Gaztea edo ez, beste behin, zeinen ederra izaten ari den

Gaztea jarri diote ZEID Festen edizio honi abizena, baina publikoan adin tarte oso zabala izan da beste behin ere Bizkaia Arenan eta ondoko espazioetan. Lehen ordutik hasita, jende asko elkartu du ZEID Festen hirugarren edizioak.

Jende asko elkartu du ZEID Festen hirugarren edizioak.
Jende asko elkartu du ZEID Festen hirugarren edizioak. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Garaiz hasi da beste urtebetez ZEID Fest Gaztea jaialdia. Bigarren urtez aitortza bat egin nahi izan diete jaialdiaren balioekin bat egiten duen elkarte bati, eta, aurtengoan, Naizen elkartea izan da jaialdiak goraipatu duena.

Elkarteko hainbat kide bertaratu dira irekiera horretara eta Lea Perez izan da elkartearen izenean hitz egin duena: «Eskerrik asko ZEID Festeko antolatzaileei Naizen elkarteari jaialdia zabaltzeko aukera emateagatik. Aukera honek ikusgarritasuna ematen digu eta hori garrantzitsua da guretzat. Izan ere, Naizen, haur eta gazte transexualen familien elkartea da, eta haur eta gazteen transexualitatea oraindik ere askotan errealitate ikusiezina da, bai familia askorentzat, baita gizartearentzat ere. Eta horrek sufrimendu handia sortzen du. Guretzat, zuentzat bezala, berebizikoa da garen bezala ikusiak izatea eta onartuak izatea. Existitzen gara. Aniztasunaren isla gara. Baina ez gu bakarrik, zuek ere bai, denak gara anitzak, denak garelako bakarrak eta ezberdinak. Zeinen ederra izango litzatekeen bakoitza den bezalakoa izan ahal den munduan esnatuko bagina bihar».

Barruko espazioa desberdin

Barrura sartu eta, lehen itzulian, espazioa aurreko urteetan baino bateratuagoa zela konturatu gara. Azokari DJ Setak mesede galanta egiten dio, publiko gehiago erakartzen du. Txikienek ere beren gunea izan dute, Iratxoen Basoa, jolas eta barre lasai eta aske egiteko. Eta, Pello Reparazek aurreratu zigun bezala, kaleko espazioa ere nabarmen handiagoa izan da aurtengoan. Eguraldia lagun, asko erabili den tokia, arnasgunea eta argigunea BECeko iluntasunarekin kontrastean.

Eire Maia eta Eire Salegi izan dira lehen kontzertua eskaini dutenak, Barratik Kalerakoek musikaz girotu duten ingurunean. ARALARKO DAMA izeneko oholtzan, berak izan dira akelarrea abiatu duten lamiak. Eta ez zuen samurra beharko, beren herrian, Zumaian, bart bertsio gaua zutelako Santelmoen barruan. Jendea apurka sartzen ari zen, giroa hotz eta arazo teknikoak tarteko, Eirekoei ez die justiziarik egin hasierak. Baina hori da jaialdien b aldea, hasten denak probatu behar eta berotu behar guztia. Beren kantutegiari errepasoa eman diete Josune Freirerek laguntzaz eta ‘Amaitu baino lehen’ kantuarekin agurtu dira, Sara Zozayari erreleboa emanaz ‘Aupa San Telmo’ oihu egin ostean.

Porlanez jositako eremu hotz bat egongela goxo bihurtu du Sara Zozaya donostiarrak bere musika eta ikuskizunarekin. Pena Gatiburen emanaldiarekin bat egin duela, askok harribitxi bat galdu dute gaurkoan, ‘Nara’ unibertsoa gozagarria baita oso. Eta hunkigarria, ezin ukatu malkorik isuri ez denik.

Gatibu, erloju-suitzarren pare

Kantu eta kantu arteko isiluneetan ‘Bang-bang txiki-txiki bang-bang’-en doinuak entzun ditugu, publikoa dena ematen ari zen Bizkaia Arenako AAZTIYEN oholtzan. Kontzertuaren erdi parean iritsi gara gu. Zozayak, joatean, «Etzan eta ixo» esaten zigun, aproposa benetan burrunba guzti horren artean posible balitz. Bizkaia Arenara iritsi garenean Alex Sarduik, berriz, «Ongi etorri paradisura» abestu digu, ‘EH Distopikala’ gaurkoan tropikalagoa zen arren. Pistaren bi herenak beteta (bukaeran hiru laurdendik gora) eta harmailan ere mordoxka bat familia egon dira gernikarren emanaldiaz gozatzen, gaurkoan formazio handian oholtzaratu dira, gainera.

