Iraia OIARZABAL DONOSTIA
Elkarrizketa
PATXI X.
7 urtez heroinazalea 80ko hamarkadan

«Intxaurrondokoei erosi izan diet heroina, eta beraiek niri ere bai»

Nerabezarora iritsi gabe hasi zen Patxi X. -oraindik ere ez du bere benetako izena eman nahi- drogen munduan, ezjakintasunak dakarren arriskuarekin: lehenengo monoa gripea zela uste zuen. Gurasoei eta herriko hainbat laguni esker dagoela bizirik aitortu du; kostata utzitako bide bihurria izan da berea, eta denborak emandako distantziarekin kontatu dizkigu 80ko hamarkadan bere larruan bizitakoak; istorio latza, duda izpirik gabe, baina oso argigarria.


Nola hasi zinen drogen munduan? Nola ezagutu zenuen?

Herrian. 13 urte inguru izango genituen eta lehenbiziko esperientzia, EGAMen (Eusko Gazteria Abertzalearen Mugimendua) genbiltzala, haxixarekin izan zen. Kontzientzia politiko eskasa geneukan eta martxa nahi genuen. Segituan pastillekin hasi ginen, anfetamina eta antzekoekin. Lehenbiziko porrua erre eta urte bat igaro baino lehen heroinarekin hasi ginen. Donostialdean heroinarekin hasten lehenbizikoak izan ginen, oraindik ez zegoen trafikatzailerik ere. Gu Pasaiara joaten ginen eta han familia oneko tipo bati erosten genion. Thailandiatik ekartzen zuen beretzako heroina. Hortik aurrera jende guztia hasi zen kontsumitzen.

Nola bizi izan zenuen heroinaren sarrera indartsua?

Kristoren menpekotasuna sortzen duen droga da heroina. Ez da kokaina bezalakoa, heroinak menpekotasun psikologiko eta fisikoa eragiten du. Beharra daukazu, dardarka hasten zara, gaizki zaude... antsietate handiarekin. Benetan zer zen jakin gabe hasi ginen. Ni abstinentzia-sindromeak jotako lehenengo aldian amak medikura eraman ninduen gripea neukala uste zuelako. Gaizki nengoen, dardarka... Nik ere ez nekien horregatik zela. Antsietatea eta heroina sartzeko gogoa nituen, baina ez nuen uste horregatik zenik. Ez genekien ezer.

Herrian ikastolako kuadrilla bat ginen, hiru urtetatik elkar ezagutzen genuenak. Denak kirolariak, sekulako morroskoak. Herriko semeak ginen eta gure gurasoek elkar ezagutzen zuten. Heroinarekin hasi ginen eta momentu batean kuadrilla banatu egin zen. Bospasei bat izan ginen heroinarekin topera sartu ginenak. Hor hasi ginen lapurretan...

Garai hartan nolakoa zen zure egunerokotasuna?

Egun osoa heroina bila ematen genuen. Nik egunean 100.000 pezeta inguru sartzen nituen. Gaur egun 600 euro erraz esaten da, baina garai hartan 100.000 pezeta asko zen. Erraza zen dirua lortzea. Hemen, txinotara jokatzen genuen bankua nork lapurtuko.

Gero hasi ziren arazoak etxean. Gurasoak jabetu egin ziren, kuadrilla osoak hepatitisa hartu genuen-eta. Beraiek konturatuta zeuden gure jarrera ez zela normala, beti lokaletan sartuta geundela eta ez ginela neskekin ibiltzen... Orduan ez zen batere hitz egiten drogen kontuaz, baina hepatitisa zela-eta analisiak egin zizkigutenean jakin zuten.

Eta gero?

Nire kasuan, gurasoek inkontzienteki dirua eman eta herritik kanpora bidali ninduten. Egin nuen lehen gauza Donostian heroina erostea izan zen, diru guztia gastatuz. Gero lapurtzen ibili nintzen. Astean zehar gutxienez bi aldiz atxilotzen ninduten. Batzuetan jo egiten ninduten; beste batzuetan nire herriko ezker abertzaleko jendearen zerrendak ateratzen zizkidaten eta nor ezagutzen nuen galdetzen zidaten... Polizien artean oso ezagunak egin ginen. Young Play diskotekara joaten ginen eta han beraiekin topo egiten genuen, baina elkarri adarra jotzen ibiltzen ginen horrelakoetan. Gure kuadrillan ez, baina ezagutu genuen Intxaurrondoko guardia zibilekin lapurretak egin zituen jendea, bitxi-dendetan.

Bereziki gogorra izan zen une bat, sanjoan batzuetan lagun bat tiroz hil zutenekoa. Oso gazteak ginen, 15-17 urte.

Esan ohi da heroina Euskal Herrian helburu zehatz batekin sartu zela eta Poliziak horretan inplikazioa zuela. Hala al da?

Jende askok esaten du Poliziak sartu zuela droga. Nik ez dut uste beraiek sartu zutenik; hemen bezala Europa hegoaldeko toki askotan sartu zen. Baina egia da hemen erabili egin zutela. Nire familian, adibidez, politika kontua oso presente zegoen eta, gu ginen bezain harro eta bihurriak izanda, ziur asko, horretan sartuta bukatuko genuen.

Askotan kontroletan drogarekin harrapatzen gintuzten eta errieta txikia egiten ziguten. Baina ez gehiago. Autoa begiratu eta gure mobida droga kontua zela ikusten zutenean joaten uzten ziguten. Salmentari dagokionez, nik ez dakit izen zehatzik, baina nik Intxaurrondoko guardia zibilei erosi izan diet heroina eta beraiek niri ere bai.

Nola lortzen zenuen droga, oso eskuragarri al zegoen?

Gu normalean heroina bila toki berera joaten ginen, kontaktuak genituen eta pisuetara joaten ginen erostera. Bestela, arratsaldeko hiruretan egon gintezkeen 500 pertsona Donostiako Konstituzio plazan. Dena yonkiz beteta egoten zen. Trinitate plazaren atzealdera ere joaten ginen eta han ikus zitezkeen xiringa multzoak eta hamarka pertsona heroina sartzen. Pasada bat zen.