Elkarrizketa
Pello Reparaz
ZETAKen eta ZEID Fest jaialdiaren sortzailea

«Crystal Fighters ZEID Fest Gaztean izango da hurrengo edizioan»

‘Anguleele’-ka izango da asko eta asko aurtengo ZEID Fest Gaztearen edizioan. Izan ere larunbat honetan, BECen, hirugarrenez, sekulako akelarrea antolatu dute ZETAKek eta Panda Managementek. Baina Pello Reparaz harago doa, eta hurrengo urteko edizioko zertzeladak ere eskaini ditu. 

Audio_placeholder

«Crystal Fighters ZEID Fest Gaztean izango da hurrengo edizioan»

Loading player...
Pello Reparaz da ZETAK proiektuaren eta ZEID Fest jaialdiaren sortzailea.
Pello Reparaz da ZETAK proiektuaren eta ZEID Fest jaialdiaren sortzailea. (Ibai SALAZAR)

Egun on, Pello. QR kodea eskaneatu duen jendea ari da zu entzuten edo irakurtzen une honetan.

Beraz, gurekin dago une honetan halako klub murriztu hauetako bat, ongi dago hori jakitea. Gogotsu, oso ilusionatuta eta emozionatuta nago hirugarren edizio honetarako.

Hirugarren edizioa antolatzeak lan eskerga ekarriko zizuen, are gehiago ‘AAZTIYEN’ diskoa prestatu eta kaleratu duzuen urte bera izanik.

Errodajea badugula diogun arren, ikasten jarraitzen dugula argi geratu zait beste behin. ZETAKekin disko bat kaleratzen dudan bakoitzean sentsazio bera izaten dut, ez dakit zenbat urte pasa diren Vendettarekin lehen diskoa atera nuenetik eta, gero eta denbora gehiago pasa ahala, gero eta gutxiago dakidanaren sentsazioa areagotzen da. Gero eta zalantza gehiago ditut eta gehiago ikasteko beharrean sentitzen naiz. Jaialdiarekin gauza berbera gertatzen zaidala esan dezaket, askoz gehiago dakigu duela hiru urte baino, baina sentsazioa dugu askoz gehiago dugula ikasteke eta hori ere sanoa dela sinisten dut.

Edizio bat bukatzerako hurrengoarekin hasten zarete, hau da, bi ediziok elkarbizitza izaten dute, edota bata itxi ostean abiatzen da bestea?

Emandako bi aukeretatik ezin dut bat bera ere aukeratu. Aurtengo kasuan, jaialdia ospatu baino lehen aritu behar izan dugulako datorren urteko jaialdiarekin lanean dagoeneko. Hortaz, honek bueltaren buelta hartu du.

Nola banatzen dituzu ZETAKen lanak eta ZEIDen lanak, eta non egiten dute talka?

Bide horretan ezinbestekoa da bi lan talde potenteren osaketa. Argi eta garbi ZETAKek lan talde potente bat dauka eta ZEID Festek ere urte osorako lan talde oso potente bat dauka. Hori ez banu izango, ezin izango nituzke etengabe handituz doazen halako bi proiektu hauek aurrera atera. Egia da ni ere borrokan aritzen naizela askotan nire sortzaile alde hori eta ditudan ardura horiek uztartzerako garaian. Izaten ditut talkak, baina nire buruarekin, normalean. Asko arduratzen naiz bi proiektuen alde kreatiboarekin. Beraz, nire sormena eskaintzen diet bai ZETAKi eta baita ZEID Festi ere.

Aurtengo edizioan murgildu gaitezen. EIREk emango dio hasiera aurtengoari, 11.00etan, elektronikari lotutako proiektu gazte bat. Ez nuke esango ZETAK erreferente izan dutenik, baina bai bidea zabaldu diezuela halakoei nolabait ere. Aurtengo edizioan elektronikak pisu handia hartu duela esan genezake?

Nik sinisten dut ZEID Festek izan behar duela nolabait ere Euskal Herriaren isla moduko bat eta ez dakit euskal eszena bera ez ote den pixka bat bide hori hartu duena, eta horrexegatik ZEID Festek islatuko du hori, ezta? Kanpotik ekarri ditugun proiektuak ere, ZOO, Delaporte edota La Plazuela kasu, kutsu elektroniko oso markatua duten proiektuak dira. Sinisten dut badugula halako ardura bat eta halako eragin bat Euskal Herriko eszenan eta guk horrekin lotutako apustu bat egin nahi izan dugu, euskal eszenan dagoenaren isla ere badelako ZEID Fest, eta, beraz, dena lotzeko bidea egin dugu apustu horiekin.

