GARA
BAIONA

Oier Oa aske geldituko da bihar, baina konfinatua izan daitekeela ohartarazi dute

Xantiana Cachenaut abokatuak uste du Estatu frantseseko leku zehatz batean bizitzera behartuko dutela kartzelatik ateratzen denean. Familiak Larresoron beraiekin bizi dadila eskatu du.

Duela lau urte espetxeratu zuten Oier Oa aske geratuko da bihar, baina Xantiana Cachenaut abokatuak ohartarazi duenez, baliteke Estatu frantsesak toki zehatz batean bizitzera behartzea, baina ez dakite non. Larresoron aske bizitzen utzi behar diotela aldarrikatu du euskal presoaren familiak. Babesa adieraziz, apirilaren 11rako manifestazioa deitu dute herrian, 17.00etan. «Espero dugu hemendik data horretara, bere etxera sartua izanen dela, Larresorora», adierazi du familiak.

«Atera baino minutu batzuk lehenago jakinen du Oierrek nora bidalia den. Horretarako Barne Ministerioak ados den prefektura bat atzeman behar du», azpimarratu zuen atzo abokatuak, Kazeta.eus-ek aipatu zuenez.

Antzeko kasuak agertu direlarik, Cachenautek zehaztu zuen presoak Ipar Euskal Herritik oso urrun bidaliak izan ohi direla. Oarekin ere hala gertatzen bada, gaineratu zuenez, «bide administratibotik» auzitara joko dute, toki aldaketa eskatuz.

Oier Oa Larresorora joan ahal izateko elkartasun kanpainaren emaitzak iragarri zituen presoaren familiak pasa den martxoaren 28an. Hain zuzen ere, 1.200 atxikimendu bildu ditu tarte horretan. Besteak beste, Jatsu, Hazparne, Kanbo, Makea, Biarritz eta Luhusoko auzapezek bat egin dute abiarazitako babes kanpainarekin.

25 urte preso

Bestalde, Jakes Esnal, Xistor Haranburu, Ion Kepa Parot eta Unai Parot espetxeratu zituztela 25 urte beteko dira egun gutxi barru. Egoera hori salatzeko, Bagoaz kolektiboak ekitaldia antolatu du gaur arratsalderako, 17.00etan Senpereko Larreko kultur gunean.

Presoen alde elkarretaratzeak izan ziren atzo Burlatan (79), Donibanen (55), Iruñean (41) eta Txantrean (33).