Ane URKIRI ANSOLA

FIFA datatik harago

Pozez hartu genuen Euskal Selekzioaren beste neurketa baten hitzordua, are gehiago FIFA datetan jokatzea aurreikusirik. Talde teknikoaren aukeraketak ere konbentzitu gintuen: Iñigo Juaristi entrenatzaile lanetan, Aintzane Encinas laguntzaile eta Iraia Iturregi prestatzaile fisikoaren jardunean. Izen aproposagorik ez zegoen. Hiru hautatzaileek eta jokalariek beraiek atzoko garaipenarekin erakutsi zuten nazioarte mailan lehiatzeko taldea ere badutela, gauza jakina azken bost urteetan –Eslovakia, Estonia eta Eire garaituta eta Kataluniaren aurka bi aldiz berdinduta–. Horiek horrela, Euskal Selekzioaren haziak beste bide batetik erein behar direla dirudi. Ofizialtasunaren norabidean pausoak emanez, hain zuzen. Txekiaren aurkako partida garrantzitsutzat jo daiteke, nazioartean ikusarazteko hitzordu egokia baita –Munduko Koparako sailkapenean buru-belarri dabiltza txekiarrak–, baina iaztik irekita zegoen FIFA datetan jokatzeko bidea. Geldirik gaude. Eta esaterako, ez da hobetuz joan harmailen itxura. Ipuruara 1.800 lagun hurbildu ziren (Euskal Federazioaren datuak). EiTBk ontzat jo zituen, jokalariek beraiek ere bai, baina ez goaz aurrerantz. Sarrerak 5 euroan izanda, ordutegi ona, estadio ezaguna... Zer egin behar da jendea erakartzeko? Ofizialtasuna eta berdintasun hitzak ahoan bai, baina erakusteko orduan hutsune sakona nabari da.