Iñaki Petxarroman
beria 2014/10/23
HEMEROTEKA

Hamar metro

«Diskriminazio positiboz» jokatu du Jaurlaritzak BERRIArekin, eta, eskerrak, auskalo zenbat jaitsiko zion bestela diru laguntza. Izan ere, egunkari nazionalak aurrekontua 500.000 euro gutxituta, Jaurlaritzak ez dio laguntza neurri berean apaldu. Horixe argudiatu du HPSk.

Autofinantzaketa handia du BERRIAk, bere aurrekontu osoaren %17 «orain gutxiago, jakina» baitira erakundeen laguntzak. Baina irismen makala omen du. 715.000 irakurle euskaldun potentzialetatik 60.000rengana baino ez da iristen, egunero. Ez da kontuan hartzen Hegoaldean herritarren erdiak ez direla prentsa idatziaren irakurleak, CIESen arabera. Ez da kontuan hartzen 715.000 horietatik dezente gutxiago direla gai, tamalez, euskaraz normaltasunez irakurtzeko.

Tokikoak saritu dituzte. Merezi zuten. Baina Elhuyarrek, Hamaikak eta BERRIAk ez zuten halako zigorrik behar. Euskarazko hedabideek, zoritxarrez, ez dute gihar nahikorik erdarazkoekin lehiatzeko, eta babes publikoa lortzeko bide bakarra ez da diru laguntza zuzena. Esaterako, publizitate instituzionalaren %2 bakarrik eskuratzen dute; %98, erdarazkoek.

Euskal Y-aren hamar metro egitea kostatzen dena (300.000 euro) nahikoa litzateke Elhuyar, BERRIA eta Hamaika Telebistari iazko diru bera emateko. 300 metroren kostuarekin (9 milioi), hedabideen diru laguntzaren poltsa osoa bikoitz liteke. Eta hori ere bada irismena. Alegia, erakundeek nora nahi duten diru publikoa iristea eta nora ez; estrategikoa zer den, eta zer hutsala.