Amalur ARTOLA DONOSTIA

Nazionalismoen topikoen oinarrietara jo eta horiek iraultzera dator Azurmendi

Nazionalismoaren kontzeptua aztertzeko XIX. mendera jauzi egin eta Ernest Renan jo du begiz Joxe Azurmendik «Historia, arraza, nazioa. Renan eta nazionalismoaren gaineko topiko batzuk» liburuan. Nazionalismoa aztertzen denean oinarritzat hartzen diren eredu frantses eta alemaniarraren atzean dauden «egiak eta gezurrak» argitzen saiatu da filosofo zegamarra, seiehun orrialde luze eta 2.500 oin-oharretik gora dituen liburu mardulean.

Seiehun orrialde eta 2.500 oin-oharretik gora bildu ditu Joxe Azurmendik «Historia, arraza, nazioa. Renan eta nazionalismoaren topiko batzuk» lanean. «Zaila, oso zaila» izan da, bere hitzetan, azken hamarkadan nazionalismoen gainean batu dituen dozenaka ohar bibliografikoen artean liburuaren ildo nagusira joan behar zutenak eta ohar gisa plazaratu behar zituenak zeintzuk izango ziren hautatzea.

Gaixoaldiek, berarenek zein etxekoenek, uzten zioten tarteetan osatu du liburua eta, azkenean, atzo aurkeztu zuen nazionalismo frantsesaren eta, batez ere, Ernest Renan (1823-1892) «historiaren filosofoaren» ikusmoldearen gaineko azterketa egiten duen liburu mardula.

Azurmendik «frantziar eta alemaniar nazionalismoen arteko kontrastea» egin nahi izan du liburuan. Bere hitzetan, nazionalismoaz edota «nazio arazoez» hitz egiten denean eredu alemaniarra eta frantsesa hartzen dira oinarritzat: «Azken urtetan batez ere, nazioaren bi kontzeptu hauen gainean polemizatu izan da». Hala, frantsesa izango litzateke «nazioaren kontzeptu liberala, demokratikoa, subjektiboa, nahizkotasunean» oinarritzen dena. Eta nazioaren kontzeptu alemana, aldiz, «nazioa hizkuntzan, tradizioan, kulturan eta arrazan» oinarritzen duena. «Beraz, batetik nazioaren kontzeptu demokratiko bat egongo litzateke, Espainian PSOEk, PPk eta abarrek ordezkatzen omen dutena, eta nazioaren kontzeptu arrazista bat, irrazionala; etnikoa ere esaten da orain. Horien iturrian 1870eko eztabaidak egongo lirateke, gerra franko-alemaniarra, Alsazia alemaniarra edo frantsesa ote den, eta abar». Hala, hor atzean egon ziren eztabaiden bila abiatu da Azurmendi eta, horregatik, liburua batez ere aipatu gerran eta horri buruz idatzi zuten autoreetan oinarritu da. Eta, bereziki, Renanen idatzietan, «bera baita, frantsesen ustetan, XIX. mendeak eduki duen gizonik buruargiena; idolo nazional bat izan da, batez ere `Zer da nazioa?' hitzaldiagatik».

Eredu dikotomikoa

«Ezjakintasunez edo interesez, gauzak nahasteko joera dagoenez», Azurmendik aipatzen duen dikotomia horretan kontrajarri izan diren bi autoreak Renan eta Herder izan direla azaldu zuen. Azken hau «nazionalismo arrazistaren patroi» gisa deskribatu zuen eta bien arteko konparazioa egitea «astakeria galanta» dela adierazi zuen zegamarrak, «arrazoi sinple bategatik: bien artean ehun urteko aldea dago; ideien historian ez dago konparatzerik ehun urteko aldea daukaten bi autore».

Orain aurkezten duen lanak aurretik argitaratutako «Volksgeist. Herri gogoa» (Elkar, 2008) lanarekin lotura duela ere aipatu zuen: «Beti esaten da, ez dakit zergatik, Arana Goiriren nazionalismoa, beraz euskal abertzaletasuna ere, eredu alemanekoa izango litzatekeela; beraz, arrazista».

Alde horretatik, Azurmendik «ia ezinezkotzat» jo zuen Aranak aurrez aipatutakoen testuak ezagutzea baina, hala ere, Azurmendiren hitzetan, «bere inguruan idatzi den biografia inportanteeneko hitzaurrean ere nazionalismoaren bi kontzeptu daude eta, Arana, eredu alemaniarrekotzat hartua da. Horrelako estualdietan gaudenean baietz, gure nazionalismoa eredu alemaniarrekoa dela baina gu ez garela arrazistak diogu. Eta, zergatik demostratu behar dugu ez garela arrazistak? Eskema horrek horretara behartzen gaituelako».

Zibikoa vs etnikoa

Eredu dikotomikoarekin jarraituz, larriena eredu horrek izan duen arrakasta dela adierazi zuen: «Oso erosoa da eskolan eta abarretan erabiltzeko eta praktikoki derrigorrezkoa bihurtu da azterketa bat egiteko orduan hortik abiatzea».

Hala, Europako nazionalismoak bi eredu horien arabera sailkatu izan direla nabarmendu zuen zegamarrak eta bera ez dela sailkapen hori ezbaian jartzera datorren lehena argitu zuen: «Kanadan, Kroazian... askotan ukatu izan da hau. Todorov-ek, esaterako, nazio zibikoa eta etnikoa ezberdintzen ditu; lehena kriminala dela esaten du, nazio etniko batek ez duela sekula halako txikiziorik eragin, hark nahi duena bere burujabetasuna eta kultura garatzeko aukera izatea delako. Nazio zibikoaren helburua, aldiz, mugak ezartzea, ekonomia defendatzea eta aldamenekoari erasotzea da. Beraz, arriskua eta arazoa nazionalismo zibikoak dira, ez etniko-kulturalak: batetik ezin dute eta, bestetik, ez dute beste herrialde batzuei erasotzeko edota horiek kolonizatzeko asmorik».