NAIZ.INFO
BILBO

Sinadura bilketa abiatu dute, Ertzaintzaren arduradun berriaren izendapena atzera bota dadin

Iñigo Gogoan plataformak sinadurak biltzeko kanpaina jarri du abian, Iñigo Cabacasen heriotzaren nondik norakoak argitzen ez diren bitartean Ertzaintzako arduradun berriaren izendapena atzera bota dezatela eta Athleticeko zalea hil zen operatiboaren erantzuleak beren zereginetatik aldendu ditzatela eskatzeko.

Iñigo Gogoan plataformak eta lagunek ‘Zugatik’ kanpaina jarri du abian, bi eskakizunekin: batetik, Ertzaintzaren arduradun berriaren izendapena atzera bota dezatela eta, bestetik, Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen operatiboaren erantzule guztiak beren zereginetatik aldendu ditzatela behin behinean, gertatutakoa argitzen ez den bitartean.

Athleticeko zalearen guraso, senide eta lagunek agerraldi batean eman dute kanpainaren berri. Azaldu dutenez, bart gauerdian jarri dute abian eta dagoeneko 400 sinadura bildu dituzte. Hilabete iraungo du eta helburua 10.000 sinadura jasotzea da.

Bilbon egin duten aurkezpenean Manu Cabacas eta Josefina Lizeranzuk, Iñigoren aitak eta amak, sinatu dute lehendabizi, eta ondoren beste senide batzuek. Change.org plataforman egin daiteke izenpetzea.

Larunbatean Durangoko Azokan izango dira, hilaren 19an San Mames ondoan Athletic eta Celtaren arteko partidan, eta hilaren 28an euskal selekzioaren partidan, hori ere Bilbon.