«Aupa Athletic!» Sarduik eta, atzetik, Arejitak «Aupa Villalibre, aupa euskeria eta aupa Euskal Herria!» erantsi dizkio eta ‘Gora kopak’ abestia eskaini diete txapeldunei. Zerbaitek berriz ere irrist masailean behera. «Gora Euskal Herria Askatuta» bat ere jaurti dute airera, ‘euritan dantzan’ ari ziren bitartean zaleak. Publiko aniztasuna nabarmena zen, txikienek hiruzpalau urte, eta laurogei urteren bueltakorik ere bazen harmailan, koadrilan, gainera. ‘Aske Matte’-ren unean denak zutik, abesten eta dantzan jarri dituzte gernikarrek. Izaro bertan zen, 15:00etan baitzuen kontzertua, baina ez da oholtzan agertu bere zatia abestera, tamalez. Naizen elkarteari omenaldia egin izana zentzua erantsi dio, kantuak, Sarduik trans bandera astindu duen unean. Aske maitatzearen aldarrian,  haize sekzioko kide batek bandera palestinarra atera du, haiek ere gogoan izan dituzte. Festa eta aldarrikapena, erloju suitzar baten zehaztasunez, Gatibuk eskaini duena.

2025eko urtarrilaren 4a

Ospakizuna izango du ZETAKek 2025eko hasieran, 5. urteurren festa. Bideo bidez jakinarazi die bertaratuei Pello Reparazek hori, beren materiala saltzen duten azokako txokoan QRak banatu dituzte horretarako. Asteartean, hilak 16, txartela dutenek, 8:00etatik 11:00etara jasoko dute primizia.

Festa hori iragarri ostean, The Tyetsen txanda etorri da. Jendea pixkanaka gehituz joan da, horren erruaren zati, ziurrenik Izarok ere izango zuen, baina sekulako festa sortu dute Herrialde Katalanetatik etorri den boskotekoek. Musika urbanoa, elektronika eta metal epikoa nahastu dituzte, tropikaleoa ere bai. Herrialde Katalanetan sortu behar zuen honek. Akaleia, Xiberoots, Dupla eta Merina Gris nahastuko balira, halako zeozer aterako zela esan genezake.

Izaro gaurko kontzertuan. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)
Izaro gaurko kontzertuan. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Izaroren txanda

15:00etarako minutu bat falta zela eta zale sutsuenak oihuka zituela, ‘Cero’ abestuz agertu da Izaro oholtzan. ‘cerodenero’ birako eszenografia erabili du guztia janzteko eta ‘Iparraldera’ izan da bigarrena. Publiko fidela du mallabiarrak, hartu-emanetan nabaritu da. Jokin Pinatxo aka. Janus Lesterrekin abestu du ‘EDZDDH’ kantua, koro sorta ederra utzi baitzion diskorako beratarrak. Pinatxoren gaitasun bokala, zerutiarra da. Aurreko diskoetako abestiak tartekatu ditu berriekin Izarok, ‘Delirios’ esaterako. Ez du Gatibuk edo The Tyetsek izan duen betekadarik izan, baina bazkaltzera joango zenik izango zen ziur. Pixkanaka joan da betetzen Bizkaia Arena.

Bi dantzari agertu dira ‘X eta Besteak’ kantuan, biran ohikoa izan denez, pena, oholtzak bideoklipeko seiak sartzeko aukera ematen zuelako. Halako jaialdi batek merezi du hainbesteko ahalegina. Publikoa zutik izan arren, dantza gutxi egin du, aukera galdua haientzat. Baina, iritzi horiek albora utziz, hasi eta buka perfekzioan joan den ikuskizuna eskaini du Izarok.

Hortik aurrera festa eta festa gehiago

Arratsaldeko lehen ordutik goizaldeko ordu txikiak arte erritmo dantzagarriz osatutako kartela izango dute bertaratuek. Merina Gris, Zoo, La Plazuela, Tanxugueiras, Fillas De Casandra, Janus Lester edota Delaporteren eskutik. Talentu gazteek, berriz, beren gaitasuna erakutsi ahal izango dute ARALARKO DAMA oholtzan. Gainera, kontzertuez gainera, bestelako hainbat ikuskizun ere izan dira guztien gozagarri. 

Egun erdia baino ez da pasa, eta a zer-nolako zoramena izan den BECen. Bertako irudiak horren adierazle.