2017/08/16

Erreportajea
 
EUSKARAZKO WIKIPEDIAK ERALDAKETA ETA HAZKUNDE GARAIA BIZI DU

Nazioartean 31. postuan dago euskarazko Wikipedia. Wikilarien elkartea sortu da, tailerrak egin, hitzarmenak adostu eta wikilari egoiliarrak kultur erakundeetan lanean jartzen ari dira. Wikilariekin elkartu gara, eta erronka ezberdinei buruz mintzatu gara, nabarmenena emakumeen parte hartzea eta presentzia areagotzea.

Patxi GAZTELUMENDI
0816_kul_wikiaitzolleire

Bi mundu elkartu zituen Udako Ikastaroetan Euskal Wikilarien kultur elkarteak; kultura eta letren mundua batetik, eta informatikari eta datuen kudeaketarena bestetik. UEUrekin elkarlanean tailerra antolatu zen Donostiako Tabakaleran. Nazioartean prestigioa hartzen ari den taldea da wikilari euskaldunena eta beste hizkuntza txiki batzuetarako erreferentzia da. Hartu-emanetan ari dira elkarte eta instituzio ezberdinekin eta emakumeen biografiak sortu eta argitaratzeari garrantzi berezia eskaini diote.

GARAk wikilari ezberdinak elkarrizketatu ditu, eta guztiek ageri dute gogoa eta ilusioa euskarazko edukiak nazioarteko entziklopedia handienean argitaratu eta metatzeko orduan. Boluntarioak eta wikilari egoiliarrak bere proiektu eta helburuei buruz mintzatu zaizkigu. Denek nabarmentzen dute azken garai honetan piztu den ilusioa eta sarean argitaratutakoaren emaitza onak.

Eta horregatik UEUko ikastaroak ireki zituen tailerrak esangura berezia hartu zuen. Kulturaren mundua –liburuzainak, artxiboetako langileak...– eta informatikako irakasle, ikasle eta datuen kudeaketan adituak diren kide asko batu ziren bertara. Tailer praktikoa izanik, emaitzak nabari dira, emakumeen biografien inguruko hazkundean adibidez. Xabier Cañas wikilariak dioenez, «badago ezagutza handi bat kultura erakundeetan eta datuen kudeaketaren inguruko ezagutza tekniko gero eta hobea ere, ikastaroan bien uztarketa egiten erakutsi genuen, alde teorikotik baina batez ere modu praktikoan».

Aspaldiko erabiltzailea da Xabier Cañas euskarazko Wikipedian eta «eraldaketa garai batean» dagoela aitortzen du. «Euskarazko Wikipediari jauzi kualitatiboa emateko unea iritsi zaio, beste Wikipedia handiagoetan gertatu den bezala». Euskal Wikilarien Kultura Elkartea sortu da, besteak beste Wikipedia sustatu, handitu eta hobetzeko. Cañasek azpimarratzen duenez, «bilerak egin dira erakunde eta instituzio ezberdinekin, hitzarmenak sortu dira eta kultura erakundeetan wikilari egoiliarrak sartu dira». Unibertsitatearekin ere harremanetan daude Wikilari elkarteko lagunak.

Munduko komunitate aktiboenetakoa

Euskarazko Wikipedia 31. postuan dago mundu mailan. Eta hizkuntza bizien artean aktiboena da. Xabier Cañasek eskaini dizkigun datuen arabera milioi hiztuneko 189 editore ditu euskarazko Wikipediak. «Nahiz eta maila erlatiboan munduko komunitate aktiboenetakoa izan, euskarazko wikilarien komunitateak termino absolutuetan txikia izaten jarraitzen du». Horregatik tailer eta hitzarmenen bitartez komunitate aktiboa handitzea dute xede. Ekarpenak jaso eta artikulu eta datuak sareratzen indar egiteko.

Wikimedia fundazioak antolatzen dituen nazioarteko mintegi eta konferentzietan parte hartzen dute wikilari euskaldunek. Galder Gonzalez aspaldian ari da entziklopedia libre honetan editatzen eta sortzen. Aspaldi honetan harremanen arloari ere garrantzi eta denbora eskaini dio. «Aurten Berlin, Edinburgo eta Asturiasen egon naiz, eta egunotan Montrealen nago Wikimanian parte hartzen, kanpoan gaudenean euskaldunak jende bitxia gara, nolabait komunitate oso aktiboa duen hizkuntza gutxitu erromantiko hori». Horregatik hizkuntza txikiak euskarari so ari dira teknologia berrien esparru honetan, eta duela gutxi Celtic Knotera gonbidatu zituzten, hizkuntza zeltentzat baliagarria izan zen Euskal Herriko esperientzia eta Galesko gobernuko ordezkariak bereziki aipatu zuen euskaraz egiten ari den lan eskerga. Galder Gonzalezek eremu urriko hizkuntzen alorrean egin dituzten ekarpenak aipatu dizkigu: «Eskoziarrei lagundu izan diegu gaelikorako gauza teknikoak egiten, eta asturiarrek eta galestarrek ere jaso izan dute gure laguntza».

