Jon GARMENDIA
Idazlea

Gurekin

Galdera hori sarritan ukan dut gerora, silaba berak zeuzkan, agian ez zuen «daudenak» eta «denak» hitzekin errima egingo, baina urteotako ene damu eta lotsa puntu bat ezabatuko zukeen horrek.

Jaia irria eta poza, badaukagu nola goza, tristuraz dugu hala ere, nahigabe, bihotza». Hauek izan ziren doinu bati josi nizkion lehen hitzak, laster beteko dira 20 urte, geroztik dozenaka idatzi izan ditut, baina honek badu zerbait berezia enetzat. Euskal Herriko plaza anitz dantzan jarritako Etzakit taldeak eman zuen argitara, 1998an, bere lehen diskoan sartu baitzuen «Gurekin» izenburuarekin. Baina abestiak, ordurako, urteak zeramatzan bueltaka, herritar askoren ahotsak probatuak zituen, jaietan txosnetako bafleak eta asteburuetan ostatuetakoak. «Herriko seme direnak, herritik urrun daudenak, nahi ditugu elkarrekin, gurekin, denak». Zergatik ez ote nuen «herriko seme-alabak» idatzi? Galdera hori sarritan ukan dut gerora, silaba berak zeuzkan, agian ez zuen «daudenak» eta «denak» hitzekin errima egingo, baina urteotako ene damu eta lotsa puntu bat ezabatuko zukeen horrek. «Zuk barrutik nik kanpotik tira, herria indartzen ari da, lehenbailehen ekarri behar dira, presoak, Euskadira». Egun, «Euskal Herrira» oihukatzen baita, baina lehenengo banderolak garai hartan agertu ziren, eta haiek «Euskadira» zeramaten idatzia. Baina tira, aldatzekotan, hau ere aldatuko nuke. «Dispertsioaren kastigu gogorrak badakizkigu, zein diren eta nola dan, zeldatan, gatibu. Aizu mutil, aizu neska, aldarrikatzeko presta, pare-parean dago ta, borroka ta festa». Hor aldiz, ez nuke fitsik aldatuko, bere horretan utziko nuke; eta hitz hauek gogora ekartzean ohartu naiz zein gutxi aldatu diren gauza batzuk gure herri honetan, 20 urte luzeotan leku berean jarraitzen baitute herriko seme-alaba askok, Euskal Herritik urrun, eta beste asko urte horietan zehar kartzelatu eta urrundu dituzte. Aspaldi ez dut abestia entzun, eta ez dut uste askorik entzungo denik lehengo toki haietan, baina zuetako nehork berriro entzuten badu, jakizue, aldatuko nukeen gauzarik garrantzitsuena ez dela lerro hauetan aipatu dizuedan ezer.