Nolakoa izaten da etorriko diren taldeak hautatzen dituen mahaiaren funtzionamendua? Nolako bilerak izaten dira?

Ez da kontu erraza inolaz ere. Jaialdiak bere planak ditu, baina ekarri nahi dugun proiektu artistiko bakoitzak ere bere planak izan ditzake eta ez bat egin. Jaialdiak urte batez artista batekin kontatu nahi du eta artista horrek urte horretan beste plan batzuk ditu eta ezin du. Adibidez, ZETAKen kasua da hori. Etxean dugu kasurik argiena. ZETAKek nahiko luke urtero ZEID Festen egon eta, gainera, zentzua luke, lan taldeetan pertsona asko gaudelako amankomunean, baina ZETAKek aurten beste plan batzuk ditu. Eta ZETAKek bere planak dituen bezalaxe, Izarok bere planak ditu, Eirek bere planak ditu, J Martinak bere planak ditu… Bakoitzak bere planak ditu eta ez dute beti bat egiten ZEID Festen planarekin. Eta hori da nik uste borrokarik handiena jaialdi honetan. Urtero ditugu izen asko mahaiaren gainean azaltzen direnak eta ez direnak oraindik jaialdian izan eta borroka horretan jarraituko dugu. Egia esanda guk bilera asko egiten ditugu, jende askoren artean hartzen dira halako erabakiak eta hausnartzen da asko zein izan behar den korrontea. Azkenean kontuan hartu behar dugu ez dela marka estilistiko bat jorratzen duen jaialdia, baizik eta kontzeptu baten bueltan sortzen den jaialdia da eta horri so egiten diogu etengabe, baita jaialdiak dituen balioei ere.

Lehen edizioan arratsaldez sekulakoa egin zuen Gatibu taldeak eta oraingoan oholtza handiko lehenak izango dira, eguerdiz. Festa ziurtatua izango da hor.

Nik uste ez dagoela hori baino gauza ederragorik, ezta? Jaialdia hasterako orduan talde handi baten aldeko apustua egin dugu. Europan ere egiten da hori, goizean hasten den jaialdi bat indartsu hastearena, alegia. Lehen urtean ETSrekin hasi genuen, beste urtebetez ZETAKekin eta orain, Gatiburekin. Hiru proiektuak nahiko esanguratsuak dira Euskal Herrian eta horrek ere pista bat ematen du jaialdiaren inguruan. Gure apustua argia da: elkartu gaitezen goizean goizetik, disfrutatu dezagun giro ederrean eta bestelako jaialdi bat sor dezagun. Bide horretan aurtengo apustua Gatibu da eta hor ez dago zalantzarik. Jaialdia Bizkaian da eta gauza ederra izango da goizean goizetik milaka pertsonarekin topo egitea hor bertan.

Kontzertuak aipatu ditugu, baina Naizen elkarteari egindako aitortza ekitaldi batekin abiatuko da ZEID Fest aurtengoan. Iaz Jaizkibel Konpainiak hasitakoari testigua Naizenekoek hartuko diete.

Lehen balioetan aritu naiz gainetik, baina jaialdiak kontzeptu bat du atzetik eta horrekin bat egiten duen idiosinkrasia oso bat ere badago. ZETAKen idiosinkrasiak eta ZEID Festenak bat egiten dute puntu asko eta askotan eta balio horiek denaren gainetik defendatu beharrean gaude jendeak jaialdia eta bere zergatia ondo ulertzea nahi badugu. Iaz, zuk esan bezala, Jaizkibel Konpainia aukeratu genuen irekiera ekitaldi horretarako eta ederra izan zen. Aurten Naizen aukeratu dugu eta nik badut haiekin harreman bat Nafarroan garai batetik hona eta benetan beharrezkoa sentitzen dudan elkarte bat da. Horrekin bat egite horretan jaialdiak esku bat luzatzen dio Naizeni, baina ziur nago larunbata pasata izango dugun sentsazioa kontrakoa izango dela, haiek guri eskainiko digutena guk haiei eskainitakoa baino askoz ere gehiago izango dela. Apustu beharrezkoa dela uste dut eta asmatuko dugula.

