Jon GARMENDIA
Idazlea

«Chemtrails»

Zeruari begiratzeko denborarik gabe bizi zaretela, edo, ez direla zerura begira ibiltzeko garaiak bestela. Agian, lurrean nahiko lan baduzuelako lehendik, edo, parekoak atentzioa ebasten dizuelako. Baina han goian gertatzen dena ezezagun zaizue. Ortzira begira bizi dena alaia omen da eta lurrera so egiten duena tristea, umoretsua lehena eta setatia bigarrena; eta zuk, ez duzu oroitzen noiz behatu zenion ortziari azkenekoz.

Egunero eguraldiari eskaintzen zaion hizketaldi aleatorio bat parean egokitu eta gogoeta ekarri dizun arte; «Lapurdiko zerua urdin-urdin zen gaur, halere, aitzinera zoin gibelera ibili diren hegazkinen arrasto zuriek inpresionismotik kubismora pasarazi naute bat-batean, Cezanne bezala» aipatu du Clarissek, eta «chemtrails» direla erantzun dio Martinek, ordu luzez zeruan egoten diren arrasto kimikoak, militarrek ezkutuan egindako operazioak, aluminio hautsarekin; laino artifizialak sortzeko edo klima aldaketari aurre egiteko; «edo tira, auskalo zertarako». Gero, «Teoria Konspiranoikoa mundu osoan hedatua» dago esan, eta etxera igo da Nenkiren «Chemtrails, les tracés de la mort» liburuarekin itzultzeko, «irakurri» esan dizu, «eta, ahal baduzu, zeruari beha».

Eta begiekin orrialdeak jan arau, Asterix eta Obelixen buruzagi Abraracourcix izan nahi zenukeela pentsatu duzu, bere Arverne ezkutuaren azpian babesteko, zerua buru gainera eror ez dakizun. Danubio ibai inguruko lurrak konkistatzen ari zela, Mazedoniako Alexandro Handiari hala aitortu omen zioten gudari zeltek, haien beldur bakarra zerua buru gainera erortzea zela. Eta zure beldurra, ilogikoak diruditen teoriei jarraiki, gero eta logika gehiago duten pentsamoldeak ernatzea baino ez da. Ez zuten aski zerua zulatzearekin, orain, zuen buru gainera erorarazi nahi dute. Behintzat, gripea nondik hartu duzun azalduko dizun teoria bat badaukazu.