Naiz.info
Donostia

«Emergentzia plana» osatzea proposatuko dio Garitanok Urkulluri arratsaldeko bilkuran

Gaur egungo eredua «goitik behera aldatu» behar dela iritzi dio Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Iñigo Urkulluk deitutako bilerara «proposamen zehatzarekin» joango dela aurreratu du. Instituzio, alderdi eta eragileekin batera «emergentzia plana» osatzea eskatuko dio.

Urkullu eta Garitano, pasa den urtarrilean Ajuria Enean izandako bileran. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Urkullu eta Garitano, pasa den urtarrilean Ajuria Enean izandako bileran. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Martin Garitano arratsaldean bilduko da Ajuria Enean Iñigo Urkullu lehendakariarekin. Lakuako liderrak berak deitutako bilera izango da gaurkoa, Bizkaia eta Arabako ahaldun nagusiak eta Eudeleko ordezkariak ere bilduko dituena.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak aurreratu duenez, «proposamen zehatzarekin» joango da bilkurara. Bere aburuz, gaur egungo eredua «goitik behera aldatu behar da», eredu horrek berak «eraman baikaitu egungo zulora».

Egoera «larriaz» hitz egin du Garitanok eta irtenbide gisa, instituzio, alderdi eta eragileekin «emergentzia plana» osatzeko eskatuko dio Iñigo Urkulluri.

Plan horrek bi zutabe nagusi izango ditu, bere esanetan. Fiskalitatea, batetik, eta iruzur fiskalaren aurkako borroka, bestetik. Bide hori garatzeko une egokia izan daitekeela esan du, nahiz eta EAJri egotzi dion «oztopoak jartzen» aritzea.

GARAk gaur aurreratu duenez, ez du bilerako gai ordenean fiskalitateari buruzko atalik erantsi.