Dantza, alaitasuna eta aldarrikapena ZEID Festen

Goizeko 9.45 ingururako jende ugari bertaratu da Barakaldoko BECera, ZEID Fest jaialdiaren bigarren edizioaz gozatu asmoz. Hasiera-hasieratik festa giroa izan da nagusi, ateak ireki orduko Jaizkibel konpainiak txilibitu eta danborrez girotu baitu Bizkaia Arena ingurua, hamalau orduko festarako.

La Furiaren emanaldia.
La Furiaren emanaldia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Larunbat honetako 10.15erako BEC atarian ziren Jaizkibel konpainiakoak danborrak, txilibitoak eta bandera eskuan eta zapi koloretsu eta txapel gorriak soinean zituztela, Titibiliti Hondarribiko Alardeko doinuak joz, jendea pixkanaka sartzen ari zen bitartean.

Jaialdiaren irekiera ekitaldiko zinta mozketaz arduratu dira Jaizkibel Konpainia parekidekoak. «Halako ekimenak politak dira eta ikusgarritasuna ematen digute, jakina, baina benetan nahi duguna gure herrian eta lasai aritzea da», esan digu Ane Garcia konpainiako kideak. «Une garrantzitsu batean» daudela nabarmendu du, eta jaiaz nahi duten moduan disfrutatu ahal izango duten eguna ere «gertu» dagoela gaineratu du Garciak, 2023ko udal hauteskundeen ostean zer gertatu daitekeenaren ikuskizun.

Ortuellako familia bat izan da eremura sartzen lehena. Etxeko txikia besoetan zutela Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikusteko gogoz ziren, baina, txikienak bere uneaz gozatu eta gero, beren txanda iritsiko zela ere kontatu digute, jaialdiaz gozatzeko asmotan iritsi baitira BECera.

Errepikatzaile ugarirekin egin dugu topo segidan. Tolosaldeako neska gazte koadrila bat euskal musikaz disfrutatu asmoz sartu da. Atzetik, Iruñeko familia bat, iazko esperientzia ederraren ostean festaz hasi eta buka gozatu asmoz. Don Patricio, Zetak eta Esne Beltzaren kontzertuak zituzten buruan. Gazte Bilbotar batek ere halatsu esan digu, «hasi eta buka topera» gozatu asmoz iritsi dela ZEIDera. Dantzarako gogoz zen, Don Patricio eta La M.O.D.A.ren musikak horretarako bide ematen duela esanaz.

Elektropottotteren harrera

Bizkaia Arenako sarrera nagusiko eskailerak jaitsi eta bertan aurkitu dugu Elektropottotte elektro-txaranga festa abiatzeko prest. Baina gonbidatu bereziak zituzten berekin aritzeko: Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Haien kantuak jo dituzte eta bertaratu direnak giro apartarekin egin dute topo, abestuz, dantzatuz eta salto eginaz denak, ume eta heldu. Batasun irudi ederra utzi du momentuak. Basque Wine oholtzarako bidea denek elkarrekin egin dute. Haurrak lurrean eserita jarri dira lehen lerroan eta pailazoak adin guztiengana zuzendu dira oholtzatik. Publikoa bero izan dute.

Bien bitartean, jendea pista nagusira sartzen hasi da eta zoriontasuna nabaria zen haien aurpegietan. 12.02an, argiak itzali eta Zetaken emanaldia hasi dena bat izan da. Dantzariak irten dira lehendabizi, halako ahots distorsionatu bat eta baxua entzuten zen bitartean. Performatibo ekin dio saioari Zetak taldeak. Estetika berritua ere aurkeztu dute, zuririk ez heuren arropetan lehen konpasetan zehar. Mashup moduko bat egin dute, Berri Txarrak taldearen ‘Biziraun’ eta beren ‘Zoriontasuna’ abestiak nahastu dituzte, Patricia lagun zutela.

Hasiera indartsu bati jarraipena eman diote ‘Hitzeman’ eta ‘Hegan’ kantuekin, gero harmailetako hegaletako batean ‘Pater Noster’ abestuz agertzeko, gurutzea atzean zuela Pello Reparazek. Publikoari esker hitzak luzatzeko baliatu du lehen etea eta esperimentatzera etorri direla esan du Arbizuko kantariak.

