2017/10/07

MANU BENDALA

Bederatzi urte baino ez dira Manu Bendala Sevillatik Euskal Herrira etorri zela, eta, euskara ikasteaz gainera, irakatsi ere egiten du euskaltegi batean. Bertsolaritzak erakarrita, mundu horretan «benetan euskaldun» sentitzen du bere burua. Bertsoa eta ipuinak uztartzea bururatu zitzaion, haur askok biziki eskertzen dutena.

Xabier Izaga Gonzalez
Pd28_manu1

Nabarmenkeria hutsa da Manu Bendala euskalduna dela esatea. Hala da, argi eta garbi, munduan beste asko legez, baina Manu ez da ohiko euskalduna, betidanik hemen bizi izan diren horietakoa, alegia. Sevillar honek euskaldun izan nahi eta erabaki zuen. Hartarako, euskara ikasi zuen, eta gaur egun irakatsi ere egiten du; bertsotan hasi zen, eta bertso-ipuinak prestatu eta haurrei kontatzen dizkie. Zalantza izpirik gabe, euskalduna da Manu, maitasunez, gogoz, grinez.

Gasteizko Arana AEKren euskaltegian topatu dugu goizeko eskolak bukatzear, eta istorio polit bat kontatu digu: berea. Orain dela bederatzi urte etorri zen Euskal Herrian bizitzera. Ordurako, lehen aldiz 23 urterekin, bertan egona zen, inoiz udalekuetan lan egiten. Eta lehen momentutik «maitemindu» egin zen euskal kulturarekin, giroarekin, jendearekin. Aurreiritzi asko aldatu omen zituen eta «harrapatuta» geratu zen. «Kanpotik ikusita, kontatzen dizutena entzunda, uste duzu dena zuria edo beltza dela», dio.

Berehala iruditu zitzaion ezinezkoa dela euskara Euskal Herririk gabe eta Euskal Herria euskararik gabe ulertzea, eta, Mikel Laboaren kanta bat dakar hizpidera, Xalbadorren “Herria eta hizkuntza” bertsoak, hain zuzen: «Herria da gorputza, hizkuntza bihotza». Gutxienez hizkuntzara hurbildu beharra sentitu zuela dio, euskal kultura ulertzeko, eta luze gabe argi zuen euskaraz bizi nahi zuela. Helburu horrekin jarraitzen duela dio, «beti baitago zerbait ikasteko». Ez du harroa ematen, eta hala dio berak, baina bere bideaz harro sentitzen da, euskaraz jakitea eta euskararen arloan lan egitea lortu duelako.

Euskal Herrian luzaroan egongo zen jakin gabe ere, euskaltegian, pisukideekin eta lagunekin ikasi zuen, «kalean, hitz eginez». 2015ean Donostian lanean ari zela, eszedentzia eskatu zuen barnetegi batera joateko, bere ikasketa prozesuari azken bultzada emateko. Esperientzia hori bizi nahi zuen, erabat euskaraz bizitzeko.

Iaz Glotodidaktika ikastaroa egin eta AEKn irakasle hasi zen. Lehendik ere bazuen eskarmenturik irakaskuntzan, Sevillan irakasle ikasketak egin zituen-eta, hezkuntza bereziaren adarrean. Autismoaren arloan lan egin izan du, Sevillan, Euskal Herrian, eta, ikasturte batez, Perun. Herrialde hartatik itzuli zenean, Sevillan ezer finkorik ez zuenez, Euskal Herrira etorri zen, hemen «zerbait egiteko» aukerari eutsita. Eta harrez gero, hemen jarraitzen du. Neska-laguna hemengoa du, irakaslea hura ere.

Manuk dioenez, euskara lanbide izatea «oparia» da, «oso kontu polita». Asko gozatu eta ikasten ari dela dio eta, bestetik, euskarak asko eman dionez, horrela «zerbait itzultzeko aukera» duela. Gainera, bera zerotik hasita, nolabait ikasleentzako eredu izan daitekeela dio, edonork euskara ikastea posible den froga, alegia. Edonork, hizkuntzak ikasteko batere trebea ez omen den sevillar hau barne. Izan ere, amak maiz gogorarazten omen dio institutuan ingelesarekin, latinarekin edo grekoarekin nahaste handia zuela. Berak dioenez, gakoa gogoz ikastea da, ordea, «nahi duzulako». Zerotik hastea alde batetik zailagoa izan daitekeela dio, neketsuagoa, eta berari belarria moldatzea kostatu zitzaiola dio; baina, bestetik, bera konplexurik gabe hasi zela. Bistan da Manuk bizkor eta sendo ikasi duela, baina «espero baino mantsoago», berak dioenez.

