Nagore Belastegi
Kazetaria
IKUSMIRA

Baltasarren oparia, Durangotik zuzenean

Etxekoak irakurzaleak dira eta, horregatik, nire apalak beti egon dira liburuz beteak. Txikitan Circulo de Lectores-ko aldizkaria ekartzen zuten etxera bi hilabetero. Orrialdeak atzera eta aurrera ibiltzen nintzen. Ezin ditut zenbatu Jordi Sierra i Fabraren zenbat testu irakurri ditudan oheratzean, lagunek Play Stationarekin jolastea nahiago zuten bitartean.

Abendua gerturatzen zela egunkarian agertzen zen liburuen zerrenda ikustea gustatzen zitzaidan, nahi nuen hori Landako guneko zein standetan egongo zen jakiteko. Iristen zen eguna eta amarekin joaten nintzen urtero, tradizio bat bilakatu zen arte. Beti sentsatzio berdina: ezin aparkatu, euripean sudurra bufandan sarturik jendetzaren norabideari jarraitu eta, azkenean, kristalezko kubo horretara sartu. Segituan bufanda soberan zegoen eta jendearen berotasunak euriak bustitako arropak erdi lehortzen zituen hezetasunezko laino bat sortuz.

Aitak fitxatuta zuen liburu hura erosten genuen lehenengo. Amak mendien planoak begiratzen zituen eta ziur perretxikoei buruzko gidaren bat ere bertan erosiko zuela. Nire lana erraza zen: argitaletxearen postua bilatu eta nahi nuen liburu hura erosi. Zein poza idazlea bertan zegoenean! Toti Martinez de Lezearen «Nur» sagak eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek koxkortuta harrapatu ninduten, baina ondo baino hobeto uler dezaket txikiek sentitzen dutena, ilara egin ostean, euren ametsak eta irudimena ideiez hornitzen dituztenek liburua sinatzen dietenean.

Musikari ere tarte bat egin nion nerabezaroan. Asgarth taldeko kideek orrialde beltzetan zilar koloretan pintatutako sinadurak gordetzen ditut oraindik garai hartako mugarri gisa, doinu gogorragoak entzuten hasi nintzenean. Gabonetako opari galanta izan zen diskoa. Gure etxean Olentzerok opari handiak ekartzen zituen eta Erregeek, berriz, barruko arropak eta liburuak. Ikastolara itzultzeko gogo gutxiak estaltzen zituzten opari xume haiek. Aurten ere Baltasarrek esne basoaren trukean opariren bat utziko al dit?