Bizkaia Arena, leporaino. Irudian, Nogen taldearen kontzertua. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Eta hala izan da, katalanez abesten hasi baita jarraian. Cover bat ote? Abesti berriren bat? Segidan Caravan Palace edota Anita Parker bezalako proiektuak ekarri dizkigute gogora burlesque estiloko kantu elektroniko instrumenal batekin eta Pello baterian zela. Bukatu orduko sinteetara pasa da eta orain arte entzun gabe genuekan beste abesti batekin jarraitu dute, gainera, Leire Colomok orain arte Gorka Pastorrek jotzen zuen teremina ere hartu du esku artean.

Triki hotsak, (Gose taldearen sampler bat ote zen?) entzun dira eta lauak oholtzaren erdian zuten tranpaldo batean jarri dira halako mashup bat egiten berriz ere. Trikiaz gainera, tronpetak eta ‘Itzulera’ kantuaren zati bat ere entzun da jendearen gozagarri, baita Pink Floyd taldearen ‘The Wall’ ere. Bikaina.

Dagoeneko jendez mukuru zegoen pistan, abesti berri bat zirudiena abestu dute geroago. Irailaren 7ari egiten zion erreferentzia, ikusiko dugu ea zertan bukatzen duen kontuak. Azken leherketa txiki bat eta festari azken ginda jarri diote. Errepidean abestu eta jendarteko tranpaldo batetara jaitsi da Pello Reparaz akelarreko sua izateko, tronboia lagun, ‘Akelarretan joz’.

Iazko akatsak gogoan, berriz barkamena eskatu eta lantalde osoari eskerrak emanaz bukatu du saioa Zetak taldeak. Erropa aldaketa eta azkena, «Hemen ez dugu inolako erasorik onartuko!» oihukatu ostean. Datorren astean, Elorrioko Gazte Topagunean izango direla gogorarazi du eta Arbizun, maiatzaren 28an, berarentzat berezia izango den emanaldia dutela aurreratu. 

Kukai dantza-taldekoak igo eta ‘Itzulera’ kantuarekin lurrikara izan da Bizkaia Arenan; «E, o, a, e, e, o, a», hiru bokal eta milaka eztarri elkarrekin pozik abestuz.

Trabestiak festan

Zetak taldekoak desagertu orduko, euskal trabestiak pistan agertu dira halako performance labur bat egiten, Samanta Hudsonek oholtza hartu duen arte. Hudsonek Bizkaia Arena dantzaleku moduan mantendu du ordubetez. Tartean, espainiar ereserkiaren gainean trans komunitatearen aldeko mezuak bota ditu eta Estatu espainolari kritika egin ere bai. 

Bitartean, Eñaut Elorrietaren txanda izan da Basque Wine oholtzan. ‘Fantasia’ diskoko abestiak aurkeztuz aritu da gernikarra, baina baita lehenagokoak ere, tartean Ken Zazpirenak ‘Itsasoa gara’ abestiarekin publikoa abestuz jarri da, momentu hunkigarri eta polit bat sortuz.

Lehen balorazio bikaina.

Bi ordu eta erdi pasa osteko balorazioa egiteko eskatu diogu Julen Hernandez ZEID Festeko komunikazio arduradunari. «Oso uholde polita izan da lehen ordutik bizi izan duguna. Ateak ireki aurretik oso polita izan delako BECeko atetik ZEID Festeko ateraino Jaizkibel konpainiak egin duen desfilea». 

Tantaka joan da betetzen Bizkaia Arena eta une batez kezka txikiren bat ere izan da Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta Elektropottote elkartu diren unean: «ZEID Fest sorpresaz beteta egoten da eta pailazoak jendearengana hurbildu direnean jende pilaketa arriskua ikusten genuen, baina ez da ezer pasa eta oso ederra izan da familiak, koadrilak, gazteak, haurrak eta helduak elkarrekin abesten ikustea. Oso eskertuta gaude dagoen giro sano eta ederrarekin».

