Ariane KAMIO
EIBAR
«MARTIN ZALAKAIN» IKUSKIZUNA

Literatur antzerki dantzatua

Pio Barojaren «Zalakain abenturazalea» eleberria oinarrian jarri, dramaturgia erantsi eta nobela dantzatu bat egitea da Juan Antonio Urbeltzen proposamen berria. Ander Lipus eta Harkaitz Cano izan ditu bidean lagun, hiru diziplinen uztartze berrian. Ikuskizuna larunbatean estreinatuko dute Bilboko Arriagan.

Azaroak 5, igandea, Eibar. 11.00ak. Entsegua hastear... Juan Antonio Urbeltz: «Arriagak beti galdetzen digu ea proposamen berririk badugun eta beti onartzen dute daukaguna, ezeri begiratu gabe. Amateurrak gara eta ez dugu profesionalen kateekin lan egiten. Larunbatean Arriaga zutik jarriko dugu!».

Oholtza gainera eraman ditu ikuskizunean parte hartzen duten 80 dantzariak Ander Lipusek. «Saiatu hain mekanikoak ez izaten; utzi sentimenduak aske. Neurria hartu behar diogu honi eta kontuan eduki gauza eder bat egiten ari garela. Sentipen hori helarazi behar diogu publikoari. Dantzatik harago goaz. Istorio dramatiko bat kontatzen dugu eta istorio horretako pertsonaiak gara. Jarrera horrekin egin behar dugu lan. Orain, heldu ondoan dituzuen kideei eta minutu batez, begiak itxita, saia gaitezen kontzentratzen».

Ingeniaritza Eskolako auditoriumean, hasi eta buka egin dute “Martin Zalakain” ikuskizun osoa, Juan Antonio Urbeltzen eta Artedramaren azkenengo sorkuntza. Pio Barojak idatzi zuen Tierras Vascas trilogiako azken eleberria da “Zalakain abenturazalea”, Urbia alegiazko herrian bizi den gaztearen bizitza ardatz duen nobela, hirugarren karlistaldian girotua. Larunbatean Bilboko Arriaga antzokian (20.00) estreinatuko den ikuskizuna literatura, antzerkia eta dantza batzen dituen elkargune berria da –«nobela bat dantzatzera goaz», dio Urbeltzek berak–. «Munduko herri guztiek unibertsaltasun enbrioi bat dugu. Ezagutzen ditut hiru herri beren enbrioiarekin erreferente unibertsalak sortu dituztenak. Hungariarrak Bela Bartok eta Zoltan Kodalyren musikarekin; irlandarrak musika herrikoiarekin; eta andaluziarrak flamenkoarekin. Guztiak dramaturgia unibertsalekin sortu dituzte erreferentziak. Euskaldunak ez gara Mediterraneo aldekoak bezain suharrak. Lan hau egin nezake ‘Ramuntxo’-rekin (Pierre Loti), edo Tximista Kapitainarekin (‘La estrella del Capitan Chimista’, Pio Baroja). Baina Martin Zalakainekin egitea erabaki nuen. Milioika nobela dantzagarri daude. ‘On Kixote’ bera askotan dantzatu izan da. Erreferente bat da. Guk, lehenengoz, ‘Zalakain abenturazalea’ egingo dugu. Zalantzarik gabe, erronka bat da, baina uste dut emaitza ona lortuko dugula», azpimarratu du.

Urbeltzen unibertsotik

Martin Zalakain Urbia izeneko herri asmatu batean sortuko da, eta Tellagorri gizon zirikatzailearekin haziko, Arkale tabernako egunerokotasunean. Zalakain eta Ohando familien arteko etsaitasuna izango da ikuskizuneko narrazioaren hari nagusietako bat, baita Martinen beraren eta Kattalin Ohandoren arteko maitasun istorioa ere. Karlistaldiko gorabeherak, Santa Kruz apaiza eta beste hainbat pertsonaia sartu ditu Urbeltzek, Pio Barojaren kontakizunari haren unibertso sinbolikoko hainbat zertzelada erantsita. Antropologo eta folklorista nafarraren eskua ikuskizuneko hainbat eremutan da nabarmena, hasierako irradakatik hasi, “Milinatxo” habaneratik igaro eta inauterien tradiziotik eratorritako pertsonaietaraino.

Dantza du Urbeltzek bere euskarri naturala. Azken hiru hamarkadetan hainbat ikuskizun sortu eta taularatu ditu kolaboratzaile finko bihurtu dituen dantza taldeetako dantzari –Argia, Duguna, Maritzuli, Elai-Alai, Kezka, Haritz, Gure-kai eta Arkaitz dira ikuskizunetako talde parte hartzaileak– eta musikariekin –Marian Arregi emaztea eta Mikel eta Maider seme-alabak tartean–. Bere sorkuntzen zerrendan ageri dira “Konharian” (1997), “Pas de Basque” (2002), “Axeri Boda” (2008) eta “Axuri Beltza” (2009).

Dramaturgia eta dantza

Argia + Artedrama batuketaren ondorioa da “Martin Zalakain”, orain urtebete Urbeltzek Lipusi proposatutakoa. «Ilusio handiz hartu nuen dei hura, baina pena handiz ere bai». Ezezkoa eman behar izan zion antzezle bizkaitarrak, “Francoren bilobari gutuna” antzezlana abiatzear zela. Urtebete itxarotea erabaki zuen, beraz, Urbeltzek, Ander Lipus bera On Pioren (Baroja) larruan jarri ahal izateko narratzaile dramaturgiko gisa. «Hortik aurrera dena izan da lana. Lehenengo Urbeltzen kontaera ulertzea. Argi neukan ere ni idazle ez naizenez norbaiten eskua behar genuela». Harkaitz Canok idatzi ditu testuak.

Ohikotasunetik urrun dagoen proposamenean sartu da Lipus, agertokia 80 dantzarirekin partekatuz. «Luxu bat da, euskal teatroan gutxitan gertatzen dena, ez bada pastoraletan edo halako ikuskizun handietan». Eta honela jarraitu du: «Beti esaten dut aktorea naizela, baina aktore batek barnean eraman behar du dantza. Nahiz eta geldirik egon testu bat esaten, barnean dantza bat egon behar da, entzumen bat, erritmo bat eta jolas bat». Aktoreen dantzagarritasuna ez ezik, hainbat dantzarik ere –Josu Garate (Martin Zalakain), Onintze Azpeitia (Kattalin Ohando) Gari Otamendi (Carlos Ohando), Jokin Otamendi (Santa Kruz apaiza)– beren dramaturgia agertu behar dute. «Dantzariak jokoan sartu behar du, zeren pertsonaia bat antzezten ari da. Orduan gauza batzuk hobetu behar izan ditugu, dantzaria zerbait gehiago izateko. Baina obra honetan dena nahasten da. Nik ere amaieran dantza egiten dut eta nire irakasle ere izan ditut haiek». Entsegua amaituta, Urbeltzek eman du gakoa, munduko herri guztiek aintzat hartu behar luketena: «Ahaire zahar huntan, bi bertso berririk».