Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Elkarrizketa
EIDER RODRIGUEZ
IDAZLEA

«Egin nezakeen nobela bat, baina nobela askorekin ere egin daiteke ipuin bat»

Biluzik sentitzen da Eider Rodriguez (Errenteria, 1977) buruan duen istorioa hitzez jantzi behar duen aldiro. Baina, geruzaz geruza, ipuinak fintzeaz batera pertsonaien dimentsiora gidatzen du irakurlea, kasik haien hurko sentitzeraino. «Bihotz handiegia» (Susa) du azken bilduma.

Zerumuga. Itsasoa. Emakume bat uretan, buruz behera, itsasotik zerura begira dauden bi zango bistaratzen zaizkiola. Zergatik eraman duzu irudi hori liburuaren azalera?

Ba, egia esan, liburua bukatutzat jo aurretik genuen portadaren ideia buruan, zergatik oso ondo jakin gabe. Aurkezpena prestatzen ari nintzela konturatu nintzen esandakoetatik asko azalean bertan zeudela. Niretzat iradokitzen du arrarotasun bat, aztoragarria izan daitekeen zerbait, eta ortzemugak, zeruaren eta lurraren arteko muga. Natura eta zibilizazioa ere badago azalean, bizitza eta heriotza, gorputza dago. Joxemiel Barandiaranek esaten zuen zibilizazio bati buruz hitz egin ahal izateko lehendabizi zibilizazio hori zapaldu egin behar dela; orduan, lehenengo bizi dezagun kultura edo zibilizazioa hankekin, eta ondoren buruarekin.

Jolaserako dei bat ere badago. Arrazoia ordezkatuko lukeen burua ur azpian dago, gorputzak hartzen du presentzia… Badago zerbait ez dagoena bere tokian, ez dena ohiko. Eta uste dut hortik badutela ipuin hauek.

Badira zazpi urte ez zenuela ipuinik argitaratzen.

Patxada handiz idatzi dut, gozatuta, hiru hilabete behar izan ditudanean ipuina egiteko hiru hilabete hartu ditut. Bi urte, pixka bat gehiago, hartu du liburu honen idazkuntzak, eta berdeskubritu dut idazketaren edo literaturaren plazera egile bezala. Uste dut ahaztua neukan zerbait zela. Idatzi egin nahi dut eta gauzak kontatzeko gogoa dut. Berdeskubrimentu hori oso ederra izan da niretzat.

Sei narrazio, eta seietan emakumea protagonista. Kasualitatea edo hautua?

Ez da kasualitatea, baina hautua ere ez da izan. Hainbat istorio neuzkan kontatzeko eta istorio horien ahotsa zen X. Gertatzen da narrazio horien atzean badagoela protagonisten historiaren zati bat kontatzeko nahia, eta iruditu zitzaidan emakumezkoek bazeukatela zer esana, nahiz eta gauza txikiak izan askotan.

Gauza txikiak, batzuk oso etxekoak, irakurleari gertuko egiten zaizkionak. Pertsonaien barrura begira jartzeraino.

Uste dut istorio bakoitzaren barruan istorio gehiago ere badaudela; badago istorio bat ekintzari lotuagoa, baina beste geruza batzuetan istorio gehiago daude eta agian horiek dira azalekotik pertsonaren barrura, beste dimentsio batera, garamatzatenak. Gure ekintza, keinu, esan tontoenaren atzean ere badaude beste geruza horiek, ekintza handienaren atzean dago domestikotasun muturreko bat; noiz hartzen diren erabakiak, zergatik… Batzuetan gauza kotidianoak dira, baina inpaktu handikoak izan daitezkeenak, eta beste batzuetan dira bristada bateko irudiak, baina bizitza osoan iraungo dutenak. Kontraste horrek ere erakarri nau.

Susako editore Gorka Arresek esan zuen errazagoa dela ipuinei amaiera on bat ematea atmosfera sortzen asmatzea baino. Idazle bezala, ados zaude?

Ez dakit, ipuin baten aurrean beti sentitzen naiz oso biluzik edo hasiberri. Beti da zerotik hastea bezala, ofizioa izan arren erronkak diferenteak direlako. Gero, badaude ipuin estilo asko, batzuk dira efektistagoak eta beste batzuk arnas luzeagokoak, eta nik hauek bigarren multzo horretan kokatuko nituzke.

Geografikoki, Donostia eta Hendaia artean kokatu dituzu.

Hendaian bizi naiz, Donostian egiten dut lan eta Errenteriakoa naiz. Hiru puntu horiek oso gurutzatuta daude nire bizitzan, eta nire mundutik begiratzeko talaia litzateke Hendaia. Handik ikusten dudana da Hendaiatik nola ikusten den Hegoaldearen zati bat. Oso toki berezia da muga, nola garen norbait eta hogei segundoko aldean beste norbait besteen begietara eta, mugaren zein aldetara egon, besteak ere aldatzen du bere nortasuna gure begietara. Ohitu egiten gara, baina izugarria da hori.

