Jon GARMENDIA
Idazlea

Erbesteratua

Budista naiz, nire ahuldadeaz ohartzen naizelako, kristaua naiz, nire ahuldadea onartzen dudalako, judua naiz, nire ahuldadeaz barre egiten dudalako, musulmana naiz nire ahuldadea kondenatzen dudalako, ateoa naiz, jainkoa ahalguztiduna baldin bada». Atiq Rahimiren esaldia da hori, idazle afganiarrarena, baina azken urte luzeetan Parisen erbesteraturik bizi izan dena, Sorbonako unibertsitatean goi mailako ikasketak bukatu zituena, bere nobelak zinemara arrakastaz eraman dituena, eta bera zuzendari gisa jardunda gainera. Kabulen sortu zen 1962an, Afganistan monarkikoan. Aita gobernadorea zuen, beraz, boterea eta dirua bazen bere etxeko bazterretan; hargatik ukan zuen formakuntza lizeo frantses batean. 1979an, ordea, gerrak eztanda egin zuen eta lehenik Pakistanera egin zuen ihes, eta ondoren Frantziara. 1984an errefuxiatu estatutua onartu zioten galiarrek, eta geroztik bi nortasun agiri dauzka. Bere anaiak ez zuen ihes egin nahi izan, komunista zen, borrokalaria, eta Atiqek urtebeteko berantaz jakin zuen hil egin zutela. 2000. urtean argitaratu zuen bere lehen eleberria, «Khâkestar-o-khâk», lurra eta errautsak, persieraz idatzia, farsieraz; hizkuntza horretan idatzi zituen bere lehen eleberriak, «baina beste hizkuntza bat behar nuen, nire tabuak bazterrera utzi, eta autozentsura gainditzeko»; hargatik idatzi zuen lehen aldiz frantsesez «Pierre de patience» 2008an, «pazientziaren harria», guztiaren aparte, zauritutako senarra zaintzen bizi den emakume baten historia. Harekin irabazi zuen Frantziako literatura sari garrantzitsuena, Goncourt, urte horretan berean. «Nire liburuetan emakumeak libreak dira, baina gizartean ez, munduan ez». Biarritzeko zine latinoamerikarraren lehiaketan epaileen buru izan da. Han ezagutu dut, umore handiko gizon on gisa, egindakoaz, bizitakoaz, harro, errekonozimendurik falta ez, eta nahinon, errespetatua. Eta momentu batez, halatsu irudikatu dut Joseba Sarrionandia.