2017/12/03

Kronika
IRUñEKO FINALAURREKOA
UNAI AGIRRE, BERTSOAREN ASPALDIKO ADISKIDE ONA, FINALISTA BERRIA

UNAI AGIRREK BARAKALDOKO FINALEAN KANTATUKO DU, LEHEN ALDIZ. IRUñEKO ANAITASUNAN EGINDAKO SAIO ONAREN ETA BERTSOLARITZAN IBILIA DUEN BIDE PROPIOAREN ORDAIN APARTA, ZALANTZARIK GABE. AITOR SARRIEGI IZAN ZEN LEHENA ETA AITOR MENDILUZE, BIGARRENA. HORIEK BIAK ERE BARAKALDON IZANGO DIRA.

Amagoia MUJIKA
1203_kul_bertso1

Erabaki da finalisten zerrenda: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre

Iruñeko Anaitasunak Barakaldoko BECen ahizpa txikiaren antza hartu zuen atzo arratsaldean. Emozioak bor-bor izan zituen bertso lapiko bikaina

Argitu da kontua. Bukatu da kalkulagailuen dantza. Bertsolari Txapelketa Nagusiak baditu aurtengo bere zortzi finalistak: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Finaleko zortzigarren aulkiaren inguruan baziren hiruzpalau bertsolari dantzan. Azkenean hernaniarra eseri da, lana ondo eginda eta erabat emozionatuta. Bera, bai eta Iruñeko Anaitasunako plaza ere. Txalo zaparrada luze eta bero batekin aupatu zuten Agirre. Saioan barna behin baino gehiagotan berak piztutako txisparen ordaina.

Anaitasunako plazak bertso lapiko baten antza hartu zuen atzo arratsaldez, Barakaldoko BECen ahizpa txikiarena. Plaza bildua, 2.700 bertsozalek jasoa. Oholtzara igo ziren sei bertsolariek behin baino gehiagotan jarri zuten sua topera, lapikoa irakiteraino. Bertso onen gosea eta bertso onen emana parean gertatu ziren. Finalaren atariko bikaina. Zizka-mizkak.

Zortziko nagusiko ariketa Miren Amurizak eta Aitor Sarriegik abiatu zuten. Kantuan hasi orduko Amurizari odol jarioa hasi zitzaion sudurretik, baina ariketa bukatu zuen. Une batean saioa eten behar izan zuten. Hala ere, sudurrean gaza eta guzti, Miren Amurizak saioa hasi eta buka egin zuen, irribarrez eta zertzelada ederrak utziaz bidean. Meritu itzela berea, publikoak txaloen aupadaz eskertu ziona. Espero dugu azkar errekuperatzea.

Saioko irabazlea, Aitor Sarriegi, fresko eta aise aritu zen, oso tonu onean. Kartzelakoan, adibidez, plazari gozatu ederra eman zion, umorez eta errealismoz. Hauxe zen kartzelako gaia: Ezkutatu egin zara ikus ez zaitzaten. Parrandan zebilela, lantegiko nagusia ikusi zuen Sarriegik. Eta larritu, estresagatik bajan zegoelako. Hauxe, hirugarrena: «Zuei agian bai baina neri ez dit egin grazi/ aitzakia hobeak jartzen beharko nuke ikasi/ ez dakit egoera hau ia nola iragazi/ gauza onik ez baitut honetatik irabazi/ ta aitzakiak pentsatzen ere nazkatu naiz kasi/ begiratu dit ta zuzen aitor ze ari ote haiz hi/ gintonika bota diot bere izotz eta guzti/ ordaintzen duenerako ez du besterik merezi».

Saioko bigarrena, Aitor Mendiluze, ondo aritu zen, erregular eta patxadatsu. Zortziko txikian Miren Amurizarekin aritu zen; Amuriza magoa eta Mendiluze haren sekretuak bistan utzi nahi dituena. «Sonbreroa erosi beharko aurrena/ ze mago klase zera hori ez duena/ ilusionista izena omen da onena/ ba ilusioa izan da desagertu dena», bota zuen Mendiluzek hirugarrenean. Kartzelakoan ere fin aritu zen, bullyinga sufritzen duen nerabearen ahotik.

Hirugarren tokian geratu zen Unai Agirre izan zen egiatako txapelduna. Hain preziatua zen finaleko aulkia lortu zuen, lana latz eginda. Agirre zuzen iritsi zen entzulearengana behin eta berriz. Zortziko txikian, esaterako, plaza mugitu zuen Iguaranekin egindako saioan. Iguaran, artista gaztea eta Unai, haren lehen erakusketara joandako aita. «Agian famatua eingo da gerora/ marra bat ziharrera ta bestia gora/ segi zazu alaba pozik ta gustora/ ulertzen dunarentzat ona izango da», itxi zuen elkarrizketa. Kartzelakoan ere oso sinesgarri aritu zen. Atzo azkena zen kanturako zerrendan, eta kartzeleroa bila joandakoan ezkutatu egin zela kontatu zuen umorez.

Miren Amurizarentzat saioa berezi joan zen. Makalaldi eta guzti, gauza politak egin zituen, kartzelakoa kasu. Maitalearekin sexu jolasean zebilela, haren bikotekideak harrapatu eta armairura sartu zen. Hauxe, emandako bukaera bikaina: «Hara hemen lotsatuta lehen nintzena ahaldun/ hara maitale sutsua zena hemen bizi alargun/ pausu hotsak entzun ditut honantza datoz bi lagun/ armairua zabaldu da ai ze itxura daukagun/ hirugarrenak esan du hara zu zaitut ezagun/ bikoteari begittu pikaro esanez jardun/ zuek hasi duzuena hirurok buka dezagun».

Alaia Martinek agurreko bertsoan aitortu zuen bere erronka: «Zuen aurrean erori nintzen ta zuekin nahi dut altxa». Eta altxatzen ikusi genuen. Anaitasunako bertso lapikoa hotz utzi zuen kartzelakoan, sinesgarri eta mingarri, mahai azpian ezkutatzen den haurraren ahotik. «Oihuak dira aspaldi etxeko soinuen parte/ zer zenbiltzan tabernetan zeure etxetik aparte/ ez dago aski sosegu ez daukagu aski bake/ eta mahai azpi hau daukat beltzaren eskaparate/ kolpe bat entzun dut eta gero berriro atake/ egin du aitak amatxo lurrean birrindu arte/ nahiz haurrei esaten zaien isilikan egon zaite/ aspaldi uste dut aitak ez duela ama maite».

Oihana Iguaran, atzo seigarrena, txapelketa honetan bertsozale asko konkistatu dituen goitik beherako bertsolaria.