@zalduariz
Iruñea

Euskal udalei erasoa

Hizkuntza irizpide berriak ezartzen ari diren udaletxe batzuk –kontratazioari lotutakoak kasu gehienetan– helegiteak jasotzen hasi dira Gobernu espainolaren ordezkaritzaren aldetik. Irizpideen sustatzailek, ordea, irizpideek herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen dituztela defendatzen dute, hala nola, euskarak horrelako erabakiak behar dituela.

Lezoko Udalaren agiri bat, euskaraz eta gaztelaniaz. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Lezoko Udalaren agiri bat, euskaraz eta gaztelaniaz. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Azken hilabeteetan ustekabez jaso dute Euskal Herriko zenbait udalek Estatuko Abokatuaren sinadurarekin iritsi zaien eskutitza. Idatzian, helegite baten berri eman eta Udalaren hizkuntza irizpideei buruzko informazioa eskatzen zaie, kasua epaitegietan dagoela jakinaraztearekin batera. Zarautz, Olatzagutia, Anoeta, Lezo, Zestoa, Errezil, Elgoibar eta Zumaia dira helegitea jaso duten udaletako batzuk, gehienak Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kideak.

Honaino informazioa, helegitearen funtsa zehatza oraindik ez delako ezagutzen. Kasu batzuetan kontrataziorako hizkuntza irizpideak omen daude helegiteen atzean, udaletako askok Gipuzkoako Foru Aldundiak urtarrilean bultzatutako irizpideak bere egin baitituzte. Horien arabera, adibidez, lehiaketa publiko baten aurrean, proiektua aurkeztu nahi duten enpresek euskaraz ere egin behar dute; ez du gaztelania hutsak balio. Baina ez da helegiteen arrazoi bakarra. Olatzagutiko kasuan, adibidez, udalerri nafarra izanda, ez du Gipuzkoako Diputazioarekin zerikusirik eta, bere kasuan, helegitea zuzenean PPren eskutik iritsi da, udalerriko hizkuntza irizpide orokorren aurka. Zarautzen ere, kontratazio irizpideez gain, pasa den otsailean hizkunza irizpide orokorrak adostu zituzten, beraz, Udalak ez daki oraindik zeren kontra jarri duten helegitea.

Zehaztasun gehiegi ezagutu gabe, UEMAko lehendakari den Maren Belastegik «euskararen kontrako eraso» bezala ulertzen ditu helegiteak. «Hizkuntza irizpideen helburua herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea da, baina ikusten dugu Gobernutik eraso baten moduan hartzen dutela», dio Bergarako Udaleko zinegotziak.

Ustekabea benetakoa izan arren, esan beharra dago EAEn Gobernu espainolak duen ordezkariak, Carlos Urquijok, bere egunean ohartarazi zuela helegiteei buruz. Zehazki, Urquijok Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako kontrataziorako hizkuntza irizpideetan delitu «zantzu argiak» ikusten zituela esan zuen, eta ez zuela utziko hizkuntza aferengatik inor baztertzen.

Urquijoren «beste kixotada bat», Zarautzko euskara zinegotzia den Gari Berasaluzeren hitzetan, «errotak dauden lekuan erraldoiak ikusteko asmoak bultzatuta». Izan ere, Zarautz bezalako udalerri handi batean –23.000 biztanle– Udalak ez du kexarik jaso hizkuntza irizpedeei buruz –Udalean ez zuten kontrako botorik izan, soilik PPren abstentzioa–. Hala dio Belaustegik ere bai: «ez dugu inolako kexarik jaso, ez direlako inoren hizkuntza eskubideak urratzen».

Horrexegatik, hain zuzen ere, Belaustegik uste du helegitea jartzea «erabaki politikoa dela», «euskal herritarrok bigarren maila batean» jarraitzeko. Horren aurrean, Bergarako zinegotziak argi dio: «Herritarren eskubideak errespetatzen diren momentutik, Gobernuak ez dauka zer eginik hemen». «Euskara da euskaldunon hizkuntza eta gainera, ofiziala den momentutik, ezinbestekoak dira irizpideen inguruko erabakiak, azkenean herritarren eskubideak bermatzeko gaudelako Administrazioak», bukatu du.