Hendaiara joatean sentitu zenuen lehenengoz talka hori?

Bai. Aspalditik neukan fitxatuta, badaukalako zerbait. Ez dakit den argia, itsaso zabal hori, isiltasuna, natura… Segur aski mugatasunak ere erantsiko dizkio ikusten ez ditugun gauza asko. Gogoratzen naiz hasieran, supermerkatura joan eta kutxan nire aurrean zegoen erosleak espainolez galdetu ziola zerbait langileari, eta honek sekulako mespretxuz erantzun ziola frantsesez. Eta nik sentitu nuen nolabaiteko enpatia bat, bestela sentituko ez nukeena… Hor sortzen dira zirkuitu arraro batzuk, ze andre hori beste supermerkatu batean ikusi izan banu segur aski nire jarrera oso bestelakoa litzateke, baina, han, sekulako konplizitatea sortu nuen kolpetik bere espainoletik galdetzen ari zen norbait horrekiko.

Aipatzen duzun sentipen hori badute zure pertsonaiek.

Bai, uste dut baietz; ez daude toki finko batean edo uste dute badaudela eta bizitzak kokatzen ditu beste nonbait. Beren sinpletasunean konplexuak dira eta beren konplexutasunean oso sinpleak dira, edo gara. Horri buruz idatzi nahi izan dut, asko erakartzen nauen zerbait delako, nola pasatzen garen iritzi, emozio, sentimendu batetik muturrekoa den beste batera.

Lehen ipuinaren izena, «Bihotz handiegia», eman diozu bildumari. Zer biltzen du?

Bi munduren berri ematea nahi nuen. Batetik kardiopatia bat da, gaitz bat, bihotza handiegi izateak heriotza ekar dakizuke. Lehenengo ipuinean oso presente dagoen gaixotasuna da. Bestetik, eskuzabaltasunari, maitasun totalari egiten dio aipamen, eta horrek konnotazio bat eman nahi dio tituluari, esanez bihotz handiegi bat ez dela kardiopatia bat bakarrik. Ipuin askok dute lotura horrekin, maitasunaren mugekin. Norainokoa den maitasuna, norainokoa den egoki izatea, noiz bilakatzen den gaitz.

Gorputza bada elementu bat oso presente dagoena: aurpegiko erredurak, norberarenak sentitzen ez diren eskuak…

Ez naiz joan gorputzari buruz idaztera. Eskuena soilik abiatzen da gorputzetik: amets bat izan nuen nire ama agertzen zitzaidana esanez “esku hauek ez dira nireak!” eta ametsak eduki ninduen harrapatuta. Munduko industria potenteenak gorputzarekin daude lotuta: armamentistikoa, farmazeutikoa eta kosmetikoa. Hiru horiek dira diru gehien mugitzen dutenak eta, feminismoak oso ondo aldarrikatzen duen bezala, gorputza da kapitalismoari gelditzen zaion azken eremua. Agian horrek denak zeharkatuta idatzi ditut ipuinak, bila joan gabe.

Lehengo batean, beste kontu batekin nenbilela, konturatu nintzen idazle afrikarrek oso presente dutela gorputza, eta uste dut badagoela lotura bat, kolektibo ez hain zentraletan dihardugun idazleon lanetan gorputz gehiago dagoela besteenetan baino. Erreafirmatu behar bat izan daiteke, edo ispiluan begiratzeko modu bat.

Ipuingintzan ibili zara batez ere. Hor sentitzen zara eroso?

Idazle batzuek, urte askoan idatzi gabe zergatik egon diren galdetzen zaienean, esaten dute ez zeukatela zer kontatua edo hustuta geratu direla. Niri kontrakoa gertatzen zait. Beti dauzkat idazteko istorio asko. Ez zaidana gertatu da istorio batek harrapatzea halako moduz, non beste denak eklipsatu dituen, baina gertatuko zait.

Batzuek esan didate lehen ipuinak nobela baterako ematen duela, baina nire ustez luzatu izan banu ez zuen funtzionatuko, kontatu nahi nuena desbirtuatu egingo zen. Orduan, bai, egin nezakeen nobela bat, baina nobela askorekin ere egin daiteke ipuin bat. Tamainak inporta du literaturan. Uste dut leial izan behar zaiola istorioari, zer kontatu nahi duzun, noraino iritsi, zer utzi nahi duzun agerian, zer ez, non zabaldu ateak, non utzi hari askeak… Niri orain arte balio izan dit ipuinak baina, esaten dizut, badaukat istorio bat bilduma honetan ez dudana sartu eskatzen didalako luzeagoa den zerbait.

Forzatu gabe.

Forzatu gabe. Niretzat klabea izatean ari da hori. Eta ikaskuntza bat. Ez forzatzearena.

Forzatu gabe, baina gero eta luzeagoak irteten zaizkizu.

Bai, egia da. Hasi nintzenetik hona luzera handiagoa daukate, kontatzeko manerak ere aldatu direlako, istorio bat baino gehiago dagoelako eta beste geruza horiek sartzeak eskatzen duelako bolumena handitzea.