Bertso-ipuinak

Donostian eta Pasaian bizi izan da zenbait urtez, eta duela bi Gasteizera joan zenean, euskara ikasketak bukatuta –EGA barne–, bertso eskolan hasi zen, batetik bertsozalea zelako eta bestetik euskaraz gehiago hitz egiteko lekuren baten bila. Eta bertso mundura sartu zenean, konturatu zen inguru horretan «benetan euskalduna» sentitzen duela bere burua. Bertsotan zuzenean euskaraz ateratzen omen zaio sormenaren fruitua. Bertsoa oso lagungarri izan omen du burua azkartzeko.

Bertsotan hasi zenean, ipuin kontalaritza eta bertsoa uztartzea bururatu zitzaion. Eskoletan, baina baita beste areto batzuetan ere, haurrentzako ikuskizunak eskaintzen hasi zen. Sevillan ere ipuin kontalari ibili zen noizbehinka, eta aukera polita iruditu zitzaion ipuinak bertsotan kontatzea. Iaz, Laura Lobato AEK-ko ikasle eta irudigilearekin bertso ipuin bat prestatu zuen, ikuskizun txiki bat egiteko, eta haurren artean arrakasta zuela ikusi zuten. Orain “Printze Txikia” moldatzen ari dira, azaroan «kontatu eta kantatzeko». Ikuskizun horietako baten grabazio bat ikusteko aukera izan du GAUR8k, “Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi” ipuinarena, hain zuzen. Manuk Xabier Leteren “Habanera”-ren doinuan ipuina kontatu eta kantatu ahala, Laura irudi bat osatzen doa; haurrak, adi-adi.

Gustura dago, eta nabari da. Gauza batzuk faltan botatzen ditu, esate baterako familia eta betiko lagunak, baina oso zorte ona izan omen du hemengo kuadrillarekin, giroarekin... «Jakina, nire sorlekua han dago, nire sustraiak, baina argi daukat gaur egun berriz aukeratu behar izanez gero, berriz etorriko nintzatekeela. Gaur egun behintzat hauxe da bizi nahi dudan lekua, sustrai berriak sortu nahi ditudan lekua».

Euskal Herriko enbaxadore

Bizpahiru hilean behin, Sevillara joaten da. Eta gustura egoten da han ere. Familiak eta lagunek batez ere Manuren bidez ezagutu dute Euskal Herria.

Sekula ez omen du sevillar azentu nabarmenegirik izan, baina, Sevillara joaten denean, hemengo azentua duela esaten omen diote: «Pero óyete, si pronuncias todas las eses, hasta las finales!». Baietz dio, nabaritu duela; nolanahi ere, han hiru egun pasatuta, lehengo hizkerara itzultzen da arazorik gabe. Hango kuadrillak badakizki euskarazko zenbait hitz eta esaera, Manuk irakatsita, jakina, harro aitortzen duenez: «Batzuetan enbaxadore sentitzen naiz». Eta gustukoa du, esate baterako politikaz hitz egitean, hemengo hainbat kontu argitzea, batez ere familia eta lagun artean. Bada burua jan diotela esaten dionik ere, eta inoiz zerbait mingarriagoa ere, baina salbuespenak dira. Bere lagun batzuk Euskal Herrira etorri izan dira inoiz eta haiek ere giroarekin eta jendearekin gogobeteta itzuli direla dio, eta, bertsolaritzarekin, liluratuta. Berak gauza bera sentitu zuen Txapelketa Nagusiko finalean: «15.000 lagun bertsoak entzuten ikustea demasa da, horregatik gustatzen zait kanpoko jendeari azaltzea».

Euskara hizkuntza berezia iruditzen zaio, eta azaldu egin du: «Gauza bat da hizkuntza bat jakitea eta beste bat bizitzea, eta hizkuntza baten bidez bizitzea. Oso polita iruditzen zait leku txiki batean hizkuntzari eusteko, maitatzeko egin den ahalegina; ikaragarria da». Paradoxikoa dela dio «ahalegina» esan behar izatea, ez litzatekeelako ahalegina izan behar, baina aldi berean zerbait polita dela. «Nik esaten badut euskalduna naizela, berdin da non sortu naizen; euskalduna naiz euskaraz bizitzea erabaki dudalako. Euskara da euskaldun egiten gaituena, eta nire kasuan halaxe da. Nire ama hizkuntza gaztelania da, oso ondo, ni sevillarra naiz, eta harro nago sevillarra izateaz, andaluzista naiz... baina euskalduna ere banaiz, nik erabaki dudalako». •

Xalbadorren «Herria eta hizkuntza» bertsoak dakartza hizpidera. Gutxienez hizkuntzara hurbildu beharra sentitu zuela dio Manuk, eta luze gabe argi zuen euskaraz bizi nahi zuela

Bertsotan hasi zenean, ipuin kontalaritza eta bertsoa uztartzea bururatu zitzaion. Eskoletan, baina baita beste areto batzuetan ere, ikuskizunak eskaintzen hasi zen sevillarra