2017/09/11

Iker Madozek aske jardun du Jirishanca hego-ekialdeko horman

Iruindarrak Marc Toralles eta Roger Cararach katalanekin batera, «Tambo, churros y amigos» bidearen lehen errepikapena sinatu du.

Andoni ARABAOLAZA
0911_men_bikoitzazutabea4

Katalunian ez bezala, Euskal Herrian alpinismoaren harrobia ez dabil oso osasuntsu. Alabaina, gazte gutxi batzuk (oso gutxi, alegia) maila interesgarria ematen ari dira. Salbuespenen artean, Iker Madoz dugu. 23 urteko alpinista iruindarra duela urte batzuk aurkeztu genuen; izan ere, egiten ari zen ibilbidea oparoa izaten ari zelako.

Iragan uztailean, Madozek beste urrats bat egin du; hain zuzen ere, Peruko Huayhuash mendilerroan. Sokakideak, berriz, katalanak izan dira: Marc Toralles eta Roger Cararach. Biak ala biak gazteak. Eta biak ala biak maila oso txukunekoak.

Bada, hirukote honek Jirishancako (6.126 m) hego-ekialdeko horman dagoen “Tambo, churros y amigos” bidearen lehen errepikapena egin du. Marra horren inguruan bere garaian hitz egin genuen; izan ere, ederra, zaila eta oso estilo onarekin zabaldua izan zen. Didier Jourdain eta Aymeric Clouet frantziarrek 2003ko denboraldian sortu zuten. 1.000 metro luze da, eta honako zailtasun teknikoak ditu: 7a, A2, M4, 95°. Ikusten den bezala, luzea eta gogorra. Baina honi guztiari lehen aipatu dugun estiloa gehitu behar diogu. Alpinista frantziar zaildu horiek estilo oso garbia erabili zuten. Honekin esan nahi dugu paraboltik ez zutela jarri, eta bidean soilik 12 iltze utzi zituzten.

Bide eder eta zail hori errepikatzen “ausartu” direnak, beraz, Toralles, Cararach eta Madoz izan dira. Horretarako hiru egun behar izan zituzten. Lehen errepikapena lortu zuten, baina gailurrik gabe geratu ziren. Tontorretik gertu zirela, eguraldiak okerrera egingo zuela iragarri zieten, eta, bidea eskalatu ondoren, buelta erdia ematea erabaki zuten.

Hirukote honek elkar ezagutzen zuen. Hirurok ala hirurok arrazoi ezberdinengatik Perun ziren. Katalanak mendi gidari lanetan ari ziren bitartean, iruindarra oporretan zen. Torallesi dagokionez, girora ondo baino egokituta zegoen. Eta oso sasoiko ere bai. Gainera, bere bi kideekin alderatuta, patrikan “oparia” zuen. Aurreko astelehenean aipatu genuen bezala, Torallesek Oriol Barorekin soka gerrira lotu eta Huantsaneko ipar-ekialdeko ertzaren lehen errepikapena (gainera, estilo alpinoan) sinatu zuen.

Baina goazen bada gazte hauek Jirishancan eginiko jardueraren berri ematera. Madozek argi utzi digu eskalada horrek erabat bete duela: «Bi hitzetan laburbilduko nuke: estiloa eta dotorezia. Estiloa, Clouet eta Jourdain frantziarrek bide ederra baina era garbian zabaldu zutelako. Marra ia osoa arrokan eskalatzen da, eta amaiera elurrezko ertz batetik egiten da. Dotorezia, Jirishanca mendi ederra delako. Ez da ingurumari hartako mendirik garaiena, baina bere ekialdeko aurpegia ederra baino ederragoa da. Hormatzar tentea du, 800-900 metroko garaierakoa eta goialdean izotz zein elur kapela du. Huayhuasheko mendi hau igotzeko irrikan nengoen, baina aurtengo uztaila arte ezin izan diot mendi horri hortzak erakutsi. Egin berri dudan eskaladaren pasarte honetan Unai Mendia giltza izan da, helburu hau aurrera eraman nezan asko animatu nauelako».

