NAIZ+

Asier Borrero Mont de Marsanera gerturatu eta Ugaitz Errazkin eta Gorka Palacios espainiaratu dituzte

Poissy-ko espetxetik Mont-de-Marsanera hurbildu dute Asier Borrero euskal preso politikoa. Ugaitz Errazkin eta Gorka Palacios euskal presoak ostera, espainaratuak izan dira azken ordutan Etxeratek jakinarazi duenez.

Asier Borrero euskal preso politikoa Mont-de-Marsango espetxera lekualdatu dute, Etxeratek baieztatu duenez. Poissy-ko espetxean zegoen, Euskal Herritik 950 kilometrotara.

Ugaitz Errazkin eta Gorka Palacios euskal presoak ostera, espainaratuak izan dira azken ordutan, Estatu frantsesean ezarritako kondena osoa bete ostean. Ugaitz Errazkin hernaniarra Châteauroux-ko espetxean zegoen eta Gorka Palacios durangarra, aldiz, St. Maur-ko presondengian. Madrileko Soto del Real espetxean daude egun.

Hamaika Lannemezan eta Mont de Marsanera

Asier Borrerorekin hamaika dira dagoeneko Estatu frantsesak Lannemezan eta Mont de Marsaneko kartzeletara gerturatu dituen euskal presoak. Lehen biak Zigor Garro eta Julen Mendizabal izan ziren. Saint Maur eta Osnyko kartzeletatik Mont-de-Marsanera lekualdatu zituzten otsailaren bukaeran.

Martxoaren hasieran, berriz, beste hiru preso lekualdatu zituzten: Josu Urbieta azpeitiarra, Raul Aduna gasteiztarra eta Jon Salaberria donostiarra. Urbieta eta Aduna Poitiers-Vivonneko kartzelan (550 kilometrora) aurkitzen ziren eta Salaberria, aldiz, Alençongo espetxean (830 kilometrora).

Era berean, martxoaren amaieran, Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain euskal preso politikoak Lannemezaneko espetxera gerturatu zituzten. Biak SaintMaur-eko kartzelan zeuden, Euskal Herritik 680 kilometrora. Apirila hasieran Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia euskal preso politikoak Lannemezango espetxera lekualdatuak izan ziren. Agirregabiria Fresnesen aurkitzen zen, etxetik 930 kilometrotara, eta Garitagoitia Poissyko espetxean, 950 kilometrotara.

Apirilaren 12an berriz, Ekaitz Sirvent Mont de Marsaneko kartzelara gerturatu zutela ezagutu zen. Zarauztarra Tarasconeko espetxean zegoen, Euskal Herritik 750 kilometrora, eta azken hiru asteak Reau-ko presondegian pasa ostean iritsi zen Mont de Marsanera.

Egun bat beranduago, Joseba Fernandez Aspurz iruindarra Euskal Herritik 970 kilometrora dagoen Osnyko espetxetik 430 kilometrora dagoen Mureteko kartzelara eraman zuten.

Lekualdatuak izan diren Salaberria eta Mendizabal dagoeneko aske geratu dira.