Marian Azkarate (Chandan Khanna)

Bikaner, garai bateko maharajen pare

Maharaja baten antzera bizitzea xede zuen Rajastaneko azken subiranoak, Ganga Singhek (1880-1943), hiltzean bere ondarea utzi zion Bikaner hiriari; luxuzko jauregiak, 37 eraikin eder babesten dituen Junagarth gotorleku ikusgarria... eta dena Indiako iparraldeko basamortuaren ertzean.

.
.

Xeherezaderen ipuin batetik sortutako oasi bat dirudi. Rajastaneko iparraldeko hiri-gotorleku honek garai hobeak bizi izan ditu; esaterako, Erdialdeko Asia Gujarateko portuekin lotzen zuen Zetaren Bidea egiten zuten karabanen bidegurutzea zenean. Baina iraganeko espirituak hor dirau, estalita eta bizirik.


Maharajarn garaian Bikanerreko etxe dotoreetan hartu ohi zuten ostatu Indiako basamortuak zeharkatzen zituzten karabanetan bidaiatzen zuten errege eta merkatari dirudunek. Mende batzuen buruan, ordea, arkitektura-maisulan hauek hondatzen ari dira utzikeriaren eta diru faltaren erruz. Hareharri gorrizko jauretxe hauek ospetsu egin dira, grabatuta dituzten diseinu nahaspilatsuengatik. XV. mendekoak batzuk, erdian dagoen patio baten inguruan eraiki ziren, barneko gelak udako berotik babestu nahian.

Hamarkadetako utzikeriaren ostean, gaur egun, tamalez, askoren hondakinak besterik ez daude zutik. «Havelis ugari gure begien aurrean desagertzen ari dira», dio kexati Gopal Singh-ek, Bikanerreko alde zaharrean barrenako ibilbide kulturalak antolatzen dituen gidak. Garai batean, hemen mota honetako mila bat etxe zeuden, baina Indiako beste hiri handietan gertatu den legez, hazkunde urbanoaren eraginez, alde zaharrak ziztu bizian desagertzen ari dira. Kondairazko garaietan, Thar basamortuko hareek Bikanderreko harresiak inguratzen zituzten. Eta hormen barnealdean luxuzko etxeak... eta txiroak ere bazeuden, noski.

Basamortua eta luxua

Rajastango iparraldean gaude, basamortuan gamelu gainean ibilaldi luzeak egiteko abiapuntu ezin aproposagoan. Harea, alde batera; bestera, gorri koloreko hiria. Rao Bikajik, orduko Jodhupurreko maharajak, 1488. urtean fundatu zuen Bikaner. Txoko galdu honetan kokatutako lurrok oparitu zizkion aitak, Rao Bikajiren gerra-zaletasunari beldur omen ziola-eta bere ondotik aldendu nahian. Baina semeak, jarraitu zioten 300 borrokalariekin batera, hiri eder eta aberats hau eraiki zuen karabanen ibilbidearen bidegurutzean. Mendeetan zehar legendazko lurra izan zen Bikander.

Bertako maharajak ospetsu bihurtu ziren; esaterako, Gamga Singh-ek –Bikanerreko azken maharaja– dendena arrandia handiarekin egitea zuen gogoko; RollsRoyce flota bat zuen bere gonbidatuak gora eta behera ibiltzeko eta antolatzen zituen basamortuko basoilar inperialen ehiza-saioek egunkarietako kronikak betetzen zituzten. Galesko printzeak, esaterako, 1905ean horrelako ehiza-saio batean parte hartu zuen.

Baina itsasoko merkataritzak karabanen gainbehera ekarri zuenean, hiriak distira galdu zuen. «Guk gure havelia turistei zabaltzeko erabakia hartu genuen bisitariek gure ondasuna eta gure arbasoen ohiturak ezagut zitzaten», dio Sunil Rampuria emakumeak, Bhanwar Niwas hoteleko jabeak. Jabe askok bide hori hartu dute. «Gauzak lehenbailehen aldatzen ez badira, bi hamarkadetan ez da havelirik zutik geldituko», ohartarazi digu Singhek.