Apustu hitza gora eta behera darabilgu elkarrizketan. Apustuak aipatuz, ordea, kartelari begiratuta, argi eta garbi The Tyets taldea aipatu beharra dago. Edizio honetan ‘tapatuta’ dagoen taldea hau dela esan daiteke, ezta?

Hala da. Proiektu honek eman du zeresana Herrialde Katalanetan azken urteetan baina baita handik kanpora ere. Erokeria hutsa da proiektu honek lortu duena denbora gutxian. Han sortu eta lideratu duten musika urbanoaren eszenaren ordezkari gisa ekarri nahi izan ditugu Euskal Herrira eta ezinbestekotzat hartu nuen programazioaren lehen ideia eta bileretan. Herrialde Katalanetan sortzen den musika herrikoia da azkenean eta hori da ZEID Fest, musika herrikoiaren plaza, eta testuinguru horretan ez dakit The Tyetsena baino herrikoiagoa den musikarik une honetan.

Izarok hartuko die kataluniarrei erreleboa eta Euskal Herrian, ‘cerodenero’ proiektuarekin, publikoa zutik dela emango duen lehenengoa ez bada, lehenengotako kontzertua izango da. Eta, gutxienez, bai jende gehien zutik pilatuko duena.

Nik harreman pertsonal oso ona daukat Izarorekin eta badaukagu elkarri hainbat kontutan laguntzeko tendentzia hori eta nik uste dut ederra dela Izaro gurean izatea. Bakoitzak bere planak dituela esan dizut lehen eta Izaro izanda zalantzarik gabe, eta jendeak irudika zezakeen, aurreko edizioetan beste plan batzuk zituen artista horietako bat. Nik Izarorekin hasieratik kontatu nahi izan dut jaialdirako eta, zorionez, gaurkoan, aurtengo edizioan, gurekin izango da. Sekulako proiektua da, Euskal Herrian punta-puntakoa den proiektua eta benetan harro eta hunkituta nago artista hau gurean izango delako.

Eta esan dezakegu, behin Izarok bukatuta, festak ez duela etenik izango. Dauden izenak ikusita, izerditu nahi duenak aukera asko izango duela esango nuke. Estilo aniztasuna bai, baina musika dantzagarria eta elektronika bidelagun duten proiektuak.

Zalantzarik gabe horrela da. Eta, bai, puntu horretatik aurrera etenik gabe festa erraldoia izango delakoan nago. Askotan erabili dugu kontzeptu hori, baina horrela da, festa erraldoia da. Hainbeste pertsona elkartzea toki berean, une berean, hainbeste proiektu ederren inguruan… uste dut badela zerbait azpimarragarria. Eta aurtengo kartelak etengabeko festa baten forma hartu du eta uste dut ederra izango dela hori eta hunkituta nago horrekin, artista indartsu eta martxosoen segida horrekin.

Fillas de Casandrakoak izango dira tartean, ‘ANGULEELE’ abestia haiekin sortu zenuten. Berezia izango da elkarlan horretatik abiatu eta jaialdirainoko bidea osatu ahal izatea, ezta?

Zalantzarik gabe, ederra da benetan. Ni Fillas de Casandrakoekin harremanetan jarri nintzenean ez geneukan inolako lotura edo harremanik, kolpetik egindako dei bat izan zen. Gero haien eta gure artean sortu diren sinergiak sekulakoak dira, benetan harreman estua dugu eta oraintxe hitz egin dut Maria taldekidearekin, adibidez. Luxua da haiek hemen izatea eta maila pertsonalean ere sentitzen dut ezinbestekoak direla jaialdi honetan.

Kontzertuez gainera, DJ Setak izango dira Azoka gunean, jateko eta edateko leku zabala ere bai… Irakurri genuen edukiera handitu behar izan duzuela, azpiegitura horretara egokitzeak buruhausterik emango zizuen, ezta?

Bai, hala da. BECeko lagunek ere lagundu digute honetan eta kanpoko espazioan metro asko irabaziko ditugu eta leku horrek jaialdiari arnasteko aukera emango dio. Urtero joan gara handitzen eta aurtengo aurrerapausoa garrantzitsua da, gainera, aurten, eguraldi ona egitekoa den horretan, esanguratsua izango da. Espazio desberdinak handiagoak izateak dinamismo berezia emango diola uste dut jaialdiari. Edukiera handitu dugu, baina oso lasai goaz, aurreko urteetan izan dugunaren antzerako sentsazioak izango ditu datorren pertsona orok.

