ZEID Fest geratzeko etorri da

Goizean goizetik milaka lagun hurbildu ziren BECeko Bizkaia Arenara. Lehen unetik festa giroa nabarmena izan bazen ere Gatiburen kontzertuan lehertu zen erabat NAIZ gunea eta hortik aurrera sekulako festa izan zen jaialdiak iraun zuen denboran.

Pello Reparaz, kontzertuaren ostean.
Pello Reparaz, kontzertuaren ostean. (Ibai SALAZAR)

Arrakastatsua izan zen ZEID Festen lehen edizioa. Goizeko 11:00etan ateak ireki eta haurretatik edadetuetaraino pilatu zen sarrera inguruan. Eguerdiarekin batera hasi zen festa, puntual, Ene Kantaken emanaldiarekin, txikienen gozamenerako. Nahiz eta bidean topatu genituen umetxo batzuk argi zuten zer nahi zuten ikusi: «Amama galiziarra da eta Tanxugueiras ikustera gatoz».

Aurretik, ordea, izan zen zertaz gozatua. En Tol Sarmiento Iekorako taldearekin jende andana elkartu zen NAIZ oholtzaren inguruan. Dena eman zuten Iñigo Etxezarreta eta konpainiak eta publikoak bikain erantzun zuen hark publikoa xaxatu ostean:«Atzo parrandan zineten edo zer? Esnatzeko garaia da!».

Bitartean, La Salveko oholtzan Marenen emanaldia prestatzen ari ziren. «Katastrofista samarra naiz eta uste nuen jende askorik ez zela hurbilduko, baina azkenean batu gara dezente eta pozik nago», eta alaitasun hori transmititu zuen kontzertuak iraun zuen denboran. ‘Estación espacial de Teruel’ kantuaren doinuekin agurtu zuen oholtza.

Ptazeta ordurako hasia zen NAIZ oholtzan eta larunbat gaua etorri zen BECera. Pello Reparazek esan zigun, «ordubata inguruan etorriko da larunbat gaua BECera», eta parean jo zuen. Jendea dantzan, gogotsu, eta Ptazeta bera bakarrik oholtza betetzen. A zer nolako emakume puska! «Etxean bezala sentiarazten nauzue, benetan, eskerrik asko Bilbo», oihukatu zuen.

Anne Lukin segidan. «Bazkalordua den arren elkartu gara hemen eta zeinen polita den hau horrela ikustea», esan zuen Lukinek. Jendearen txaloen artean irribarre lotsati batek ere egin zion ihes. Behetik gora etorri zen kontzertuan eta momentu ederrak eskaini zituen. Amaieran, «hau badakizue, eh?» esanaz abestu zuen ‘Lisboa’. «Gora Gorka!» ere oihukatu zuen Lukinek, Gorka Urbizuri erreferentzia eginaz, kantua harekin sortu baitzuen.

Tanxugueirasen txanda izan da atzetik. Dub doinuak, fusio flamenkoa... Dena ez zen folk gaurkotua izan. Eta salto gehiegirik egon ez bazen ere, jendea bero egon zen galiziarrekin eta dantza egin zuen. ‘Figa’ kantuarekin lehertu zen BEC eta ’Terra’-rekin ginda jarri zoten emanaldiari.

Arratsalde giroaren hasiera

Maruri-Jatabetik BECera ez daude kilometro asko. Bertatik iritsi zen Sua taldea eta sekulako giroa jarri zuen La Salveko espazioan. Espazio txikia, baina jendez mukuru bete zena, dantzan eta saltoka denak, baita abesten ere. ‘Zapatu gaua’ abestiarekin berriz ere larunbat gauera eraman zuten publikoa Suakoek. Yinga eta Yanga ziren bi oholtzak, NAIZ oholtzan gaua eta La Salvekoan eguna. Baina giroa erabat festakoa zen bietan.

Maria Arnal & Marcel Bagesen zaleek luxuzko momentua bizi izan zuten saioaren hasieran. Sua taldearen kontzertua bukatu berritan, 300 lagun inguru zeudelako emanaldiaren hasieran. Espaziountzi bateko makina gela bailitzan agertu ziren oholtzara, eta erdian Maria Arnal, zuri eta eder jantzita. Erdi a capella abesten hasi eta giro magikoa sortu zuen NAIZ oholtzan. Momentu soniko asko eta ederrak izan ziren Kataluniako proiektukoek sortu zutena.

Atzetik etorri zen Gatibu taldearekin lehertu zen, ordea, erabat festa. «Ongi etorri anormalitatera» esan zuen Alex Sarduik. Egoera berriari eta bizi izan dugun egoerari erreferentzia eginaz. Ez zuen hutsik egin talde gernikarrak eta ereserkiz ereserki bete zuten beren kontzertua, giroa oso goian utziz.

Tartean izan ziren Luna Ki, Motxila 21 eta Ezpalak, denetan ere publikoa pozik eta gozatuz. Hori baitzen egin behar zena. Gozatu eta kito.

Iseo & Dodosounden kontzertua ‘Blossom’ diskoa kaleratu bezperatan iritsi zen. Compay Segundoren ‘Chan-Chan’ edota ‘Arigato’ bezalako abestiekin dantza giroa itzela izan zen. Hamar mila lagun, elkar hartuta, nafarrekin gozatzen. ‘Aitormena’ ere jo zuen bisean.

Amaierako traka

Hortik aurrerakoa, jakina zen zer izango zen. ZETAken zain zegoen jenderik gehiena eta Pello Reparaz arbizuarra buru duen taldeak sekulako showa eskaini zuen. Abestien artean entzun zen, besteak beste, Bomba Stereo taldearekin batera sortu duen kantu berria, «laster ofizialki aurkeztuko dena».

‘Hitzeman’ kantua jo aurretik elkar besarkatu eta elkarri maite zaitut esateko eskatu zuen Reparazek, une hunkigarria sortuz. Bukaera aldera jendartean tokia eskatu eta Bizkaia Arenako erdian kokatu zen abeslaria eta bertakoei zuzendu zen: «Hasiberriak gara honetan, lehenengoz antolatu dugu festa eta badakigu hainbat eragozpen egon direla sarrerako ilaretan eta baita jan-edanak eskatzekoan ere. Barkatu eragozpenak eta hurrengorik bada ikasi dugu honetatik ere». Atzetik etorri zen jaialdiari izena ematen dion ‘Zeinen ederra izango den’.

Bukatzeko ‘Itzulera’ Herri Urratseko 2022ko kanta eta Akelarretan. Pozarren erretiratu ziren ZETAK taldekoak ZOOkoei erreleboa emanda, haiek jarri zioten ginda jaialdiari. Zeinen Ederra Izango Den Festibala, ederra izan dena, geratzeko dator.