Aritz MALDONADO

Euskal Herrian Euskaraz, 35 urteko ekarpena euskararen normalizazioari

«Euskararik gabe, Euskal Herririk ez» lelopean ekin zion bideari Euskal Herrian Euskaraz elkarteak, duela 35 urte. Frankismo amaiera horretan irmo ekin zioten kideek bideari, auzoz auzo eta herriz herri euskararen aldeko borrokan, eta egun ere horrela eusten diote.

Izenak berak argi uzten duen bezala, elkartearen helburua Euskal Herri euskalduna erdiestea izan da hasieratik. Horretarako, izaera aldarrikatzaile eta borrokalaria izatea adostu zuten hasierako kideek, eta hein horretan, adierazpenez gain, egoerak hala eskatu izan duenean, bulegotik irten eta herritarrekin lan egiteko prest egon dira.

EHEren aldarrikapenek gaurkotasuna izaten jarraitzen dute; alta, moldea izan da moldatu dutena, beharraren edota testuinguruaren arabera. 80ko hamarkadan, adibidez, izaera eraikitzailean egin zuen ekarpena elkarteak. UEMAren eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren sorreran bere alea jarri zuen EHEk. Euskarazko hedabideak eskatu zituen orduan, eta egun daudenak babesteko deia egiten du; euskara elkarte ezberdinen jaiotzan ere aritu da lanean.

90eko hamarkadan, berriz, beste pauso batzuk eman zituen. Hizkuntza eskubideen defentsa izan zen EHEren lanaren ardatza. Adibidez, 1992. urtean, 8.000 lagunek Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuaren dimisioa eskatu zuten, bere politikak zirela-eta; handik bi urtera, 1994an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako legebiltzarkideen erdiak baino gehiago (%56) erdaldunak zirela ikusita, hori konpontzeko kanpaina abiatu zuen. Nazio mailako ekimenez gain, herrietan ere ekintza andana prestatzen zituzten EHEko kideek.

Hamarkada horretan sortu zen, adibidez, Ezabaketa Egun bezala hasi eta Ezabaketa Aste bilakatu zena; ekimen honek, adibidez, tokian tokiko izaera hartu du. Horrelako sustraiekin, Hizkuntza Eskubideen Eguna bezalako ekimen eraikitzaile eta parte-hartzaileak gorpuztu ziren, euskararen normalizazioa bultzatzeko jai eta aldarrikapen legez.

Euskaraz Bizi Eguna

Hizkuntza eskubideen defentsatik harago joan da azken urteetan EHEren jarduna. Gaur egun, euskaraz bizitzeko hautua sustatzea lehenesten du elkarteak. Horrela, Hizkuntza Eskubideen Eguna izatetik, Euskaraz Bizi eguna ospatzera igaro da. Aurten, seigarren aldia izango du, eta apirilaren 18an izango da hitzordua. Jarrera aldaketaren adibide bat baino ez da, dinamika aldaketa baten ispilua. Euskaraz bizitzearen aldeko apustu horretan hiru zutabe ditu EHEren jardunak: norbanakoaren aktibazioa, espazioen euskalduntzea eta hizkuntza politika burujabearen aldeko erronka.

Herritarren aktibazioa da Euskal Herrian Euskaraz taldearen iritziz, etorkizunean nazio euskalduna erdiesteko gakoa. Hori horrela, aipatu beharra dago, «Herriko Etxeak/Udalak eta biok, euskaraz» egitasmoa.

Hainbat herritan administrazioarekin harreman oro euskaraz egiteko eskaerak jaso eta tramitatu dira, emaitzak era guztietakoak izanda ere. Kaleko jardunaren beste hamaika adibide jar daitezke EHEren ibilbidean zein egunerokoan.

Hogeita hamabost urteotan, ehunka lagun igaro dira EHEtik, eta egun, militante gazteak dira gehienak. Gaur egun egiteko dagoenari ekiteko gogotsu dagoen kidego adoretsua, beraz. Azken urteetan gizartean izandako aldaketetara egokitzeko, barne prozesuari ekin dio elkarteak, urteotako lan eskerga kontuan hartu, etorkizunerako dauden erronka nagusiak aztertu, eta antolakuntza eredu eraginkorrena erdiestearren.

Urteurreneko ekitaldien barruan, eta EHEren sortze agiria Durangon sinatu zela kontuan hartuta, mahai-ingurua egin zuten azaroaren 4an; euskararen normalizazioaren etorkizunari buruz jardun ziren Maren Belastegi, Paul Bilbao eta Gotzon Barandiaran, Iñaki Petxarroman kazetariaren gidaritzapean.

Orain arte eginiko lanari errepasoa eginez, pozteko arrazoiak egon badaude, EHEren esanetan, baina elkartea desagertzeko bokazioarekin jaio zela gogorarazi dute, eta, beraz, beste 35 urte igaro aurretik, Euskal Herri osoa bat eta euskalduna izan dadila nahi dute. «Horrela joango gara herri honen etorkizuna eraikitzen, euskaraz eta elkarbizitzan».

Hiru zutabe

Euskaraz bizitzearen aldeko apustu horretan hiru zutabe ditu EHEren jardunak: norbanakoaren aktibazioa, espazioen euskalduntzea eta hizkuntza politika burujabearen aldeko erronka.