GARA

Eider Uruburu bilbotarra Parisen atxilotu eta espetxeratu du Poliziak

Eider Uruburu bilbotarra Parisen atxilotu zuten, lurralde frantsesean sartzea debekatuta izateagatik, Parisera bere bikotea den Aletxu Zobaran euskal presoaren epaiketara joan zenean. Bere bikotekidea ikustea lortu bazuen ere, hurrengo egunean Poliziak atzeman egin zuen, eta atxilo hartu.

Debekua ez errespetatzeagatik, zortzi hilabeteko zigorra ezarri dio epaileak, baina NAIZek atzo abokatuen eskutik jakin ahal izan zuenez, errekurtsoa aurkezteko aukera dauka orain santutxuarrak.

Hain zuzen, atxiloketa hau salatzeko, jaioterrian elkarretaratzera deitu dute senide eta lagunek. Bihar izango da hitzordua, Etxebarrietan, 19.30ean.

Uruburu 2010eko urtarrilean izan zen atxilotua Estatu frantsesean, Iñaki Iribarren iruindarrarekin batera, Clermont-Ferrand inguruan.

2013an epaitu zuten Parisen, beste sei euskal herritarrekin batera, eta aurtengo maiatzaren 22an berreskuratu zuen askatasuna, Lyongo Corbas espetxetik irten eta gero.

Presoen eskubideen alde

Bestetik, euskal presoen aldeko elkarretaratzeak egin ziren astelehenean hainbat herritan: Altsasu (50), Euba (4), Zaldibi (19), Iruñea, epaiketa politikoen aurka, PPko egoitzaren aurrean (65), Astrabudua (15), Ataun (24), Sopela (15), Altza (18), Astigarraga (25), Gernika (52), Iurreta (26), Ondarroa (38), Laudio (38), Zaldibar (17) eta Otxarkoaga (17).