Oso era intuitiboan idazten duzu. Beti izan da horrela?

Uste dut izan dela aldaerarik. Beti izan naiz intuitiboa, baina asko planeatu izan dut nondik abiatu eta nora joan. Liburu honetan, utzi dut intuizioak gida nazan parte handi batean, denen abiapuntua izan da intuizioa, ikusi, gertatu, entzun, irakurri, amestu… dudan zerbait, bueltaka-bueltaka-bueltaka darabildana eta irteera ipuinean aurkitu duena. Ernamuin horiek ere oso era intuitiboan lotu dira istorio txikiagoekin.

Intuizioz datorkizun hori beratzen jarri ohi duzu?

Bai, beti. Ez dut inoiz idatzi zerbait gertatu eta berehala. Forma literarioa eman nahi diodana beti eduki dut beratzen denbora asko. Eta, gainera, egia da hori egitea iragazki oso on bat dela jakiteko istorio horrek benetan norabait eramango zaituen. Tarteka bueltatu eta oraindik pizten badizu zerbait, esan nahi du nonbait eraman zaitzakeela. Nik horrela egiten dut lan %90ean, ukitu edo zeharkatu nauten ideia edo sentimendu horiekin.

Eta zerk arduratzen zaitu idaztean?

Ba begira, hor uste dut aldaketa asko izan ditudala lehenengo liburutik. Oraingoan, zorionez, gehien arduratu nauena izan da ni barneratu ahal izatea istorioetan, ondo pasatu ahal izatea idazten eta istorioen bidez norabait iritsi ahal izatea. Gero etorri dira bestelako ardurak, gustatuko ote den, ederra gelditu den, errazegia ote den, zailegia, transmitituko ote duen nik transmititu nahi nuena eta, guztietan galdera potoloena: kontatu dut benetan kontatu nahi nuena? Galdera horrek ikara ematen dit.

Eta badu erantzunik?

Ez dakit! Oso zaila da erantzuten. Nik ez nuke nahi ere irakurleak ulertzea justu nik esan nahiko nukeen hori, hitzez hitz. Baina kontrakoa ere ez. Uste dut dela irakurleak sentitzea nik istorio horiek idaztean sentitu dudan antzeko zerbait. Hori lortuko banu irakurle eskukada batekin, pozik nengoke.

 

«Literatura jardun erresidual bat da eta literatur saio bat kentzea horren ondorio tamalgarri bat»

Literaktumen izan zara orain gutxi. Egonkortzen ari dira literaturari lotutako jaialdiak.

Literatura gero eta gainbeherago dago. Orduan, ondo dago jaialdiak egotea, baina orain falta dena da jendeak ondo pasatzea literaturarekin, ez hainbeste literaturaren inguruan muntatzen denarekin, idazlea dela, merchandisinga… Gero eta interes gutxiago dago ez soilik literaturarekiko, baizik eta kulturarekiko. Ez da balio bat, esnobkeria bat da. Zer da “kultureta” izatea? Hitzak berak desprestigio hori du barruan eta guk ere horrela erabiltzen dugu, ni barne. Orduan, jaiak bai, baina jaietan ondo pasatu ere bai. Horretarako behar dena ezin dizu jaialdi batek eman. Eskatzen duen lanketa egin behar da oso oinarrian, eta oso urruti gaude horretatik.

«Sautrela».

Ba bai, “Sautrela”. Badirudi egiten ari direla beste literatur saio bat, niri deitu didate parte hartzeko baina, esan nien, topera nabilela. “Sautrela” beste sintoma bat da. Literatura jardun erresidual bat da. Eta literatur saio bat telebistatik kentzea horren ondorio tamalgarri bat. Nik dakidala, ez dute kendu jartzeko beste bat edo egin dutelako azterketa sakon bat ikusteko zerk funtzionatzen duen eta zer ez. Audientzia jakina ez duela beteko, baina nahiz eta audientzia potoloena beste programa batzuetan egon eskubidea edukiko dugu noski ikusteko erresiduala den zerbait, ala? Ba, antza denez, ez. Eta telebista-afera horri heldu egin beharko diote, hori ere gainbeheran dagoelako. Ez telebista, baina ETBko programazioa… Munduan gertatzen ari dira mila gauza eta piztu eta rantxerak ikusten dituzu, beste kate guztietan munduari erreferentzia egiten dioten saioak daudenean. Orduan, nola ez dute kenduko ba “Sautrela”? Logika horren barruan sartzen da.

Telebista publikoan bisibilitatea izateak eragingo lioke gainbehera horri?

Komunitate hauskor-autosuntsitzaile-akonplejatu-triste-zanpatu batean autoestimua hil ala bizikoa da eta, kentzen bazaituzte parrillatik, galtzen duzu zure burua pribilegiozkoa den esparru batean ikusteko aukera eta eskubidea. Eta horrek ere eragiten dio autoestimuari. Uste dut erantzukizun bat badagoela hor. Eta ez txikia.A.A.