NAIZ

Bilboko Konpartsak: «Horrelako Aste Nagusia ezinezkoa litzateke auzolanik gabe»

Bederatzi egun, 600 ekintzatik gora eta milaka pertsona. Bilboko Konpartsak federazioak positiboki baloratu du Aste Nagusian izandako parte hartzea. Gertatutako eraso arrazistak, sexistak, eta LGTBIQ+fobikoak salatu ditu, baita Udaltzaingoaren jarrera ere.

Aste Nagusian izandako parte hartzea goraipatu dute Bilboko konpartsek.
Aste Nagusian izandako parte hartzea goraipatu dute Bilboko konpartsek. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Marijaia Arriagako balkoian agertu zenetik era guztietako ekintzez gozatzeko aukera izan da Bilboko Aste Nagusian: haurrentzako tailerrak, kontzertuak, azokak, kirol ekimenak itsasadarrean eta Areatzan… Bilboko Konpartsak federazioak ohar baten bitartez nabarmendu duenez, horrelako Aste Nagusia «ezinezkoa litzateke auzolanik eta lan boluntariorik gabeko Bilbo batean».

«Balioan jarri nahi dugu Aste Nagusian egon den giro aparta. Guztion artean eraikitzen ditugun jaiak elkarrekin gozatzea dugu helburu, kaleak dantzaz, barrez eta musikaz betez. Horretarako ezinbesteko izan ditugu Olatz Agirre, txupinera, eta Francis Diaz, pregoilaria. Egunero-egunero, euripean zein izerditan, Aste Nagusiaren taupada izan dira. Bihotzez eskertzen dizuegu zuen umorea, prestutasuna eta Aste Nagusia are nagusiago egiteko egin duzuen guztia», adierazi dute konpartsek.

Bandera Urdina Gastronomikoari, Marroia Udaltzaingoari

Antolatutako ekintzek izandako parte hartzea positiboki baloratu dute konpartsek. Eguraldiak lagundu ez duen arren, Areatza jendez lepo egon da egunez zein gauez. Lehiaketa Gastronomikoa da ardatzetako bat Aste Nagusiko egunetan zehar. Aurten, aldaketak egin dituzte antolakuntzan eta egun kopuruan, eta emaitza «primerakoa» izan dela azpimarratu dute. Izan ere, konpartsek Lehiaketa Gastronomikoaren lantaldea saritu du Bandera Urdinarekin.

Bandera urdinak Aste Nagusiaren alde egindako lana saritzen duen moduan, bandera marroiak oztopatzen dutenei ematen die Bilboko Konpartsak federazioak, eta aurten, Bilboko Udaltzaingoari eman diote: «Bandera hori emateko arrazoiak bat baino gehiago izan dira: Jaigunera sartu eta bertatik irteteko trabak jarri dizkigute konpartsakide eta langileei, kale saltzaileak jazarri dituzte, eta oro har, eman diguten laguntza eskasa izan dela baloratu dugu. Salatu nahi dugu, kale gorrian bizi diren Gas plazan lo egiten ari ziren pertsonak bertatik bota eta Arriagara bidali zituztela, inolako azalpenik gabe».

Erasoen aurkako erantzuna

Konpartsek Aste Nagusian zehar egondako intentsitate anitzetako eraso arrazistak, sexistak, eta LGTBIQ+fobikoak gogor salatu dituzte. Ostegunean, 21ean, berriro aktibatu behar izan zuten protokoloa, hain zuzen ere, aurreko gauean egondako eraso LGTBIQ+fobiko oso larri baten ostean. Horren ondorioz giza kate eta kontzentrazio oso jendetsua deitu zuen Jai Batzorde Mistoak.

«Oso baliagarria zaigu erasoen aurkako protokoloa abian jartzeko egiten dugun elkarlana. Eskerrik asko hurbildu zineten guztiei, eta erasotzaileek entzun dezatela aurrean gaituztela, erasotuak ondoan gaituen gisara», adierazi dute Konpartsek.

Aurtengo edizioa elkartasunez blaitutakoa izan dela nabarmendu du Bilboko Konpartsak federazioak, izan ere, Palestinaren aldeko ikurrak, hainbat kontzentrazio, manifestazioa eta mosaikoa egin dituzte astean zehar «herri horren sufrimendua ahazten ez dugun seinale». Horrez gain, ikurrinaren omenaldia baliatu zuten harreran lan egiten duten eragile anti-arrazisten aldeko ekitaldia egiteko, «Euskal Herri anitza eta solidarioa elkarrekin eraikitzen jarraituz».