, uzteko garaia iritsi zitzaiolako. Gaur amaituko da protesta, Lakuntzan.

Kalera Martxaren azken-aurreko etapa egin zuten atzo, Lakuntzara bidean kilometroak laburtuz. Hernanitik atera ziren manifestariak goizean goiz. Bertan, Karel Sterckx orain arte martxan parte hartu duen lagun flandriarrari omenaldia egin zioten, protesta uzteko garaia iritsi zitzaiolako. Jasotako berotasunagatik eskerrak eman zituen eta elkartasunezko mezua zuzendu zien pausoz pauso amaierara arte jarraituko dutenei: «Ez makurtu preso eta iheslari guztiak ekarri arte».

Hernaniko Gudarien plaza atzean utzita, Anoetarantz abiatu ziren peto horidun ibiltariak, gosaldu ostean. Bidean Andoain zeharkatu zuten, non herritarrek ongietorria egin zioten martxari. Bertatik Villabonara abiatu ziren eta aurresku batekin hartu zituzten. Bertan hamaiketakoa hartu zuten ekitaldi bat egiten zieten bitartean, eta indarberrituta Anoetara iritsi ziren. Trikitilariek hartu zuten martxaren burua. Bazkari aparta egin zuten bertan eta arratsaldean Ibarrara joan ziren, non hitzaldia, kontzertua eta afaria zituzten zain.