Emakumezkoen biografiak

Munduko biztanleen erdiak emakumezkoak badira ere, Wikipedian osotara artikuluen %15 baino ez dira emakumeei buruzkoak. Galderrek dioenez, «eskolako testu liburuetan egoera okerragoa da; baina Wikipedia ezberdinetan gai hau lantzen ari gara eta euskaraz ere asko daukagu hobetzeko». Azken hilabeteetan ia astero egon da euskarazko Wikipedia emakumeen biografia sorrera portzentajearen Top 10ean. Galder Gonzalezek eskaini dizkigu datuak: «2017ko otsailean euskaraz genituen biografien %13,63 ziren emakumeei buruzkoak, abuztuan %15,26. Ez da asko, baina aldaketa sumatzen da. Mundu mailan ere Wikipediako irakurleen bi herenak gizonezkoak dira eta editoreen artean %12,64 baino ez dira emakumezkoak».

Tabakalerako tailerrean emakumeentzako tailer bat izan zen, eta apurka-apurka handiagoa da Wikipedia editatzen ari diren emakumeen presentzia. Orriotara horietako bi ekarri ditugu. Leire Cano wikilari egoiliar bezala ari da Donostian haur eta gazte literaturari buruzko edukiak sortzen eta Amaia Astobizak ikastaroan ikasitakoak aplikatu ditu sortu dituen emakume idazle eta feministen biografietan.

Izan ere, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak sortu dituen hitzarmen eta akordioei esker, kultur erakunde ezberdinetan Wikipediako edukiak sortzen ari diren editoreak ere badira. Aitzol Astigarraga aspalditik ari da Wikipedian kolaboratzen, baina orain wikilari egoiliar bezala ari da Donostiako liburutegi zerbitzuan. «WikiLiburutegiak egitasmoa sustatzen ari naiz, eta batez ere hurrengo urteetarako liburutegien eta Wikipediaren arteko lankidetza proiektu bat definitzen ari naiz». Normalean GLAM –galeriak, liburutegiak, artxibategiak eta museoak– munduko kideak egon izan dira wikilari egoiliar moduan, bertako ondarea askatu eta entziklopedia unibertsalarekin lotuz. Aitzol Astigarragak sei hilabeteko egonaldia egingo du aurten Donostiako liburutegi zerbitzutik Wikipediarako lanean, baina aurretik bi urte luzez datuak sartu eta bertsolaritzari buruzko gaiak eta biografiak lantzen eman du bere denbora librea. Tesia aurkeztu berria du, eta robotak eta bertsolaritza uztartzeko parada ukan du. Uztailaren 19an defendatu zuen bere tesia Aitzolek eta bertsolaritza eta robotika landu zituen.

Leire Canok dioenez, «wikilaria jakin-mina duen pertsona da; ikertzaile edo kazetari moduko bat, informazioa bilatzen duena, iturri ezberdinak erabili, artikuluak idatzi edo osatuko dituena». Bera ere wikilari egoiliarra da eta euskarazko Wikipedian haur eta gazte literaturarekin lotutako artikuluak sortu, editatu, osatu eta eguneratzea da bere egitekoa. «Nik kontaktuak egiten ditut idazleen elkartearekin, Galtzagorrirekin, argitaletxeekin, batzuetan egileekin zuzenean ere bai eta liburuen azalak, argazkiak eta ilustrazioak lizentzia askean utz ditzaten eskatzen diet».

Aurten idazleen ahotsen bilduma bat lantzen ari da Leire Cano. «Hainbat euskal idazlerekin jarri gara harremanetan eta liburutegira etortzeko eskatzen diet, liburu bateko pasartetxoa aukeratu eta irakurri eta grabatu egiten diegu, Wikipedian argitaratzeko». Dagoeneko dozenatik gora idazleren ahotsak grabatu eta argitaratu ditu Leirek. Berak bereziki azpimarratzen du liburuzainek egiten duten inurri lana: «Ohartu dira euren zereginen artean Wikipedia ere badagoela, formakuntza jaso dute eta bistan denez, liburuzainak oso pertsona egokiak dira euskal literaturarekin zerikusia duten artikuluak sortu edo osatzeko».

Aurrera begira Donostiako liburuzainek eta Wikipediako kide egoiliarrek harremanak sendotuko dituzte Ipar Euskal Herriko eta Kataluniako liburuzainekin, sarea zabaldu eta euskal idazle eta ilustratzaileen artikuluak hizkuntza gehiagotan irakurtzeko aukera profitatzeko.

 

Astobiza: «Zifrak baino garrantzitsuagoa da biografiak hedatzea»

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko master bat egiten ari zela ezagutu zuen Amaia Astobiza Uriartek Wikiemakumeak proiektua. «Emakumeok Wikipedian daukagun toki txikiari eta edizio lanari buruzko informazio asko eman ziguten Patricia Horrila eta Mentxu Ramilo Araujok». Garai berean Virginie Despentes idazlearen “King Kong teoria” irakurtzen ari zen Amaia, «nire gorputza eta nire usteak hain bortizki astintzen ari zen idazlea nor zen jakin nahi nuen, euskarazko Wikipedian bilatu nuen, baina ez zegoen». Beste emakume batzuen izenak sartu zituen geroago, gustuko zituen emakume idazleen berri ere ez zuen topatzen. Orain buru-belarri ari da Wikiemakumeak proiektuan. Bere lehenengo sarrera Virginie Despentes idazleari buruzkoa izan zen. «Azkenaldian emakumeen biografia asko sortu ditugu edo ekarri ditugu euskarara baina nire ustez zenbaki edo zifretan gora egitea baino garrantzitsuagoa da biografia horiek zabaltzea sare sozialetan, hezkuntzan, hedabideetan eta ahal den toki guztietan, hori baita emakumeak benetan ikusarazteko modu bakarra».P.G.