Aurten izena aldatu du jaialdiak babesleak tarteko, ZEID Fest Gaztea da orain. Zer da, urtebeterako hitzarmena edota urte luzetarako akordioa itxi duzue?

Begira, orain arte ez didate galdera hori sekula egin. Ez naiz erabat honen gainean egon, oso teknikoa den zerbait bilakatzen delako puntu batetik aurrera. Hasiera batean badago halako kontraste bat ea jaialdiaren ideosinkrasiarekin babesleak bat egiten ote duen edo ez, zein puntutaraino bai eta non ez eta abar hausnartzeko. Prozesu horretan parte hartu nuen bezala, arlo teknikoan ez hainbeste. Hortaz, akordio bat bada, eta espero dezagun urteetarako akordioa izatea.

Galdetzen nizun hori, urte askotarako akordio batek egonkortasuna ematen diolako proiektu bati eta apustuak modu lasaiago batean egin ditzakeelako.

Bai, guk apustuak bilatzen ditugu edizio honetarako, hurrengorako eta hurrengoaren hurrengorako. Nire izaerarekin bat dator igerilekura salto egitearen tendentzia hori, hala gustatzen zait niri. Zuk aipatu duzun egonkortasun horren kontrara apustuak egiten jarraituko dugula uste dut. Gustura hartuko nuke nire bizitzan egonkortasun bat edo lasaitasun bat, baina uste dut ez dela momentua oraindik.

Itzul gaitezen aurtengo kartelera eta goazen gauari begira jartzera. Bulegorekin dantza goxo egin ostean, Janus Lester, Etxepe, BSRT Kølektiv, ZOO eta Delaporte bezalako taldeak etorriko dira. Gainera, ZOO azkenekoz izango da Euskal Herrian.

Euskal Herrian eta non ez du izan pisua ZOO taldeak? Ez dira urte asko izan proiektuarenak, baina a zer urteak izan dituenak. Lehen edizioan izan ziren eta oraingorako beren planak aldatu dituzte hemen egon ahal izateko. Guk haiekin hitz egin genuen berek erabaki hau hartu aurretik, hau da, amaiera izango zela erabaki aurretik. Une hartan ezezkoa eman ziguten, urte honetan geldirik egon zirela esan zigutelako. Gerora, haiek deitu ziguten guri planak aldatu zituztela esanaz eta lortu dugu haiek gurean izatea eta Euskal Herrian emango duten azken kontzertua ZEID Festekoa izatea. Nik uste dut berezia eta ederra izango dela.

Aurtengoari errepasoa eman diogu honenbestez, baina hasieran esan diguzu datorren urtekoarekin martxan zaudetela dagoeneko. Zer da kontatu daitekeena Pello?

Lanean ari gara eta aritu gara, ZEID Fest geratzeko etorri den jaialdi bat dela sinisten dugulako. Hortaz, borrokan aritu gara, datorren urteko jaialdia fundamentuz eta ganoraz antolatzeko grinaz. Bada, bide horretan, hau entzuten edo irakurtzen ari den pertsona larunbatean ZEID Festen bertan egon dela eta informazio hau larunbatetik aurrera arazorik gabe eskuratu duela, aipatuko ditugu datorren urteko edizioko izen batzuk. Gurekin izango dira Crystal Fighters taldekoak, gainera kontzertu berezi bat izango da, Euskal Herriko artista desberdinek parte hartuko dutelako kontzertu horretan bertan. Beraz, ikusten duzunez, bada apustu bat hori zalantzarik gabe. Horrez gainera, niri ilusio berezia egiten didan proiektu bat ere etorriko da eta ez dakit lehenengoa, azkena… zer izen hartuko duen kontzertuak, baina Betagarri talde historikoa gurekin izango dugu jaialdia. Eta, horiez gainera, azkena ere botako dizut, talde nafarra, nire herrikide eta lagun ditudan Iseo & Dodosound ere bertan izango dira. Beraz, hiru horiek osatzen dute lehenengo takada, horiek dira esan ditzakegun lehen hiru izenak.

Bada, a zer hiru izen, Pello.

Pozik nago, ez dizut kontrakorik esango!

Hortaz, gaurkoa ere pozik buka ezazula, zoazen lasaitasun berarekin ahal bada, eta datorrenarekin has zaiteztela xuabe xuabe, ZETAKekin ere egurra banatu behar duzulako.

Noski, zalantzarik gabe, hala izan dadila, eskerrik asko!

Mila esker zuri, Pello. Besarkada bat.

Besarkada erraldoi bat.