Hiru egun

Uztailaren 17an, sokada honek Huarazen bat egin zuen, eta bi egun beranduago, “Tambo, churros y amigos” bidean lehen urratsa egin zuten: «Eguerdi aldera eskalatzen hasi ginen. Lehen ezustekoa marraren lehen metroetan izan genuen. Artesiak oso zikinak zeuden: lokatza, lurra eta landaretza. Oso mantso gindoazen: lehen hiru luzeak eskalatzeko bi egun behar izan genituen. Luze horietan soka finkatu ondoren, oinarrizko kanpalekura janari gehiago hartzeko jaistea erabaki genuen. Eta egun bateko atsedena hartu ere bai».

Protagonistok benetako zein behin betiko saioa hilaren 22an hasi zuten. Egunaren lehen izpiekin hirugarren luzera heldu ziren. Eguraldia lagun zuten, eta, gainera, arrokaren baldintzak askoz ere egokiagoak ziren; hots, garbiagoa: «Oso motibatuta geunden, eta, oraingoan bai, erritmo oso onean eskalatu genuen. Egun horretan bederatzigarren bilerara iritsi ginen; hain zuzen ere, 5.350 metrora zegoen erlaitz batera. Zorionez, bidearen luze ederrenetariko bat eskalatu genuen: 60 metrokoa eta 7a gradukoa. Oso tentea eta jarraikorra».

Alpinistok zeramaten erritmoa oso egokia zen, eta biharamunekoa ere ez zen atzean geratu. 5.650 metrora dagoen 16. bilerara heldu ziren. Tartean 7a eta A2 zailtasuneko luzeak gainditu behar izan zituzten, eta, horretaz gain, izotz zein elurrezko hainbat sekzio: «Ekialdeko aurpegi batean eskalatzen ari ginenez, eguerdira arte eguzkia ‘lagun’ genuen. Hortik aurrera itzalak harrapatzen gintuen. Horren ondorioz, hotz egiten zuen, baina, hala ere, katu-oinekin eta atzamarrekin eskalatzeko oztoporik ez zigun jartzen. Bidearen erdiko zati horrek zailtasun tekniko gogorrenak jasotzen ditu».

Eskaladaren hirugarren eta azken egunean, hirukoteak 6c graduko hiru luze tente eskalatu zituen; arroka perfektuan eta 5.700 metroko garaieran. Horretaz gain, ia arazorik gabe izotzezko lehen sabaia gainditu zuten: «Sabai honen gainean (5.850 m), elurrezko erlaitz batean, gure hirugarren bibaka atondu genuen. Arratsaldean 120 metro soka finkatu genituen; izan ere, gure asmoa biharamunean gailurra egitea zen. Soka hori izotzezko bigarren sabaia pasatu eta gero finkatu genuen. Eskalada hori era artifizialean egin genuen». Puntu zehatz horretan “Tambo, churros y amigos” marra amaitu eta Jirishancako lehen igoeraren bidearekin bat egiten du.

Lehen helburua lortu zuten; ez, ordea, bigarrena: gailurra. Eguraldia erabat lagun izan bazuten ere, 25ean laino baten barruan eta haizeteekin esnatu ziren: «Eguraldi oso txarra iragarri ziguten, eta behera egitea erabaki genuen. 20 rappel egin eta gero, kanpalekura heldu ginen. Hirurok pozarren gaude eginiko lehen errepikapen honekin. Soilik ginga falta izan zaigu. Zalantzarik gabe, eskarmentu oso ederra izan da: lagun onekin, mendi eder batean...».

GAILURRIK EZ


Bide hori eskalatu ahal izateko, hiru egun behar izan zituzten. Gailurraren egunerako eguraldi iragarpenak txarrak zirenez, tontorretik gertu buelta ematea erabaki zuten.

BIDE BIKAINA


Madozek txalotu nahi izan du Jirishancako hego-ekialdeko horman dagoen bidea zabaldu zutenen estiloa. Izan ere, kilometro bateko marran ez zuten parabolt bat bera ere jarri.