Jon GARMENDIA
Idazlea

Bitartean

Kontraesanez betetako sortzaile izatea zer den. SGAEren aurka egonda SGAEren barnean hogei urte luzez egotea zer den. Musika idazle baten ttipitasuna, zalantza eta kezkak handitzen dutela sentitzea zer den. Monopolioen aurka egon eta monopolio batek zure garun eta eskuetatik irten denaren kontrol osoa nola hartzen duen ikustea zer den. «The creative process is a process of surrender, not control» aspaldi esan zuen Julia Cameron sortzaile handiak, alegia, sorkuntza errendizioa dela, eta ez kontrola; ez zuen ari naizenarekiko esan, baina ederki datorkio. Zer den esaten luze segituko bainuke, nik eta ni bezalako askok bizi dugunari buruzko kontrol gehiago banu. Edo, adierazteko, kontzientzia lasaiago banu behintzat bai. Agian bai.

Kontua da SGAEn jarraitzen dudala; kontua da Elizaren zerrendan bezala erraz sartzen zaren ate bat dela egileen eskubideak Espainian zaintzen dituen elkartea, baina nekez irteten zarela handik. Kontua da emandako dirua isil-isilik sartu dudala patrikan. Kontua da, bat gutti ez, eta ipar Euskal Herrian egindako lanak SACEM frantsesak ere jabetzan dituela. Kontua da urte luzetan itxaron dudala antzeko euskal elkarte baten sortzea, zuzenagoa, gardenagoa, gureagoa; laguntzaileagoa. Eta beltzatu nahi duen larruazalari eguzkiak sortzen dion ilusioa piztu zidan EKKI Euskal Kulturgileen Kidegoak orain hilabete batzuk, baina geroztik ez dut haren berririk, ez dakit nola jarri harremanetan, ez du webgunerik, edo telefonorik bistan. Ni bezalako batzuekin hitz egin dut gaiari buruz, ezagunak ditudalako, ni bezalako asko ataka berean egongo direla ere pentsatu izan dut, ezezagunak ditudalako. Eta bitartean, idazten jarraitzen dut, ilunpean argia topatu nahian. Bitartean. Otsailaren 26an SGAEn izango diren hauteskundeetan aurkezten direnen kexu formako proposamenek e-posta betetzen didaten bitartean.