Publikoa gozatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Goizeko 10.30erako esan genion jendeari etortzeko, iazko esperientziatik hori ere ikasi genuelako, eta horrela izan da eta eskerrak. Ateak iaz baino lehenago ireki ditugu, baina jende guztia ez da ordurako etorri eta batzuk zertxobait itxaron behar izan dute Zetak taldearen emanaldiaren hasierarako. Pare bat kantu-edo. Lehen abestietan pistaren bi heren edo zeuden beteta, baina bukatzerako dena bete da. Zenbakiekin ez naiz oso ona, baina pistan 9.000 lagun kabitzen dira eta esango nuke hainbeste izango zirela Bizkaia Arenan», esan digu Hernandezek.

Mugarri bat ote den galdetuta, «mugarria esatea gehitxo da. Iazkoa saiakera bat izan zen eta asko ikasi genuen aurtengoa hobeto antolatzeko. Saiatu gara hobekuntza horiek egiten eta albisterik onena izango da goizaldeko 2.00etan dena ondo irten dela ospatuz besarkada bat eman dugula denok elkarrekin». 

Dantzarako arratsaldea

‘Dermo-Dermo’, ‘Nor-nori-nork’ eta ‘Pakia beyau’ hiruko ederra eskainita, Bizkaia Arena hankaz gora jarri du Gozategi taldeak. Bazkalordurik ez askorentzat, agidanez. «Sekulan ere fandango eta arin arinik dantzatu al duzue jaialdi batean?», galdegin die bertaratuei Iñigo Goikoetxea urdiaindarrak. ‘Alboka, rocka, joka’ kantua izan da horietako bat, azkenaldian beste modu batetara gehiago entzungo zuen akaso jendeak Etxepekoen eskutik. Denak eskutik hartu eta kalejira dantzatzeko eskatu die zaleei Goikoetxeak: «Kate bakar batean Euskal Herri osoa elkar hartuta ikustea oso ederra litzateke!». Bada, lortu dute.

Mirua taldekoak ziren ondoko oholtzan eta tropikaleo pixka bat ere ekarri dute, oraindik izendatu gabe dute abesti berria joz. Bukatu orduko erreleboa hartu diete Elektropottottekoek eta erabat asmatu dute kantuen aukeraketan. Ginebras taldeak Rosalíari egindako ‘Con altura’ abestiaren coverra, Broken Brothers eta Ibil Bedik elkarrekin egindako ‘Orain bat gara’ eta ‘Lokaleko leihotik’ aski ezaguna jota, denak dantzan eta abesten jarri dituzten Olaia Inziarteri erreleboa eman aurretik.

Batzuk bertan geratu dira eta beste batzuk Doctor Deseo ikustera joan. Publikoa zatitu da, baina bi eremuak jendetsu ikusi dira. Bilbotarrekin goxotasuna eta berotasuna izan da nagusi Bizkaia Arenan. Horren adibide ‘Abrázame’ jo duten momentua edota ‘Corazón de tango’ klasikoarekin goia jo dutenekoa.

Vicco 17-25ean agertu da, mikroa eskuan, laranjaz jantzita, eta uholde batek hartu du Basque Wine oholtzaren azpia. Abesti berri bat aurkeztu du eskaini dituen hiruen artean, argitaratu gabe dagoena. Baina unerik gorena «Noche ochentera» esan eta denak oihuka kantari jarri dituenekoa izan da. Lau dantzarik lagunduta aurkeztu du udaberrian asko jotzen ari den abestia.

18.10ean Don Patricio, askorentzat eguneko platera nagusia, baina Skabideanekoek ere publkoan lagun mordoxka batu dituzte. Bi estilo gertuko bezain desberdin. Gertuko, tropikoetatik hurbil dauden estiloak jorratzen dituztelako batzuk zein besteek. Dantzan aritu da jende guztia, bai oholtza batean zein bestean ere.

Kerobia taldearen kontzertua. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Nøgen, La Furia eta Kerobia izan dira segidan guztien gozagarri, Zahararen Raveak eta Hemendik At! taldeari egindako omenaldia iritsi aurretik. Omenaldia izan da, haien kantuen remixak eta Jon Maiak errezitatutako testu bat oinarri. Ez dadila Hemendik at! zuzenean ikusi gabe denbora askorik pasa, mesedez.

Festak aurrera jarraitzen du BECen, zeinen ederra izan den.